«Zakilarekin jaio zen emakumea, horixe izan zen nire ahizparen kasua.
Prozesua oso gogorra izan da, bakoitzak topatu duen errealitateari aurre egiteaz gain, gizartearekin borrokatu beharra duelako, eta esan beharra daukat gogorrena hori egin zaigula. Bera txikitatik izan da beste neska txiki bat gure artean, nahiz eta hasieran fisikoki ez azalarazi eta nerabezarora iritsi zenean gizarte honetan aipaturiko nesken jantziak janzten hasi zen, makillajea erabiltzen… Eta honek izugarrizko trabak jarri zizkion bere egunerokotasunean aurrera jarraitzeko orduan, azken finean ingurukoak berarekin sartzen zirelako, ez bakarrik sartu, baizik eta jipoitu, txistua bota, eta abar honek denak bere ibilbidea zama batekin egitea bideratu dio.
Bestalde, esan beharra daukat dena ez dela amaitzen itxuraz aldatzen zarenean, transgeneroa zarenaren etiketak jarraitu egiten baitu eta bizitza guztian zehar gainean baituzu, besteek ez zaituztelako beste neska edo mutil bat bezala ikusten. Honekin ere, ibilbideko motxilaren zama handitzen joaten da.
Ahizpa bezala sufrimendua latza da, ez da oso samurra beraren egoera eta horrek ekarri dituen ondorioak bizitzea, ulertzea eta onartzea oso garrantzitsua bilakatzen da, baina errespetatzea da ezinbestekoa dena. Txikitasunetik naturaltasun osoz hartu izan dut nik, eta pertsona bezala handitu naitekeela esan dezaket, honek denak erakutsi egiten baitizu: aniztasuna aberatsa dela, pertsonaren izatea bezalakorik ez dagoela eta hori atera egin behar dela, baina batez ere edozer gauzaren aurretik pertsonak garela».