Betidanik darama barruan dantza Asier Zabaletak (Ezkio-Itsaso, 1972). Lanak, ordea, sarritan eraman du kanpora dantzari goierritarra, eta munduko hainbat herrialdetan taularatu du dantza garaikidea. Batetik bestera ibiltzea plazer handia izan da Zabaletarentzat, baina gero eta astunagoa egiten zaiola aitortu du.
Munduko zein tokitan zabiltza orain?
Kanaria Handian, Mesdanza jaialdian izan naiz, eta orain Dantzaz konpainiarentzat koreografia berri bat prestatzen hasi naiz. Atzo, osteguna, Victoria Eugeniako Klub aretoan entsegu ireki bat egin genuen, orainarte landutakoak erakusteko, eta datorren astetik aurrera, nire ikuskizunen emanaldiez gain, Ezmugak deituriko proiektuan hasiko naiz lanean, Oteizaren lanaren inguruan. Arlo ezberdinetako hainbat artistek eginiko hurbilketak izango dira, Irunen (Gipuzkoa) erakutsiko direnak.
Etxean zaude, beraz; baina zuretzat hori ez da ohikoena.
Ez, batzuetan denboraldi luzeak egin behar izaten ditut etxetik kanpo. Aurten, adibidez, Polonian edo Frantzian aurkeztu ditugu gure azken lanak. Dantzan hasi nintzenean, niretzat plazer hutsa zen batetik bestera ibiltzea, baina orain, geroz eta astunagoa egiten zait. Zorionez aipatutako azken proiektu hauek hemen inguruan eman dira, beraz, hori niretzat bi aldiz poztekoa da. Batetik, etxetik mugitu beharrik ez dudalako, eta bestetik Euskal
Herrian ere proiektuak egiten direnaren seinale delako.
Egoera ekonomikoa ikusita, pentsatzekoa da dantza sektoreak ere zailtasunak izatea. Nola daramazue?
Gure lana, gehienbat, Euskal Herrian saltzen saiatzen gara, baina azkenean deitzen diguten tokira joaten gara, eta zoritxarrez, lan gehiago egiten dugu kanpoan Euskal Herrian baino. Izan ditugu urteak Brasilen lan gahiago egin ditugunak, Euskal Herrian eta Espainian egindakoak batuta baino.
Murrizketak egin diren lehen arloetako bat izan da dantza.
Eta kulturaren barruan alaba pobreena beti dantza izaten da. Oso urte latzak pasa ditut emanaldiei dagokienez, eta, zorionez, atzerrian egindako proiektu handi batzuei esker salbatu ditut hainbat urte, Errusian edo Brasilen egindakoei esker bereziki. Orain, badirudi, hemen zerbait mugitzen hasi dela, baina gure mundua ez da inoiz ziurra izan, are gutxiago orain. Ezagutzen ditut gaur egun une latzak bizitzen ari diren lankideak, eta desagertu diren jaialdi ugari ere bai.
Hasierako urratsak nola gogoratzen dituzu? Lehen pausoak noiz eman zenituen?
Txiki txikitatik egin dut dantza. Euskal dantzak ikastolan edo arrebarekin etxeko sukaldean. Ahal bezain pronto dantza talde handi batean eman nuen izena, Kresalan. 19 urte nituenean, Victoria Eugenian Zilbor esteak deituriko produkzio garaikide bat ikusi nuen, eta momentu hartantxe erabaki nuen hori egin nahi nuela. Aste horretan bertan eman nuen izena Iñaki Landaren eskolan. Hainbat eskoletatik pasa nintzen gero, eta segituan nire lehen lana egiteko aukera izan nuen, Arteszenaren Amets beroak.
Ordutik konpainia ugaritan aritu zara, zeurea sortu zenuen arte.
Bai, harrezkero estatuko hainbat konpainiatan lan egin nuen, Suitzako Alias konpainiara iritsi arte. Hantxe aritu nintzen bost urtez, 2004an Ertza sortu eta Euskal Herrira bueltatu nintzen arte.
Egindako ibilbidea eta gaur egungo tokira iritsita, zer datorkizu burura?
Ez nuen inoiz imajinatu halakorik. Hasi nintzenean nire ametsik urrunena Victoria Eugenian dantza egitea zen, eta hori egindako lehen proiektuarekin bete zen, Amets beroak-ekin. Beraz, ordutik gertatutako guztiak niretzat opariak izan dira.
Eta ez nolanahikoak gainera.
Alias konpainiarekin munduko antzoki nagusienetan dantzatzeko aukera izan dut, eta hori gutxi ez balitz, geroago neure lehen bakarkako lanarekin, Ego-tik izenekoarekin, munduko herrialade ugari bisitatu nituen, hala nola, Txina, Filipinak, Israel, Grezia, Peru, El Salvador, Costa Rica, Mexico, Brasil, Lituania, Errusia, Luxenburgo… Ikuskizun horiek guztiek eta bira denek lan latza eskatzen dute, baina pasioz egindako lana denez, askotan ez gara esfortzu horretaz konturatu ere egiten. Gainera, esan beharra daukat hasi nintzenean nire familiak eta izan nituen irakasleek emandako laguntza izugarria izan zela.
20 urtetik gora daramazu lanean; helburu profesionalak bete dituzu?
Hasierakoak bai, zalantzarik gabe. Orain, ordea, beste batzuk ditut eta horiek ezin dira esan, bestela ez dira beteko…Nire ustez, denok izan behar genituzke beti ametsak helburu bezela, eta haiengatik gogor borrokatu, bestela akabo. «Lortu dut eta bere horretan geratuko naiz» esaten badugu, gureak egin du. Beti dago zer egin, zer ezagutu eta zer ikasi.
Euskal dantzak edo dantza klasikoak ohikoagoak dira Euskal Herrian. Zabalduko al da dantza garaikidea inguru hauetan?
Dantza garaikidea gaur egun oso onartua dagoen herrietan ere, prosezu hori ez zen eman egun batetik bestera. Urte askotako prozesua da eta lan asko egin behar da ezagutarazteko. Nik uste dut Euskal Herrian ematen ari dela. Nahi baina motelago agian, baina ematen ari da. Egoera ekonomikoak ez du prozesu horretan asko laguntzen, alderantziz.
Nola landu behar da harrobia?
Esan beharra dago Euskal Herria munduko konpainia onenentzako harrobi bikaina dela. Falta dena goi-mailako ikasketak egin ahal izateko eskola homologatu bat da, eta gero inora joan gabe hemen lan egin ahal izateko sare sendo bat. Non erakutsi balego, konpainiak automatikoki sortuko lirateke, dantzari faltarik ez baitago.
Epe motzean, Goierrin edo Euskal Herrian zure emanaldirik ikusteko aukerarik izango da?
Hilaren 15ean Eibarko (Gipuzkoa) Koliseo antzokian Act of God aurkeztuko dugu, euskaraz. Gero 22an Madrilen NAN, aurtengo lan berria, eta hilaren 30ean Irunen, lehen aipatutako Ezmugak proiektu berria.