Lierni Elortza – Iparra-Hegoaren sortzailea
Hogeita bost urte. Atzera begiratu eta sentipen kontrajarriak datoz. Berriaren ilusioa, ezin ulertuaren beldurra, festaren poza, lanaren neke-punttua. Ez zen edozein gonbidatutako taldea. Iparraldekoak ziren. Mugaz bestaldekoak. Ez genien hitzez hitz dena ulertzen. Aipatzen zuten jendea edota herriak ez genituen ezagutzen. Ez genuen txiste berekin barrerik egiten. Baina ederki pasatzen genuen elkarrekin. Elkarren arteko komunikazioa sintonia berekoa zen. Kantuak eta festa giroak elkartzen gintuen, eta berriz ere gonbidapena egiteko gogoarekin hurrengora arte elkar agurtzen genuen.
Geroztik minutu, ordu, egun asko pasatu ditugu elkarrekin. Elkarrekin bidaiak egin ditugu, kontzertuak antolatu, jendea ezagutu eta ezagutzeko bidea zabaldu, Euskal Herriko Mus Federazioa sortu dugu, haurrak jaio dira… eta muga desagertu da gutako askoren burutik eta bizitzatik.
Baina ametsak amets dirau. Izan ere, gutako asko diogunean, zenbat gara guztira? Nola sinestarazi hori hegoaldera ikasketak egitera etorri nahi izan duen Baionako Etxepare Lizeoko ikasleari, ahaleginean kurtsoa galdu duenean? Oporretara Lapurdira joan nahi izan duen Segurako amari, hizkuntza arazoak tarteko, ahaleginean etsi duenean? Zerrenda amaigabea litzateke. Murrizten joango litzatekeen zerrenda, Euskal Elkargoko, Eusko Jaurlaritzako eta Nafar Gobernuko agintariak Euskal Herriko agintari balira, Iparra-Hegoa bizi eta sentituko balute.