80 zentimetro kubikoen gaineko beasaindarra

Andoitz Bonilla (Beasain, 2001) aitak bultzatuta hasi zen motorrak gidatzen, zortzi urte zituenean. Duela bi aste Valentziako Moto Des lasterketan parte hartu zuen, Cesteko zirkuituan, eta Frantziako Conti enpresak kontratatu nahi du datorren denboraldirako.

Oraindik ez dute erabaki Conti enpresak eskaintzen dien kontratua onartu ala ez, baina, Andoitzek argi du gerora motor munduan jarraitu nahi duela. Bere esanetan «Contik eskaintzen duena euren taldeko izatea bakarrik da; ez dute laguntza ekonomikorik edo motorrik ematen eurekin egoteagatik».

Furgonetan sartu eta Espainiako zirkuitu askotara joaten da Bonilla, aitarekin, lehengusinarekin eta aitaren Bilboko lagun batekin. Amari «errespetu gehixeago» ematen dio motor lasterketen munduak, eta lan egiten duelako ez du askotan joaterik izaten. Orain arte ia hamabostero joaten ziren lasterketetara, baina, «krisi ekonomikoagatik, orain lasterketak hilean behin bakarrik» egiten direla azaldu du Bonillak.

Une honetan Super Motard motorrean entrenatzen du eta abiadura lasterketetan lehiatzen da, 80 zentimetro kubikoko motorrarekin. 170 kilometro ordura ere iristen da sarri. Datorren urtean 125 zentimetro kubikoko motorrarekin hasiko da lehiatzen.

Zaletasun berezia eta garestia da beasaindarrarena. Adinaren arabera zilindrada handiagoa duten motorrak erabiltzen dituzte lasterketetan, eta motorrak gurasoek ordaindu behar izaten dizkiote, gainerako beste gastu ugari bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>