Migel Urteaga (Zumarraga, 1939) kide beteranoena da. Santa Isabel egunean panderoa jotzeari uzteko asmoa zuen, baina urtebete gehiago jarraituko du.
Zenbat urterekin hasi zinen panderoa jotzen?
13 urterekin jo nuen lehenengoz herritik kanpo. Ibarran izan zen. Egun hartan Joxe, Inixio eta Sebe anaiek eta Joxe Migel Ormazabalek Hendaian jo zuten. Joxe Ibarrara etorri zen, besteak han utzita. Nik, berriz, trena hartu nuen Tolosara joateko. Tolosatik Ibarrara oinez joan nintzen.
Nork irakatsi zizun panderoa jotzen eta abesten?
Inork ez. Nire anaiek egiten zutena ikusita ikasi nuen. Ikusi eta ikasi.
Euskal Herriko bazter guztietan jo duzue. Zeintzuk dira zure plaza kuttunak?
Festa onenak Hernaniko sanjoanak izaten ziren. Ordizia ere oso herri berezia da guretzat. Hiruzpalau aldiz joaten gara urtero. Bergarako San Martzial egunean, berriz, 53 aldiz jo dut. Urretxuko San Joan eguneko erromerian ere bizitza osoan jo dut. Ataunen ere asko maite gaituzte. Hiru auzoetara joaten ginen, urtero: San Martinera, San Gregoriora eta Aiara. Urte luzetan, Bittor jatetxeko ezteietara joan ginen. Ataungoak la letxe ziren… Festa bukatzera zihoanean, ordainsaria eman eta Nafarroara joateko eskatzen ziguten. Izan ere, ezteien ondoren Arbizun afaltzeko ohitura zuten. Arbizun eta Etxarrin sekulako parranda egin, eta etxera.
Noiz arte jarraituko duzu?
Zumarragako Trikitixak 100 urte bete arte jarraitzea erabaki nuen. Aurtengo Santa Isabel egunean uzteko asmoa nuen. 81 urte ditut!
Zer da zuentzat Santa Isabel eguna?
Urteko egun handiena. Bizitza guztian jo dugu bertan. Urtero, gure osaba hasi zenetik. Garai batean, jaitsieran dantzariak, txistulariak eta gu bakarrik egoten ginen. Ez zen musikari gehiago egoten. Baina orduan ere, sekulako jende pilak parte hartzen zuen jaitsieran. Beste herri batzuetan ere jaitsierak antolatzen dituzte, baina Zumarragakoa bezalakorik ez dago.