Lehen sektorea, ataka berri baten aurrean
Gorka Sasieta (Urkulegi baserria, Itsaso)
Baserritar eta kontsumitzaileen arteko zuzeneko harremanaren alde egin beharko litzatekeela nabarmendu du itsasoarrak, inoiz baino gehiago.
Zein da baserritar eta ekoizle modura gaur egun bizi duzun egoera?
Guk kontsumo taldea partikularki Urretxu-Zumarragan daukagu, eta hor jarraitzen dugu astelehenetan banaketak egiten. Hor egin duguna da protokolo bat markatu, hainbat kolektibok zehaztutakoa (Biolur, Basherri sarea, EH Kolektiboa…), eta zer segurtasun neurri hartu. Bezeroek distantziak mantentzeaz gain, gu ekoizleok eskularruekin eta maskarekin egiten dugu banaketa, eta gero egin izan duguna da kaxatan eraman barazkiak, eta jendeak hartzen ditu barazkiak eta bere poltsatan sartzen ditu, baina egoera honetan egiten duguna poltsa berrabilgarrietan eraman guk prestatuta, batez ere banaketa azkarrago egiteagatik, baina oraingo egoeran poltsa horiek, nahiz eta konpastagarriak izan, ez ditugu erabiltzen. Erabilera bakarra ematen diegu. Kontsumo taldeetan kuota bidez funtzionatzen dugu, eta ulertzen dugu egoera honetan abantaila dela hori, ez baitaukagu diruaren ibili beharrik eta kontaktua gutxitu egiten da.
Guk ez dugu arazorik izan, eta Gipuzkoa mailan ere ez, baina badakigu Legazpin izan dela arazoren bat, eta dagoeneko jarri da konponbidean. Arazo horiek ez dira gehiegi ulertzen ere, guk ulertzen baitugu edozein komertziotan baino baldintza hobeetan egiten dugula banaketa, batetik aire librean delako, eta bestetik produktua bera ere komertzioetan baino esku askoz gutxiagoetatik pasatutakoa delako, eta hor arrisku gutxiago dago.
Nola ari zara zure ekoizpena merkaturatzen?
Guk egiten dugun irakurketa egiten dugu, eta ez dago zuzenean gurekin lotuta, baizik eta azokarekin. Herri batzuetan bertan behera utzi dira, nahiz eta Ertzaintzaren protokoloek dioten egin daitezkeela baldin eta neurriak betetzen badira, eta ikusi da Ordizian eta Zumarragan egin duten saiakera, eta estimatzekoa. Azokak ezin ziren egin ohiko eran, baina formatu txikian eta bertako ekoizleei lehentasuna emanda oso positiboa izan da. Horrelako egoera batean ikusten dugu zer garrantzia daukan bertan ekoizteak.
Hemen daukagun biztanle proportzioa ikusita oso gutxi da hemen ekoizten dena, eta uste dugu egoera hau egokia dela hori ikustarazteko eta bertako produkzioa indartzeko erabili behar dela. Sortu dira bai EH Kolektibotik (baserrikoplaza.eus) orain sortzen ari dena, baserritarrek eta kontsumitzaileak harremanetan jartzeko, eta kontsumo zirkuitu laburrak sortzeko. Inoiz baino beharrezkoa da, ikusita zer egoera sortu den. Hemen aukera badago orain produzitzen dena baino askoz gehiago produzitzeko, eta garaia da hori indartzeko eta horretan lanean jartzeko.
Zer egin beharko litzateke egoera bideratzeko?
Denon kontu bat da. Nik uste dut garrantzitsuena bezeroek ikustea dela, kontsumitzaileek erosketak egiten dituztenean politika egiten dute, hor egiten da politika, zer erosten den eta erosten denarekin zer bultzatzen den, eraginik handiena horrek dauka.
Nola ikusten du etorkizuna epe labur-ertainean?
Administrazioaren aldetik laguntzeko borondatea azaldu da, baina banaketa zentralizatzeko ideia bat bezala, irudipen hori behintzat badaukat nik, eta nik uste ez dela hori bidea, bidea izan du behar du gehiago zuzeneko salmenta eta zuzeneko harremana baserritar eta kontsumitzaileen artean. Hori da nire ustez indartu beharrekoa. Eta bertakoa bultzatu beharra dago, baina kontutan hartu beharra dago nola produzitzen den.
Horrez gain, Goieko haragiarekin sei ekoizle gaude haragitarako behiekin lanean ari garenak, eta ekoizpen gehiena bideratzen dugu zuzeneko salmentara, bost kiloko lotetan etxez etxeko banaketa eginez. Hor Elika fundazioak jarri du protokoloa banaketak egiteko, eta momentuz hiltegian ere normal prestatzen dute. Hor eragin gehiena izan duten baserritarrak izan dira haragia jatetxe, taberna eta eskoletara eramaten zutenak. Guk Goieko bezala gure ekoizpenaren zati bat bideratzen genuen Hernaniko jatetxe batera, batez ere behi zaharrak-eta direnak, eta hor bai jasango dugula datozen hilabeteetan nolabaiteko oztopo bat, ikusi beharko da. Egin beharko dugu saiakeraren bat.