Gerard McCrea Clarke: «Bizitzaz aldatzea erabakitzen denean, onena esperantzarik gabe hastea da»

Gerard McCrea Clarke 1964an jaio zen Derry Cityn, Irlandan. Urretxuko Santa Anastasia jaiak dira Goierrirekin lotutako bere lehen oroitzapenak, bertara bizitzera etorri aurretik bisitan izan baitzen bitan. Ondoren, 1998an, Urretxura bizitzera etortzeko erabakia hartu zuen, alaba nagusia jaio zenean. Ordutik, 14 urte pasa dira, eta Urretxun bere lekua aurkitu duela aitortzen du.

Nolatan etorri zinen Goierrira?
Maitasunak ekarri ninduen hona. Londresen ezagutu nuen nire alaben ama izango zena. Han bizi ginen alaba zaharrena jaio zenean, baina Londres bezalako hiri bat alaba bat hezteko ez dela lekurik egokiena erabaki genuen. Genituen aukeren artean Urretxura etortzea erabaki genuen.

Nolakoa izan zen lehenengo inpresioa?
Londrestik iritsitakoan, hegazkinetik jaitsi eta ordubetera Zumarragako Batzokian nengoen lanean. Hura izan zen hemen izan nuen lehen lana. Euskal kultura bete-betean ezagutzeko aukera izan nuen. Hasiera hasieratik gustatu zitzaidan.

Zer duzu gogoan hasierako une haietatik?
Iritsi nintzenean ez nuen ez gaztelaniaz ez euskaraz hitz egiten. Hori jendearekin harremanak izateko oztopo handia izan zen hasieran. Besteekin komunikatzea ezinbestekoa baita niretzat.

Baina oztopoak gainditu egiten dira, ala?
Bai, bai. Batzokian lanean nenbilela ezagutu nuen nire gaur egungo koadrila. Ingelesez hitz batzuk egitera etorri ziren, eta hortik sortu zen gure arteko harremana.

Hizkuntzak beraz, batu ere egiten du, ezta?
Bai. Hori da gainera nire gaur egungo ogibidea, ingeles irakaslea naiz. Daddy Txo izeneko akademia ireki nuen orain urtebete. Eskola ezberdina da, ingelesa hitz eginez irakastea baita nire helburua. Gustura nago, badirudi, momentuz behintzat, arrakasta duela.

Zure lekua aurkitu duzu?
Nire lekua baino gehiago, nahi dudan bezala bizitzeko modua eman dit Urretxuk. Dena den, bizitza berri bat hasteko orduan, onena, esperantzarik gabe hastea da.

Ostalaritzan eta irakasle bezala egin duzu lan, baina ETBn ere aritu zinen.
Bai. Jon Plazaolarekin eta Juanlu Eskuderorekin bakarrizketak egiten nituen garai hartan. Telebistako norbaitek hori jakin eta deitu egin zidan. Hala hasi nintzen Carlos Soberarekin La gran evasion saioan lanean.

Zer botatzen duzu faltan Irlandatik?
Gaizki dago esatea, baina ezer gutxi. Urte asko dira bertatik joan nintzela. Eguraldi txarra eta egonkorra, agian. Familia ere bai, noski. 11 anaia-arreba gara, eta gehienek Irlandan jarraitzen duten arren, batzuk Valentzian eta Italian ere bizi dira.

Zer eramango zenuke hara hemendik?
Zuritoa. Irlandan dagoen alkoholismoarekin amaitzeko baliagarria litzateke (barreak). Orain serio. Hemengo jendearen tolerantzia eramango nuke, harrigarria da.Iritsi orduko konturatu nintzen hortaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>