LGTBI+ komunitatea agendara eraman eta erdigunean jartzeko beharraz jabetuta, urrats garrantzitsua egin dute Legorretan; LGTBI+ herritarren errealitateari buruzko dignostikoa egin dute. Biztanle gehiagoko herrietan egin izan da hori, Errenterian kasu, baina herri txikien artean aintzindaria da Legorreta. Neurri zehatzak hartzeko konpromisoa hartu du udalak.
Zelai Amenabarro udalerriko alkateak azaldu du ekintza puntualak egin izan dituztela LGTBI+ komunitateari begira, «baina ikusten genuen, gero, urte osoan zehar ez geniola behar besteko garrantzia ematen». 2020an beste pauso bat ematea erabaki zuten, «urte horretako adierazpenean berretsi genuen urte osoan LGTBI+ pertsonen inguruan lan egiteko konpromiso politikoa, hori izan zen diagnostikoaren abiapuntua».
Lanketa honekin, «LGTBI+ pertsonen egoeraren argazki garbi eta erreala» bilatzen zuten, eta ondoren, «neurri zehatzak abian jartzea», gehitu du Amenabarrok. Bide horretan azpimarratu du «udalerri osoak inplikatu beharko» lukeela, hau da, LGTBI+ diagnostikoa ez dela LGTBI+ komunitatearentzat bakarrik, «herri osoarentzat da, modu horretan izango dutelako benetako eragina hartuko ditugun neurriek».
Hain zuzen ere, Bizigarri deitu duten LGTBI+ diagnostikoa, iragan ostiralean Legorretako plazan aurkeztu zuten, «ikusgarritasuna» emateko. Diagnostikoaren aurkezpena Telmo Iruretak egin zuen, eta Alarma Morearen kontzertu batekin amaitu zen ekitaldia.
Bizigarrik jasotzen dituen datuen inguruan ere mintzatu da Amenabarro. «Niri atentzio handia eman didana eta asko poztu nauena da, gaur egun gazteek ez dutela beren burua Legorretatik kanpo irudikatzen, beren proiektua Legorretan dagoela sntitzen dute, eta hori, niretzat, erronka handi bat da, baita erantzukizun handia ere».
Prozesua eta ondorioak
LGTBI+ diagnostikoa egiteko elkarrizketa sakonak egin dituzte Legorretako LGTBI pertsonekin, eskolako irakasleekin, udal langileekin eta udalerriko eragileekin, urtebete iraun duen prozesuaren barruan. Sudergintza eta Hiruki Larroxa kooperatibek egin dute diagnostikoa. LGTBI+ pertsonen egoera aztertu dute, sei dimentsioren bidez: espazio publikoa, aisialdia, sexilioa, hezkuntza, osasuna eta lana.
«Ondorioak argiak dira: ikusgarritasuna zaila da, baina Legorretan libre bizitzeko nahia handia da», azaldu du Zuriñe Rodriguezek, Sudergintzako ikertzaile eta txostenaren egileak. Hala, Legorretan ohikoa da zentzuzko migrazio behartua egitea –Donostiara zein Ordiziara–, edota armairuan sexualitatea bizitzea. Egoera iraultzeko konpromisoa hartu du Legorretako Udalak, ongi etorriak ez diren jokabide LGTBIfobikoez ohartarazteko kanpaina instituzional bat abian jartzeko, protokolo bat egiteko eta kultur-programazio askotarikoa diseinatzeko, ikusgarritasun segurua sustatu eta bultzatzeko nahiarekin.
Beste ondorio bat da LGTBI+ pertsonen itotze – eta isolamendu– sentsazioari buruzkoa, Legorretaren txikitasuna dela eta. Horregatik, ohikoa da aisialdia alboko udalerrietan egitea edo, are gehiago, itzulerarik gabeko migrazio-prozesua hastea. Hala ere, hiri handietako etxebizitzaren egoerak, eskuin muturreko diskurtsoaren gorakadak eta herri txikietako bizi-kalitateak LGTBI+ pertsonentzako aukera bezala ere ikusten dute Legorreta. Hori horrela, alokairurako diru laguntzetan LGTBI+ komunitatea txertatzea da diagnostikoan agertzen den neurrietako bat.