«Esne ekologikoa nutritiboki desberdina da, omega 3 gehiago dauka»

pnga_erakutsi-4Etxeberri-Goiko baserriko semea da Aitor Aranburu (1976, Olaberria). Ikasketaz Nekazaritza Ingenieria da eta aurretik kanpoan lan egiten bazuen ere, baserritik bizitzeko erabakia hartu du. Baserri aurrean, ukuilu berria egin du, eta haragi eta esne ekologikoa ekoizten ditu. Oso gustura dago hartutako bidearekin.

Erraza izan al zen baserritik bizitzeko erabakia hartzea?
Hasieran erreparoa edo beldur pixka bat ematen du. Inbertsioak dezentekoak dira, sektorea ez dago bere onenean… Erreparo pixka bat ematen du bai, baina beste gauza batzuetan hasten direnei ere emango die.

Behi haragi eta behi esne ekologikoa ekoizten dituzu.
Etxerako oiloak, oilaskoak eta baratza ere baditugu, baina saldu, gehienbat, esnea eta haragia saltzen dugu. Ekologikoan aritzen gara. Gipuzkoan hiru  gaude esne behiekin ekologikoan aritzen garenak, eta elkarrekin ari gara.

Elkarlan horretatik, Behieko jogurtak egiten dituzue.
Oso baserri txikiak gara hiruok; lehenagotik ere ezagutzen ginen, elkarren ondoan gaude eta ez zeukan zentzu gehigirik bakoitza bere aldetik ibiltzea. Elkarlanean gabiltza jogurtak egiten ere. Altzon egiten ditugu jogurtak, Behieko jogurtak. Esne pasteurizatua ere bai.  Etxez etxe saltzen dugu, kontsumo taldeekin ere lana egiten dugu eta herriko denda txikietan ere bai. Haragiarekin jendeak ezagutzen nau baina orain esnearekin ahalegina egin beharrean nago.

Haragi eta esne ekologikoa lortzeko nola lan egiten duzue?
Ezin da kimikorik erabili, ez behietan eta ez belardietan; pentsua pestizidarik eta herbizidarik gabekoa erabiltzen dugu, transgenikorik ezin du eduki… lehengai guztiak ekologikoa izan behar du. Behien traturako, kimikoen erabilera debekatuta dago, antibiotikoak oso mugatuta daude.

Ukuiluak ere baldintza bereziak bete behar al ditu?
Bai. Batetik, tamaina aldetik; eta bestetik, animaliek nahi dutenean kanpora joateko aukera izan behar dute… Gure kasuan, larrean ibiltzen dira produkzioan dauden behiak, udaberritik udazkenera arte. Jeztera bakarrik ekartzen ditugu ukuilura. Horrek guztiak produktuan eragina dauka; esnea nutritiboki oso desberdina da. Belar berdea jaten duten behien esneak omega 3 gehiago dauka.

Baserriaren etorkizuna produktu ekologikoetan al dago?
Izan daiteke, baina inork ez daki etorkizuna zein izan daitekeen. Nik uste dut bide horretatik joan behar dela, kalitatean oinarritutako ekoizpenean, eta ekoizpen ekologikoak kalitatea ziurtatzen du. Kontsumo taldeen inguruan buelta bat ematen ari zaio pixkanaka. Kontsumitzaileengana iritsi behar da, agroindustria eta distribuzioa saihestuta.

Horrelako inbertsioetarako diru laguntzarik izaten al da?
Gaztea izateagatik eta baserrian hasteagatik laguntza batzuk badaude. Aurretik zerbait edukiz gero, asko laguntzen dute. Ukuilua egiteko buelta dezente eman dizkiot buruari, inguruan ez baitago tamaina horretako adibide askorik. Simaurra ere lehorra egin nahi nuen, konpostatzeko aukera izateko. Ukuilu berriarekin, asko aldatu da lanearako sistema. Orain arteko behiak jezten genituen lekua, baserri azpian zegoen ukuilua zen, orain dela 50 urte jarritako makinekin jezten genituen.

Goiekik zure proiektua saritu zuen iaz.
Ulertuta daukadanez, baserri bati eman zioten lehenengo saria izan zen. Ikasketa bukaerako 800 orriko proiektua 14-20 orrira laburtu behar izan nuen.

Jendea ari al da produktu ekologikoen garrantziaz jabetzen?
Oraindik ere jendearen kontzientzia eta ezagutza mailan asko dago egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>