Lurdes Auzmendi: «Euskara erabiltzea plazer bihurtzea da garrantzitsuena»

Lurdes Auzmendi (Ataun, 1956) 2009an Euskara Sustatzeko zuzendari izendatu zuten eta egun Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea da. Aurretik, Zeruko Argia aldizkariko kazetari izan zen eta Euskadi Irratian ere aritu zen. EIZIE (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) sortzaileetako bat izan zen. Ondoren Euskal Herriko Unibertsitatean lan egin zuen, Itzulpengintzako lizentziaturan.

Tokiko hedabideek euren txostena aurkeztu berri dizute. Zer iruditu zaizu?
Hedabideen gaiak asko arduratzen gaitu, noski. Paper oso garrantzitsua jokatzen dute, baina oso garai gogorrak tokatu zaizkigu, eta horrek eragina du hedabide guztietan. Etengabeko harremana dugu hedabide handienen ordezkariekin, eta etorkizunean eredurik egokiena izango den asmatu behar dugu.

Zein uste duzu izan behar dela eredua?
Gaur egungoa agortuta dago. Gipuzkoan izugarrizko polarizazioa dugu, Bizkaian eskualde batzuk umezurtz ditugu eta Araban, berriz, dena falta zaigu. Urte oso oparoak izan ditugu, mundu guztiak eskatzen zituen aldizkaria, irratia eta telebista… baina zenbat kontsumitu dugu gero? Joerak gero eta argiago daude: telebista gero eta gutxiago ikusten da (gazteek nahiago dute Internet bidez ikusi), papera gero eta gutxiago kontsumitzen da… Sektoreak gogoeta egin behar du eta informazioan, soziologian, soziolinguistikan eta ekonomian adituak direnen aholkua behar du. Dena den, txikiei asmatzea errazagoa izango zaiela uste dut. Baina sistema malguak izan behar dituzte beharrezkoa bada norabidez aldatzeko. Horrek elkarlana bultzatzea eskatzen du.

Baina dagoeneko komunikabide asko desagertu dira.
Jaurlaritzatik ahalegin izugarria egiten ari gara diru-laguntza deialdi guztiei eusteko. Baina… noiz arte jarraitu ahal izango dugu eredu honekin? Nora garamatza eredu honek? Ezin da diru-laguntzen menpe egon.

Hedabideak errentagarriak izan behar dira, beraz.
Sistemak maila askotan ez du funtzionatzen, baina garaiz gabiltza, eta neurriak, desagertu aurretik hartu behar dira. Ez diogu inori bultza egingo amildegira eror dadin, baina ertzean dagoenak behera begiratu behar du zer etor dakiokeen jakiteko. Denok jokatu behar dugu arduratsu.

Zer diozu ikasketak euskaraz egiten dituztenei emango zaien agiriaz?
Neurri honekin oso zuhurrak gara. Ez diegu aitor zekiekeen mailarik altuena onartuko, Galizian eta Katalunian ez bezala. Han Batxilergoa galegoz eta katalanez egiten dutenei EGAren parekoa aitortzen zaie. Guk DBH egiten dutenei B1 aitortuko diegu, Batxilergoa egiten dutenei B2 eta Unibertsitate ikasketak egiten dituztenei EGA. Kredituen hamarretik sei euskaraz egiten dituenak ez al du EGA maila? Zenbat azterketa egin dituzte dagoeneko euskaraz? Hau motor bat izango da jendeak euskaraz ikasten jarraitu dezan. Presioa kentzea beti da ona, hala gauzak askoz ere gusturago egiten baitira.

Euskaltegiek lan gutxiago izango dute.
Euskaltegiak behar ditugu, baina ez bakarrik euskara irakasteko, baita erabilera bultzatzeko ere. Tituluen makina oso konplikatua dugu. Zenbat jende behar dugu azterketak prestatzeko eta zuzentzeko?

Erabilera aipatu duzu. Zer egin behar duzue bultzatzeko?
Erabilerak ez du gora egiten ezagutzak adina. Batzuek ikasteko ezartzen den presioak erabileran kontrako eragina duela diote. Datu baikorrak ere baditugu. Duela 30 urte familia bidezko transmisioa oso ahula zen, eta horregatik egin zen hezkuntzaren aldeko hautua. Emaitza onak eman ditu. Guraso erdaldunek seme-alabek euskaraz ikastearen aldeko hautua egin dute. Horiek familia osatu dutenean, euskara transmititu dute.

Guraso horietako askok euren artean gaztelaniaz egiten dute.
Ohiturak dira eta horiek aldatzeko ezin da goitik ezer egin. Kontzientzia gero eta handiagoa dago, baina hizkuntza baten erabileran aldaketak eragitea epe luzeko lana da. Euskarak bezainbeste baliabide ez du inork izan. Gainera, Euskara Sustatzeko Plan Berriak erabilera bultzatzea du helburu nagusietako bat. Hizkuntza erakargarri egitea, erabiltzea plazer bihurtzea, hori da garrantzitsuena. Hor gauza asko ditugu egiteko.

Zer moduzko harrera eskaini zizun euskalgintzan lan egiten duen jendeak?
Ona. Gobernu sozialistarekin mundua bukatzera zihoala zirudien, baina ez da halakorik gertatu. Hizkuntza Politika oso ona genuen eta dugu. Puntu garrantzitsuenetan beti egon da adostasuna, eta mundu guztiak ahaleginak egin ditu gauzak aurrera egin dezaten. Euskara ez dakitenek aldeko jarrera erakutsi ez balute, ez ginateke hemen egongo. Beti euskara erabili dutenez ere gutxi gogoratzen gara. Denak dira beharrezkoak. Adostasuna da bermerik handiena.

Patxi Lopez Lehendakariarekin harreman estua al duzu?
Askotan etortzen da gure batzordeetara eta euskararen aldeko ekitaldietara. Euskara beldur gutxiagorekin erabiltzera animatzen dut, baina lotsa du. Idatzizkoan hobeto moldatzen da ahozkoan baino. Bidean seguru doa eta noizbait ezagutza ona izango du. Euskarak kezkatzen du eta lasaiago eta errazago erabiltzeko balio duten tramankuluak, adibidez, asko interesatzen zaizkio.

Zer da zuretzat euskara?
Nire ama hizkuntza da, azala bezala. Ez dut neure burua imajinatzen euskararik gabe. Nire hizkuntza bakarra izan zen 11 urte bete nituen arte. Gozamenerako iturri ere bada, literaturaren eskutik adibidez. Anjel Lertxundiren azkena irakurtzen ari naiz eta Ramon Saizarbitoriarena zain dut. Nire bi idazle kuttunenetakoak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>