Partekatzea helburua eta saria denean
Eneko de Carlos, Axier Borrego eta Tino Piqueras, Ordiziako Altamira zelaian, 2025-2026 denboraldiko Fair Play sariarekin. M.A.
Hiru goierritar daude Genuine Ligako Realaren taldean: Axier Borrego, Eneko De Carlos eta Tino Piqueras. Lehiaz harago, partekatzea da liga horren helburu nagusia, eta kirolaz gozatzeko aukera ematea desgaitasun intelektuala duten pertsonei.
Futbola da beharbada oihartzunik eta zabalkunderik handiena duen kirola Euskal Herrian. Gizonezkoen 11ko futbola. Baina badaude futbol munduan ezezagunak diren taldeak eta ligak ere. Horietako bat izan daiteke Genuine Liga. Espainiako lehen eta bigarren mailetako klubek futbolak izan beharko lituzkeen baloreak sustatzeko dituzten taldeak biltzen dira hor. Real Sociedad Fundazioak ere badu bere taldea liga horretan, eta taldeko kide dira hiru goierritar.
Desgaitasun intelektuala duten kideek osatutako taldeek jokatzen dute Genuine Ligan. Ligaren leloa ‘Lehiatzea baino, partekatzea’ da. Realeko entrenatzailea Axier Borrego (Ordizia, 1990) da. Aizkorri Kirol Elkartean entrenatzaile aritu zen Borrego, Seguran. Han zegoen bitartean Realarekin proiektu batzuk zituen esku artean monitore gisa, eta 2021ean Genuineko taldearen entrenatzaile izatea proposatu zioten.
Harrezkero ari da lan horretan. Bere esanetan, «aukera eta baloreak transmititzen dituen liga bat» da Genuine. Pertsona horiei esperientzia berriak eskaintzea eta haien garapen pertsonalean laguntzea bilatzen dute: «Beste inon futbola praktikatzeko aukerarik ez dute, eta Genuinen ematen zaie aukera hori». Lehia alboratuta, beraz, baloreak zabaltzea da garrantzitsuena beraientzat: «Denok nahi dugu irabazi, txapelketa bat dagoenean denoi gustatzen zaigu, baina garrantzia ematen zaie baloreei: bizikidetzari, talde lanari eta elkartasunari. Kirolak transmititzen dituen onura guztiei, gaur egun zoritxarrez lehen mailan galtzen ari diren horiei guztiei».
Atzegi, zutabe
Integraziorako tresna bat ere bada. Desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako Atzegi elkartearekin aritzen dira elkarlanean. Proiektuaren «zutabe» da Atzegi: «Bestela talde hau ezingo litzateke sortu, handik etortzen dira jokalariak eta hango langileak etortzen dira gurekin entrenamenduetara eta partidetara, haiek direlako azkenean adituak, medikazioak edo beharrak ezagutzen dituztenak. Gu ikasten goaz, baina haiek dira adituak». Entrenatzailearekin batera, Atzegiko hiru teknikarik osatzen dute teknikarien taldea.
Harrobiko futbolean aritu izan da ordiziarra beti, eta bide horretatik ulertzen du kirola, oinarrian zabaldu beharko liratekeen onuretatik, alegia: «Garaipena beti garrantzitsua da, baina formazioan zentratuta, gero etorkizunean beste kategoria batzuetara iristen badira behintzat oinarri hori edukitzeko, tokatuko zaie lehiatzea».
Harrobiko taldeak entrenatzetik Genuine Ligako Reala entrenatzera. Trantsizioa «antzekoa» izan da zentzu horretan berarentzat, ondo pasatzean eta pertsonak zaintzean oinarritzen baitira: «Hemen ez gara jokalariak edo entrenatzaileak. Pertsonekin egiten dugu lan, gu ere pertsonak gara, pertsonak hezten ahalegintzen gara eta guk ere haiengandik ikasten dugu».
Lau txapelketa
50 klubek osatzen dute Genuine Liga, Espainiako Ligako lehen mailako guztiek eta bigarren mailako batzuek. Baldintza bat baita gorengo mailan egotea, Borregok azaldu duenez. Dena dela, maila galduta ere jokatzeko aukera ematen jarraitzen zaie klubei, liga horretatik kanpo jokalariek ez luketelako jokatzeko aukerarik izango. Klub horiek hiru ligatan daude banatuta: kiroltasunezkoa, errespetuzkoa eta laguntasunezkoa. Reala errespetuzko bigarren horretan dago.
Genuine Ligak ez du dirurik ematen, eta hori dela eta ez dute aukerarik astebururo jokatzeko: «Azkenean ez dugu dirua sortzen eta orduan ezin da izan astebururo. Jokalariek ere ez dute soldata bat, berdinagatik, ez baduzu sortzen beste guztia atzetik dator». Lau txapelketa jokatzen dituzte denboraldi bakoitzeko, toki ezberdinetan, klubek utzitako entrenamendu zelaietan.
Joan den denboraldian Realaren irteerak Tarragonara, Burgosera, Xixonera eta Madrilera izan dira. «Tarragona beti izaten da aurreneko irteera, Port Aventura delako babesleetako bat, eta Nastic eta La Ligaren bitartez sortutako proiektua delako». Lehen irteera azaroan izan ohi da, eta martxora eta ekainera bitartean beste hirurak, «lehen mailako mutilen atseden asteburuen arabera».
Mistoa da, baina emakume gutxi
Entrenamenduak, berriz, igande goizetan egiten ditu Realaren taldeak, Zubietan. Izan ere, astean zehar Atzegirekin kolaboratzen dute eta astelehen arratsaldeetan Atzegiren areto futboleko entrenamenduak izaten dituzte ekipoko kideek, bakoitzak dituen beste ekintza eta lanez gain. Areto futbolekoa, halere, Realaren beste entrenamendu bat balitz bezala hartzen dute, partaide guztiak berdinak direlako eta Borrego ere haiekin egoten delako.
Zubietako saioetan, lehen minutuetan «helburua izaten da psikomotrizitatea, koordinazioa eta lateralitatea lantzea». Gero, «egoera fisiko edo kondizional hori landu ondoren», ikuspegi tekniko-taktikora pasatzen dira, eta partida batekin bukatu ohi dute entrenamendu saioa.
Talde mistoa da, baina egun hiru neska besterik ez daude taldean. Gehiago izatea nahiko lukete: «Gure nahia da gehiago izatea, baina kolektibo honetan kirola ez da oso garrantzitsua eta are gutxiago futbola. Orain arte gizartean futbola mutilentzako kirol gisa ikusia izan da eta kolektibo honetan oraindik gehiago ikusten da mutilentzat eta neskak ez dira animatzen. Esperantza da denboraldiz denboraldi gehiago izatea».
Realaren Genuine Ligako taldea ekainaren amaieran Las Rozasen (Madril, Espainia), Fair Play saria ospatzen. G.L.
Denek jokatzen dute
30 kide dira Genuine Ligako Realaren taldean. Horietako bi dira Eneko De Carlos (Ordizia, 1994) eta Diamantino ‘Tino’ Piqueras (Beasain, 1982) goierritarrak. De Carlos erdilari aritzen da, ezkerrean, eta Piqueras atezain. «Txikitatik gustatu izan zaigu futbola, beti aritu gara», azaldu dute. 2017an jarri zuen martxan La Ligak Genuine Liga, eta ia sorreratik dabiltza taldean biak; Eneko 2018an hasi zen eta Tinok 8-9 urte daramatza taldean. Atzegiren bitartez sartu ziren.
Tinori «bizitza» ematen dio Realak eta futbolak: «Pozik jokatzen dut beti kamiseta honekin, eta animatu egiten nau horrek», azaldu du. Erreferenteez galdetuta, argi dauka: «Nire erreferenteak gurasoak eta anaia dira». Enekok ere harrotasunez jokatzen du Realaren taldean, eta partidetan ez ezik, entrenamenduetan ere gozatzen du: «Entrenamenduetan ere oso ondo pasatzen dut, denetara joaten naiz». Bere erreferentea, bat esatekotan, bere osaba izango litzateke futbol munduan, Agustin Elduaien lehen mailan atezain izandakoa.
Kapitainik ez dute. «Denok gara kapitainak», azaldu du entrenatzaileak. Besokoa partidaz partida aldatzen dute, besotik besora, pertsonatik pertsonara. «Denek eraman nahi izaten dute, baina denok garenez kapitain zelai barruan zein kanpoan, txandaka egiten dugu».
Denek jokatzen dute. Salbuespenik gabe. Txapelketa bakoitzera gehienez hamasei partaide joaten dira, lau teknikariekin. Horregatik, denek jokatu dezaten, lehen irteerara joaten direnak hirugarrenera joaten dira, eta bigarrenera joaten direnak laugarrenera. Halere, irabazi egin behar dute parte hartzeko aukera hori: «Jarrera txarren bat edo desegokiren bat eduki badu baten batek, bidaia hori galtzen du. Ez da zigor bat; gogoarekin eta asistentziarekin bidaiara joateko aukera irabazi behar dute».
Garaikurrik gabe ere pozik
2025/2026 denboraldia ekainean amaitu zuten. Bi sari daude denboraldi bakoitzeko. Batetik, liga bakoitzeko txapeldunarena. «Ez gaude oso alde horrekiko ze partekatzea da gehiago, lehiatzea baino. Baina ulertzen da protokolo batzuk daudela, instituzio bat dela eta sari banaketa egon behar dela argazkietarako eta babesletzetarako, bestela liga hau sostengaezina izango litzateke», azaldu du Borregok. Bestetik, Fair Play saria. Hori irabazi du Realak joan den denboraldian. «Baloreak hobekien defendatzen dituen taldearentzat da». Partida bakoitzeko 40 puntu daude jokoan, eta balore horiek ondo transmititzen dituztenek puntuak batzen dituzte: «Hiru falta baino gehiago egiten badituzu puntu bat kentzen dizute, txartel horiak 5 puntu, gorriak 10 puntu, entrenatzaileen kasuetan bikoitza eredu izan behar dugulako, afizioa gaizki esaka ere ari bada ere kentzen dute… kirolak dituen baloreak hartzen dira kontuan», zehaztu du ordiziarrak.
Baina saria bera, garaikurra, ez da garrantzitsua taldearentzat Borregok esandakoaren arabera. 2024/2025ean ere puntu gehien batu zituen taldea izan zen beste sei talderekin batera, eta desenpatean Malagak eraman zuen garaikurra. «Guk lortu genuen puntuazioa eta oso harro gaude eta garaile sentitzen gara. Eta aurten berdindu genuen Nastic-ekin eta desenpate horretan guretzat izan zen saria». Izango ez balitz ere, «oso pozik» egongo lirateke. «Edo ez?», galdegin die Piqueras eta De Carlosi entrenatzaileak: «Ba bai!», esan dute batera.
Familiak, zale handienak
Tinok utzi egingo duela esanez amaitu zuen denboraldia, baina azkenean jarraitu du. Gustuko tokian aldaparik ez. Taldeak ez du inoiz inor kanpoan uzten, bakoitzak erabakitzen du gustura dagoen eta jarraitu nahi duen edo ez. Tarteka kide berriak ere sartzen dira. «Bakoitzaren esku dago, bakoitzaren bizi proiektuagatik ezin duelako jarraitu, orduan haiek erabakitzen dute taldea uztea».
Irailaren erdialdean hasi zituzten entrenamenduak. 2026/2027 denboraldi honetan, Tarragonara doaz azaroan, Iruñera martxoan, Xixonera maiatzean eta Madrilera ekainean. Familiak ere joan ohi dira irteeretara, eta babes handia ematen diete taldeari. Are gehiago, ‘peña’ bat dute: «Peña Genuine du izena. Sekulako zortea daukagu ze guraso gehienak etortzen dira, asko animatzen digute eta askotan afizio gehien mugitzen duen taldea gara».
Helburu berarekin ekin diote denboraldi berriari: partekatzea, ez horrenbeste lehiatzea. Atzegiren lanaren bultzadaz, futbolaren bidez kirolaren onurak zabaltzen jarraituko dute, errespetua eta elkarbizitza sustatuz eta kolektiboko kideei garapen pertsonalean lagungarri zaien kirolerako sarbidea bermatuz. ■

