Segurako Iparra-Hegoak 26. kultur astea ospatuko du martxoaren 27tik apirilaren 2ra bitartean, ‘Muga, langa, bota, sega’ lelopean, Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunen arteko harremanak sendotuz.
Baga, biga, higa… 26! Hogeita sei dantza, hogeita sei borroka, hogeita sei zirrara, hogeita sei solasaldi, hogeita sei emozio, hogeita sei txotx, hogeita sei hunkidura, hogeita sei algara… hogeita sei urtez Iparra Hegoa! Muga Langa Bota Sega!». Horrelaxe aurkeztu du Iparra-Hegoa elkarteak 26. Iparra-Hegoa.
Lelotzat esanahi handiko lau hitz hartu dituzte aurten. Muga da hitz horietako bat. «Muga naturalik ez dago euskararen herrian eta horixe bera sentitzen dugu. Iparra-Hegoan harremanak sendotuz, kultura elkartrukatuz, urrunduak gerturatuz eta atzokoak gaurkotuz. Euskal Herria osatzen laguntzen dugu».
Langa hitzak ematen dio jarraipena mugari. «Langa eta gezurrezko hesi guztiak ireki ditzagun Euskal Herria eraikitzeko, orain dela 26 urte Urruñako Berttoli eta Segurako Elorrik sortutako harremanak fruituak ematen baitirau. Langak irekitzean ekialdetik mendebaldera eta mendebaldetik ekialdera euskal kultura uztartuz eta indartuz gozatzen baitugu Euskal Herria ikasten eta sendotzen».
Hala ere, «urteroko bidaian, bidean oztopoan jarri dizkiguten harriak» bota nahi ditu Iparra-Hegoak, aurtengo leloko hirugarren hitzak dioen bezala, «helburua argi izanda, urtero gauza berriak ikasiz, sentituz eta biziz momentu ahaztezin eta magikoak igaroko ditugu». Segaren laguntzarekin, «batzuek iparraldetik eta beste batzuek hegoaldetik eta elkartrukean eta elkarlanean beste behin ere ukatu nahi diguten Euskal Herria maitasunez nortasunez eraikitzen jarraituko dugu». Hori guztia, Anje Duhalderen abestiaren doinuak lagunduta: «Maitasunarena, iparra hegoa nortasunarena, hango hemengoa maitasunarena ez dut banakoa soilik Euskal Herrikoa».
Belaunaldi gazteen arteko katea
Belaunaldi berriek antolatutako Iparra-Hegoa da 26.a. Egitarauan berrikuntzaren bat edo beste ikus badaiteke ere, Iparra-Hegoaren nortasuna bermatuta dago oraindik ere. Gazteek bere egiten dute gainera, Iparraldeko eta Segurako (eta Goierriko) gazteen arteko hartu emana da horren lekuko, Goierriko gazteen agendetan Segurara joan beharreko eguna bezala markatua baitute.
Egitaraua
- Martxoak 27, astelehena:
- Egunean zehar: Urruñako ikastolako eta Segurako haurren arteko topaketa.
- 17:30: Buruhandiak.
- 19:00: Hitzaldia: Harresia Bidasoan. Hizlariak: Alaine Aranburu (Harrera Sareko kidea) eta Alain Larrea (abokatua). Kultur etxean.
- Martxoak 28, asteartea:
- Egunean zehar: Urruñako ikastolako eta Segurako haurren arteko topaketa.
- 15:00: Ikasle guztientzako dantza gidatuak karpan.
- 16:00: Txokolate beroa haur guztientzat karpan.
- 19:00: Hitzaldia: Euskal Herria eta migratzaileak. Hizlariak: Ane Urizar (Huheziko irakaslea) eta Anaitze Agirre (SOS Arrazakeriako kidea). Kultur etxean.
- Martxoak 29, asteazkena:
- 19:00: Sidi Mohamed Azaoui eta Garazi Hach Embaraken eskutik saharar sukaldaritza tailerra. Rquia Akasas eta Samira Aksasen eskutik marokoar sukaldaritza. Elorrin.
- Martxoak 30, osteguna:
- 11:00: Etxepare Lizeoko ikasleak, bisita gidatua CAF enpresara.
- Ondoren, bazkaria karpan.
- 17:00: Etxepare Lizeoko ikasleek antolatuta haur jolasak.
- 19:30: Bertso eta kantu poteoa.
- 21:30: Bertso-kantu afaria plazako karpan, Amets Arzallus, Maddalen Arzallus eta Iker Zubeldia bertsolariekin. Gai jartzaileak: Jon Iturriotz, Eneko Araiztegi eta Etxepareko ikasleak. Kuxkuxtuk animaturik.
- Martxoak 31, ostirala:
- 10:00: Etxepare Lizeoko ikasleen bisita gidatua Lazkaoko Beneditarren artxibategira.
- Eguerdian: Bazkaria karpan.
- 17:00: Etxepare Lizeoko ikasleek antolatuta haur jolasak.
- 19:00: Etxepare Lizeokoen ikuskizuna: Libertimentua.
- 19:30: Arkumea burruntzian eta sagardo dastaketa, eta Kuxkuxtu. Iluntzean: Xutik. Gauean: DJ Bull.
- Apirilak 1, larunbata:
- 09:00: Mendi ibilaldia.
- Goizean zehar: Pilota partidak eta desafio musikatua.
- 14:30: Gazte bazkaria eta ondoren jolasak.
- 18:00: Manifestazioa: Azterketak euskaraz.
- 19:00: Taloak eta Euskal Herriko garagardoen dastaketa, Kuxkuxtu eta Rakatapunk.
- Gauean: Kontrabanda eta Odei.
- Apirilak 2, igandea:
- 10:00: Sukalki prestaketa, plazan.
- 11:00: Albokariak.
- 12:00: Baigorriko dultzaina joleak eta joaldunak.
- 13:00: Euskal Herriko herrialdeen arteko lotura sinbolizatzen duen Gereziondoko ekitaldia. Gonbidatu bereziak, Bidasoa etorkinen taldeko kideak eta Irungo Harrera Elkarteko kideak.
- 14:30: Harri bazkaria, Kuxkuxtu txarangak kantuz alaituta.
- 16:00: Sukaldaritza lehiaketako sari banaketa.
- 16:30: Berbena Balantza taldearekin.