Josetxo Zufiaurrek (Beasain, 1935) harreman estua izan zuen Joxe Migel Barandiaranekin. Hil bezperan ere, 1991ko abenduaren 20ko arratsaldea berarekin pasatu zuen. Hurrengo eguneko 05:15ean jaso zuen «On Joxe Migel» hil zen berria.
Noiz eta nola ezagutu zenuen Joxe Migel Barandiaran?
Aitarekin asko joaten ginen mendira, eta Aralarko planoa osatu nahian hasi nintzen. Mendi tontorren izenaz gain, saroien, iturrien, artzainak nongoak ziren informazioa ere jarri nahi nuen. Dolmenak non dauden kokatzeko, Joxe Mielengana joan nintzen galdezka. 1974. urtea izango zen. Orduan esan zidan pilotalekuen berri ere jasotzeko, eta planoa bukatutakoan berari erakusteko. Erakutsi nion, eta ondo zegoela esan zidan. Plano hura argitaratu egin behar nuela esan zidan. Nik ezetz esan nion, niretzako egin nuela.
Barandiaranen lehenengo irakasgaia orduan jaso zenuen.
Hori ezin nuela egin esan zidan, herriarengandik jasotako informazioa landuta berriro ere herriari itzuli egin behar zitzaiola. Horrela, Eusko-Folklore urtekarian argitaratu genuen Aralarko plano osoa. Lehenengo hartu-eman hartatik, larunbat arratsaldero Ataungo bere etxera joaten nintzen. Berak sortutako Etniker taldean sartu nahi nuen ere galdetu zidan. Bere etnografiarako galdekizuna eman zidan, 800 galderaz osatua. Poliki-poliki horrekin lanean hasteko proposatu zidan. Hasi nintzen, eta 20 urte pasatu nituen Beasaingo hainbat baserritan galdeketak egiten.
Emandako lezioa ondo bete duzu.
Lezio ona izan zen hura. Ahalegina egiten dut betetzen. 16 liburutan eta 60 bat artikulutan gordeta dago nik jakin dudana.
Nolakoa zen Barandiaran?
Oso umila zen, pertsonekiko izugarrizko errespetua zuen. Nik beti esan dut Joxemielek bi jakinduria zeuzkala. Bat, berak zekiena, berak bere bizitzan ikasitako jakinduria. Eta bestea, jakinduria hura besteei transmititzeko zuen gaitasuna. On Joxemiel gai zen edozein gai azaltzeko, edozein kultura tamainako pertsonei. Hainbesterainokoa izan eta hain umila nola izan zitekeen…
Aurrerakoia ere bazen.
Oso, mundu honetako aurreratuenetakoa, ikaragarria zen. Lagunak ere halakoak eduki zituen: Telesforo Aranzadi, Enrique Eguren… Bere kasa ikasi zituen ingelesa eta alemaniera ere. Alemaniako aldizkari bat jasotzen zuen. Han ikusi zuen nola egiten zen galena irratia.
Euskal antropologiaren aita izan zen.
On Joxemielik gabe gaur egun ez genuen jakingo euskaldunok zer izan ginen. Euskal antropologiaren aita izateaz gain, munduko antropologorik onena ere bazen. Salamancako Unibertsitateko errektoreak horrela zioen. Antropologiako katedra jarri zutenean, 1952an, katedrako lehenengo bi klase magistralak munduko antropologorik onenak ematea nahi zuela esan zion ministroak erretoreari. Errektoreak esan omen zion: «Munduko antropologorik onena Espainian dago, baina ezin ekarriko dugu, Frantzian dago-eta ihes eginda. Joxemiel Barandiaran apaiza da». Joan, hitz egin eta Salamancara ekartzeko agindu zion ministroak errektoreari.
Lortu al zuen Barandiaranek Salamancara joatea?
Errektorea Sarara joan zen, eta On Joxemieli esan zion ministroak zer nahi zuen. Bera gustura joango litzatekeela, baina Guardia Zibilak bere fitxa zeukala eta ezingo zela joan esan zion. Fitxarekin ez kezkatzeko erantzun zion errektoreak, bera arduratuko zela. Hala, fitxa kendu eta Salamancara joan zen. Lehenengo klaseak berak eman zituen, munduko antropologo onena bezala.