«Legazpiko Udal Musika Banda Gipuzkoako zaharrena da»

Jesus_CastillejoLegazpiko Udal Musika Bandak Olaria saria jasoko du bihar, Santikutz egunean. Urtetan bandak egindako lanari aitortza egingo dio Legazpiko herriak sari honekin. Jesus Castillejo (Legazpi, 1974) da Udal Musika Bandaren zuzendaria azkeneko hemeretzi urte hauetan, eta beste horrenbestetan jarraitzeko gogotsu agertu da.

Zer suposatu du taldearentzat Olaria saria jasotzeak?
Oso pozik gaude sariarekin. Taldeko kideak ere gustura daude egingo diguten aitortza honekin. Hala ere, ez da ezusteko handiegia izan. Izan ere, azken bi edo hiru urteetan hautagaien artean egon gara beti, eta iaz ere saria jasotzeko puntuan egon ginen. Hala ere, ez da posible izan aurten arte.

Legazpin tradizio luzea duen taldea da musika bandarena.
Bai, 1867tik dago Udal Musika Banda Legazpin, eta Gipuzkoan dauden guztietatik zaharrena da. Gerra Karlistetan eta 1936ko gerran soilik eten zuen hemengo jarduna. Gainera, beti izan du harrera ona herritarren artean eta kontzertu bat egiten dugun bakoitzean herritar asko gerturatzen da gu ikustera.

Zenbat musikarik osatzen duzue gaur egun taldea?
Udal Musika Bandan 62 bat pertsona gaude gaur egun. Oso talde gaztea gara, batez besteko adina 20-22 urte artekoa baita. Gehienak musika eskolatik etorritakoak dira, azken 20 urtetatik hona oso harreman estua baitugu eskolarekin. Gainera, Legazpin bestelako musika talde asko ere badago, eta herriko D-Pintxos edo Patxaranga taldeetako zenbait partaide, adibidez, bandako kide ere badira.

Santikutz jaiei begira, ekitaldi sorta zabala daukazue.
Festek irauten duten bitartean egunero daukagu ekitaldiren bat. Gaztea zarenean parranda eta bandarekin dituzun konpromisoak uztartzeko sakrifizioren bat edo beste egin behar da. Baina, egia esan, niri behintzat, bandak festak egunez eta gauez gozatzen irakatsi dit. Oso giro ona dago gure artean, eta horrek ere asko laguntzen du, noski.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>