Eiderrek, Alaznek eta Mirenek aho batez onartu dute kalean bakarrik eta ilunetan ibiltzeko beldur direla. Ez dute inolako zalantzarik egin. Beldur hori, baina, orokortutzat eman dute. Beraien kezka, ikara eta sosegu falta beste eremu batean dago, ordea.
Alaznek igerilekuan mutilek osatzen dituzten korridoreak ekarri ditu gogora, «erditik igaro behar zara eta gutxietsi egiten zaituzte eta ikaratu ere bai».
Nortzuk? Inguruko mutilek, erantzun dute. Eta bi hitz horiekin askatzen hasi da barruan daukaten korapiloa. «Txantxetan hasten dira, beste mutilen barrea eragin nahian-edo», dio Eiderrek. Txantxak gehiagora doaz, halere. Hori da behintzat hiru neska hauei bizitzea egokitu zaiena. Ez da beti gertatuko. Ez da toki guztietan gertatuko. Ez dute mutil guztiek egingo. Baina hiru neska horiei egokitu zaie, esate baterako, sanguitxa zer den jakitea eta nozitzea.
Zer da? Ikasgai bat amaitzear dela ikaskide batzuk sanguitxa egingo diotela ohartarazten diote neska bati. Behin irakaslea joan denean, korridorean paretaren kontra jarri eta hogei bat mutilen berrogei bat eskuek gorputza goitik behera ukitzen diote; hankartea barne. Eszenan parte hartzen ez duten mutilak zein neskak isilik daude begira, barrezka ere bai. Miren: «Modan egon da». Alazne: «Edozein neska hartzen zuten, batzuekin beste batzuekin baino gehiago egiten zuten».
Ikaskideak dira beraz. «Bortitzena orain bi urte izan zen», dio Mirenek. Alazne: «Gu orduan ez ginen ezer esatera ausartzen». Eider: «Halakoak egiten zituzten mutilak jaun eta jabeak ziren bitartean neskak urdanga hutsak ziren». Miren: «Okerrena da neskak ere joko horretan sartzen ginela». Une jakin batean jasangaitza egin zitzaien.
Espazio publikoan beldurra sentitzen dute. Ikara eta amorru gehiena euren ingurunean, egunerokoan, sortzen da.
Sanguitxei ez esan diete mutilen ahotsetik, lasai neska, ez da horrenbesterako entzun duten bitartean. Alazne: «Klik bat egiten duzu, jabetzen zara gertatzen ari zaizun hori ez dagoela ongi, kontzienteago zaren eran aldatu egiten zara».
Jazarpena eta kontrola hor daude oraindik ere eta, ondorioz, konfiantzan oinarritutako harremanak eraikitzea oso zaila egiten zaie. Eider: «Banan-banan beste zerbait dira, egiten dutena hurkoari begira egiten dute eta daukaten boteretxoa taldean daukate». Miren: «Bestela taldetik bota ditzakete». Mutil taldeetan sekulako presioa dagoela diote, elkarri eragiten dioten presioa da. Eider: «Norbera izateko beldur dira». Alazne: «Halako jarrerak burutik ez pasatzea lortu beharko litzateke, baina etxean nahiz komunikabideetan ikusten duten asko eta asko errepikatzen dute. Nola aldatuko da bada?».
Berdintasunaren gaia lantzen dutenean helduek laguntza eskatzea edo salatzea gomendatzen diete. Hirurak: «Ez digute esaten gure burua nola defendatu, kontuz ibiltzeko baizik, eta gero ez dakigu eguneroko bizitzan nola jokatu». Esateko daukatena inork entzun nahi ez duela sentitzen dute. Teknologia berriek ez dute inondik ere laguntzen, kontrola, presioa eta jazarpena areagotzen dutela diote.
Positiboan? Neskak ahaldundu egin dira talde gisa eta elkartasun lotura sendoagoak eraikitzen ari dira. Gero eta gutxiago kikiltzen dira eta ez dituzte eskoteak baztertu. Berdintasuna? 15 urte dituzte eta, diotenez, «okerrera goaz, guk ez dugu berdintasunean oinarritutako gizarterik ezagutuko».