
Mutiloan azoka eguna izango da igandea. Hamazazpigarren aldiz, Txerri Azoka egingo dute, udalak antolatuta. 10:00etan zabalduko dituzte postuak eta feria, eta eguarte osoan ikusi eta, batez ere, dastatu ahal izango da.
Txerri handi bat burruntzian erreko dute, goizean zehar. Pintxotan zatitu eta banatuko dute gero, eguerdi aldetik aurrera. Bestelako txerrikiak ere egongo dira dastagai eta erosgai, leku askotako ekoizleek hornituko baitute salgaiz Mutiloako feria.
Txerri erakusketa jarriko dute, urdaiazpiko mozte erakustaldia egin, eta umeentzat eskulanak jarri ere bai. Odolkia eta txorizoa jateko moduaz gain, odolkiak nola egiten diren ere ikusi ahalko da, eguerdian, Gurruntzain pilotalekuan. ■




