Azkar erantzun du Jose Mari Lezanak, Foru aldundiko Familia Harrera eta Adopzio ataleko buruak, harrera familiei buruz hitz egiteko gonbiteari. Gipuzkoan, haurrak jasotzeko prest egon daitezkeen familien bila dabiltza etengabe.
Noiztik lantzen da familia harreraren gaia aldundian?
Duela 30 urte edo;?atala berriagoa da. Halere, oraindik ezjakintasuna dago.
Zer da harrera familia?
Bere etxeko atea irekitzen duen familia da, diputazioaren babespean dagoen umea hartzeko eta atenditzeko.
Umea zergatik egoten da diputazioaren babespean?
Beti babes gabezia dago atzetik. Umea bere gurasoengandik bereizi dugu egoera zaila delako, bere beharrak beteta ez daudelako (arduragabekeria, tratu txarrak…).
Zenbat haur daude horrela?
Diputazioaren babespean 600dik gora daude;?harrera familietan 360. Besteak egoitzatan edo harrera egoitzatan daude, 320 gutxi gora behera.
Zer eskaintzen die familia horiek umeei?
Inguru bat maitasuna emateko, arreta on bat emateko, ume horien beharrak ondo betetzeko, beren garapena hobetzeko. Foru aldunditik laguntza teknikoa eta ekonomikoa ematen diegu, gure ardura delako umeekin egiten duten lana gainbegiratzea eta laguntzea zeregin horretan.
Nolako familiak behar dira?
Oso familia desberdinak behar ditugu, umeak ere oso desberdinak ditugulako:?bikote heterosexual edo homosexualak, pertsona bakarrak, jende gaztea, jende helduagoa… Umeen adinak eta egoerak ere oso desberdinak dira. Ume batentzat familia bat egokia izan daiteke, eta beste batentzat ez.
Familia batek nahi badu, zer egin behar du?
Informazioa eskatzeko, 943 11 52 22 telefonora deitu edo familiaharrera@gipuzkoa.eus helbide elektronikora mezua idatzi. Webguneetan ere badago informazioa:?benetakobesarkadak.eus eta gizartepolitika.eus. Aurrera egitea erabakitzen bada, formazio saioak egiten ditugu hilero, espektatibak, beldurrak, zailtasunak… azaltzeko. Hortik aurrera, izena eman eta balorazio prozesua hasten da: elkarrizketa batzuk egiten dira banan-banan, familiaren etxea bisitatzen da, test batzuk egiten dira… Balorazioa gaindituta, teknikariek familia horrentzat egokia izan daite-keen umea proposatuko dute. Parekatzea ahalik eta egokiena egiten da, harrera prozesuak aurrera egingo duela ziurtatzeko. Itxaroten den bitartean, formazio gehiago jaso behar da. Familia batentzako ume aproposa ikusten bada, elkar ezagutza dator eta, gauzak ondo badoaz, harrera finkatzen da.
Familiak zein konpromiso hartzen ditu ume horrekiko?
Beren seme-alaba bat bezala zaindu behar dute. Tutoretza eta ardura nagusia diputazioak mantentzen badu ere, eguneroko gauzetan familiaren ardura da. Baina umeak harremanak edukiko ditu jatorrizko familiarekin eta bisitak gauzatzeko prest egon behar da.
Diputaziotik zer nolako laguntza ematen duzue?
Jarraipena egiten da. Familia eta ume bakoitzak profesional bat du atzetik, bisitak egiten dituena eta zailtasunak sortzen badira laguntzeko; berehalako erantzuna ematen du.
Familiak etengabe behar dira.
Jendea beti beharko dugu;?orain behar ditugun familiak lortzen baditugu ere, beti izango dira familia behar duten umeak. Guk animatzen dugu, eta baita une honetan harrera egiten ari diren familiek ere, zailtasun batzuk izan arren, balantzea beti positiboa delako.
Hiru harrera mota
Gipuzkoan hiru harrera mota egin ditzakete familiek foru aldundiaren babespean dauden adingabekoak beren etxeetan jasotzeko.
Larrialdikoa. Momentu batetik bestera familia bat behar izaten da. Familia prest egon behar da harrera hori egiteko. Epe motzekoak dira, normalean hiru hilabetekoak, eta sei hilabetekoak gehienez. Harrera hori egiten da umearekin zein neurri hartu behar den (jatorrizko familiarekin itzuli, aldi baterako harrerara bideratu edo adopzioa) baloratzen den bitartean.
Aldi baterakoa. Bi urteko iraupena du harrerak gehienez. Kasu hauetan, umearen jatorrizko familiarekin esku hartze bat egiten ari da profesional talde bat beraien arazoa konpontzeko, eta hori egiten den bitartean umea harrera familia batekin dago. Aldi baterako harrera familiek laguntza ematen die adingabeei familietatik kanpo egongo diren denboraldi horretan eta zaindu egiten dituzte, jatorrizko familiekin egoteko baliabideak emanez.
Iraunkorra. Iraupen mugagabea dauka, adingabeak 18 urte bete arte luza daiteke. Haurrak jatorrizko familiarekin ezingo duela bueltatu erabakitzen denean, haur horrekin denbora gehiagoz egoteko prest dagoen familia bilatzen da.
Informaziorako: 943 11 52 22 / familiaharrera@gipuzkoa.eus / benetakobesarkadak.eus / gizartepolitika.eu
Goierriko bi familiren testigantza irakurtzeko klikatu hemen.