«Ez da erraza gazte homosexual batek bere esperientzia kontatzea. Ez da inolako traumarik daukadala ez eta gaiari inolako beldurrik diodala ere. Baina, zer kontatu dezaket interesa pizteko merezimendua izan dezakeenik? Armairutik ateratzea ene uste apalean arras gaizki izendaturiko fenomeno horretaz hitz egin nezake. Orduan 17 edo 18 urte nituen –ez naiz ondo oroitzen baina batxilergoko bigarren mailan nenbilen–. Harridura aurpegi asko ikusi nituen denbora gutxian eta nire galdera: «Hain arraroa al da ba?».
Zorionez nire alboan egon zen jende dezente zegoen; zorteduna ni, beste zenbaiten aldean. Nire buruarekin eta nire orientazioarekin inoiz ez nuen arazorik izan, gehiago esanik ere, ez zitzaidan gehiegi axola baina, 18 urte izan arte horretaz ezin hitz egin izateak zama handiegia izan zuela pentsatzen dut gaur, baina motxila hori kendu nuen arte ez nintzen konturatzen. Hortik aurrera mutilei buruz lasaitasun osoz hasi nintzen solasean, pentsamenduak ezkutuan gorde beharrik gabe.
Unibertsitatea etorri zen horren ostean, mundu berri bat nire aurrean. Jada ez zegoen institutuko beldur hura, «eta orain jendeak zer pentsatuko du hau jakiten dutenean?». Hasieratik izango bainintzan ireki eta aske, gustatzen zitzaionari ongietorria eman eta besteak ahantziz. Benetan esperientzia aberasgarria pentsatu daitekeen alde guztietatik.
Ondoriozta dezakedana eta edonori emango niokeen gomendioa botaz itxiko dut nire erretorika: orientazio sexualak ez du bakoitzak esleitzen diona baino garrantzia gehiagorik, ez diezaiogun bada eman halako garrantziarik. Hala ere, uler dezagun horrelakoak bizitzen dituen gaztetxoa (edo ez hain gaztetxoa) ez dela beste guztien maila berean jokatzen ari (zoritxarrez hala da) beraz, izan gaitezen gure hitzen jabe eta neurtu dezagun esaten duguna (eta esaten ez duguna) zenbait hitzekin min asko egin dezakegun neurri berean, beste batzuekin laguntza handia eman baitezakegu».