Lehen sektorea, ataka berri baten aurrean
Mikel Elgarresta (Donardegi baserria, Urretxu)
Ganadu salerosketa eta tratua aurrez aurre egin ezinaren ondorioak bizitzen ari da urretxuarra, baita arraza lehiaketak bertan behera geratzea ere.
Zein da baserritar eta ekoizle modura gaur egun bizi duzun egoera?
Gu geratu egin gara, baina behiek eguneroko jana behar dute, eta egoera horrek sortzen dizkigun arazo eta nahasmenarekin bizitzen ari gara momentu hau. Gu etxean normal antzera ari gara. Orain da garaia zelaiak-eta simaurtzeko, eta horrelako lanetarako koinatuak lagundu izan digu besteetan, eta orain neroni bakarrik hala moduz ari da naiz egiten. Beti eragozpenak.
Nola ari zara zure ekoizpena merkaturatzen?
Guk dauzkagu limousin arrazako behiak, eta dedikatzen gara bizitara saltzen. Guk urtero egiten dugu lote bat etxerako gorde, umeak atera eta berritzen joateko, eta horko soberakinak beste ukuilu batzuetara saltzen ditugu haiek ere genetikoki hobetzen joateko. Idiskoen kasuan ere gauza bera. Iruditzen bazaigu, etxerako uzten dugu hazitarako. Orain daukagun arazoa da dena geldi dagoela. Jendeak ezin du etorri ikustera, guk gainera Salamanca eta Extremadura aldera asko saltzen dugu, eta hango bezero denak ere geldi daude. Horrek guregan eragin ekonomikoa dauka noski. Dauzkagun animalia batzuk salduta edo saltze bidean egon behar luketenak oraindik etxean daudenak. Abereei bazkatzen eman egin behar zaie. Guk hiltegitara gutxi eramaten dugu, baina eramaten dutenak esaten dute oso ondo ere ez dabiltzala. Egunerokotasunean norberak badaki bere etxeko berri. Normalean haragi kontsumo gehiena irailetik maiatzera izaten da, eta udan izaten da jaitsialdi bat, baina orain beherakada hau martxoan hasi da.
Zer egin beharko litzateke egoera bideratzeko?
Orain apirilaren 19an geneukan enkante bat Aiako testatze gunean, eta hitz egin ari dira enkante hori telematikoki egitea. Eta horrelako ideia berriak sortzen dira egoerari irteera emateko. Orain arte, norbera joaten da tesatze gunera, han biltzen gara Euskadiko ustiategi gehientsuenetako txekorrik onenak, hilabete osoan denak elikadura berdinarekin, eta gero eboluzio onena dutenak –arraza parametroetan eta morfologian– gainditu egin dute testatzea. Zuk hori ikusten duzu, eta saiatzen gara erosten edo pujatzen behintzat, eta kuestioa da orain ezin dela joan. Eta orain fidatu behar zara hango datuekin, eta gero genetika ezagutuz-eta, hortik atera zure konklusioak. Guk erosi nahi izanez gero, edo besteren batek gurea erosi, garraioa baimenduta daukagu, baina esandakoa, kezka ere ematen du. Lehen esandakoa, Salamankako bat ez da etorriko hona kutsatzeko beldur horrekin, eta agian udan etorriko da. Ea uda partean pixka bat normalizatzen den. Egia esan, eta gauden egoeran egonda, eskertu ere egin behar Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari egiten ari diren ahalegina ganaduaren garraioari eusten, enkantea telematikoki egiteko ideia hori ere bai… Egoera zail honetan gauza positiboak ere entzuten dira.
Nola ikusten du etorkizuna epe labur-ertainean?
Egoera honek bere ondorioak utziko ditu. Gu arraza lehiaketetan ere ibiltzen gara, bai Euskadikoan, bai Espainiakoan, Bordelera ere joaten gara bertako federazioarekin hitzarmena daukagulako… Bordelekoa ia bertan behera geratu da –maiatzaren 17an zen egitekoa–, eta gertatzen ari denarekin ba… ilusio gutxi ere bai. Hau ez da plazara joatea bakarrik, 6-8 hilabeteko prestaketa lana dago aurretik, eta gastuak ere bai noski, eta duda handiekin nago animaliak prestatu ala ez prestatu.