Jabier Arratibelek (Zumarraga, 1969) optika ikasi zuen. Santanderren hasi zen lanean, bere ikaskide batek ireki zuen dendan, eta ondoren Hernanin eta Urretxun aritu da. Duela 10 urte bere denda ireki zuen.
Nolatan optikari?
Osasunarekin zerikusia duen zer edo zer ikasi nahi nuen, eta optika aukera ona iruditu zitzaidan. Estatuko bi tokitan bakarrik ikas zitekeen lanbide hau (Madrilen eta Terrassan) eta bietan hartu ninduten. Madrilera joan nintzen.
Lan polita al da?
Bai. Ikusmena ebaluatzen dugu, pertsona bakoitzaren gaitasuna ikusteko. Ondoren, gaitasun hori bere beharretara egokitzen dugu. Horretaz gain, betaurrekoak saltzen eta egiten ditugu. Izan ere, tailerra daukagu: kKristalak moztu eta armazoietan jartzen ditugu.
Jendeak ondo zaintzen al ditu begiak?
Gero eta gehiago. Osasunarekin sentsibilitatea hazi egin da. Dena den, oraindik badugu zer hobetu. Jendeak ikusmena zaindu beharra du. Askotan, gure ikusmenari kalte egiten dioten gauzak egiten ditugu: kalitate txarreko eguzkitako betaurrekoak eta lupak erabili, adibidez. Momentu baterako ez daude gaizki, baina ezin dira une oro erabili. Ikusmena oso garrantzitsua da eta zaindu egin behar da. Noizean behin, azterketa egin behar da. Eta arazoren bat nabarituz gero, berehala optikara joan behar da. Askotan jendea berandu etortzen da, ordurako, arazoa larria bihurtu da.
Haurrekin kontu berezia eduki behar al da?
Bai, begien garapenak haurren garapena baldintzatzen baitu. Ikusmen arazoak dituen haurrak, irakurtzen ikasteko eta komunikatzeko orduan arazoak izan ditzake.
Gizartea asko aldatu da. Ikusmen arazoak ere bai?
Bai. Gaur egun, garai batean baino askoz ere miope gehiago daude. Izan ere, ia dena gertutik ikusten dugu. Garai batean aisialdian jolastu egiten genuen edo mendira joaten ginen, baina egun pantailen aurrean jarraitzen dugu. Miopia oso hedatua dago gazteen artean. Gainera, bizitza lehen baino luzeagoa denez, adinak eragindako gaixotasunak arruntagoak dira. Kataratak, adibidez, lehen baino arruntagoak dira .
Garai batean betaurrekoak eramatea ez zen estetikotzat jotzen, baina egun bai. Aukera oso zabala dago.
Hala da. Aukeraketa ez da erraza. Inguruko jendearen estiloa kontuan hartzen saiatzen naiz. Enpresek euren saltzaileak bidaltzen dituzte dendetara euren eskaintzaren berri emateko, eta hiriburu garrantzitsuenetan azokak antolatzen dituzte. Gainera, enpresek erakustaldiak antolatzen dituzte. Denetik ekartzen saiatzen naiz, jendeak herrian bertan denetik eros daitekeela ikus dezan.
Nolakoak dira egun modan dauden betaurrekoak?
Geroz eta betaurreko handiagoak saltzen dira. Eguzkitako betaurrekoak, ordea, txikitzen ari dira.
Goierritarrok zer erabiltzen dira gehiago, betaurrekoak ala lentillak?
Lentillak estetika arrazoiengatik eta zenbait gauzetarako erosoagoak direlako erabiltzen dira. Gazteek betaurrekoak eta lentillak beharren arabera erabiltzen dituzte. Lentillak kirola egiteko erabiltzen dituzte. Edo neguan. Dena den, lentillak ez dira egun guztian erabili behar. Etxean betaurrekoak jarri behar dira.
Aholkuren bat?
Irakurtzeko orduan, adibidez, argi ona behar dugu eta bizkarra tente mantendu behar da. Bestalde, noizean behin urrutira begiratu behar da, begia gertura begiratzera ohitu ez dadin. Urrutira ondo ikusten dugula ziurtatu ondoren, irakurgaira itzul gaitezke. Bestalde, ordenadore aurrean behar baino gutxiago kliskatzen ditugu begiak. Hori jakinik, nahita kliskatu behar da, begiak atseden har dezaten eta malkoek begiak hidratatu ditzaten.