Miren G., Ixabel, Miren M. eta Elena. Guztia bekatua zen garaian hazi, hezi eta ezkondu ziren. Oro har, ez zituzten anaiek izandako aukera berberak izan. Lan egiten zuenak lana utzi zuen ezkontzeko. Zorte onekotzat dituzte euren buruak gizon jatorrekin ezkondu zirelako. Emanda etorri zitzaien bizimodua onartu zuten eta aho batez diotenez, «egungo neskek baino bizitza lasaiagoa izan dugu».
Kalean bakarrik eta ilunean joateko beldur izan dira beraiek ere. Ñabardura nerabetzaroa eta gaztaroa bizi izan zuten garaiak berak ezartzen du. Hain zuzen, orduko etxeratzeko orduen zurrunak eta neska bat bakarrik ibiltzeko zituen mugak, besteak beste.
Gizonezkoekin harremanak izateko gunea plazako dantzaldia zen. Neskak bikoteak osatu eta dantzan hasten ziren, bi mutil gerturatu eta dantzan eskatzen zieten; hirugarren neska bat balego paretan bermatzen zen mutil bat etorri arte. Elena: «Ezezkoa ematen bazenien errespetuz hartzen zuten, nahiz eta beti agertu zitekeen astunagoa zen mutilen bat». Garizuman ez zegoen dantzaldirik eta zinera joaten ziren. Film batzuek, hala ere, betoa jarrita zuten eta gizonezkoak baino ez ziren joan, esate baterako, Gilda (Charles Vidor, 1946) ikustera. Miren G.: «Gero kuadrillakoek kontatu egiten ziguten».
Miren M. 14 urterekin hasi zen bere senarra izango zenarekin. Hasi zirenean lagunekin irteteari uzteko eskatu zion senargaiak eta Mirenek natural hartu zuen. Lehenengo musua zerbitzu militarra egitera joan aurretik eman zion, «zoriontsuak izan ginen, ez genuen besterik».
Elenak dioenez, «gure auzoetan indarkeria kasuak zeudela jakin bagenekien. Umetan etxe guztietan sartzen ginen eta dena ikusi ere. Inork ez zuen ezer esaten. Etxe barruko kontuak zirela esaten zen».
Emakume bezala kanpotik emandako rola jokatu dute. Muga guztien gainetik errespetu gehiago zegoela diote.
Nor bere gorputzarekin zuen harremana ere oso bestelakoa zela diote. Elena: «Ez genekien zer geneukan non ezta beste aukera sexualak zeudenik ere; beldurrez beteta geunden». Zer esanik ez antisorgailuei buruz.
Mundua oso azkar aldatu da euren begien aurrean eta «gure gurasoek egin ez zuten bezala, guretzat garrantzitsua izan da gure alabek ikastea», jarraitu du Elenak. Nolanahi ere, Miren G.k gehitu du: «Dena asko ireki da eta ez dakit ez ote dugun atzera egin gauza askotan. Lehengo gizartea matxistagoa zela diote, baina nik zalantza egiten dut». Miren M.: «Gizonezkoak beti izan dira matxistak eta beti izango dira».
Miren M. 22 urterekin ezkondu zen eta zortzi seme-alaba izan zituen. Orain 22 urteko gazteak ikusita galdu duen guztia gogora etortzen zaio, baina oraingoa nahasmena dela dio. Azpimarra egin diote etxearen gidaritzari, «gure eskuetan zegoen», dio Ixabelek.
Egungo garaia ilun ikusten dute. Gizonezkoen jarreran ez dute garai bateko errespeturik ikusten. Emakumezkoen jarrerak harritu egiten ditu, irekiegia da euren iritziko. Berdintasunean ez dute sinesten, ez dute espero inoiz gauzatuko denik. Aurrerapausoak ukatu gabe, gauzek okerrera egin dutela diote.