Ordiziako azokak 500 urte baino gehiago daramatza asteazkenero, Goierriko eta inguruetako ekoizleak eta erosleak biltzen. Azken hiru hamarkadetan aldaketa handia bizi izan du, ordea. Miguel Angel Quintana dokumentalgile errenteriarrak 1982an egindako Asteazkenez Ordizian dokumentalean ikus daitekeenez, baratzeko produktuez gain, denetariko animaliak eta baserrirako lanabesak aurki zitezkeen ferian, plazan nahiz inguruko kaleetan. Azokak ez ezik, Ordiziak azken urteetan izandako aldaketen lekuko ere bada ikus-entzunezkoa. Euskadiko Filmategian jasota egon da film labur hau urte askoan, eta orain, digitalizatu ondoren igo dute sarera, eta D’Elikatuz zentroak zabaldu du.