Euskarak beharra behar du

Patxi Saez soziolinguista

Patxi Saez soziolinguista

Euskararentzat paradigma berri bat sortzea nahitaezkoa dela agertu du berriki Patxi Saez soziolinguista beasaindarrak. Lidergoa falta du euskarak, eta hori Euskaltzandiak hartu beharrekoa dela uste du. Lan mundua irabaztea da giltza.

Euskara «bidegurutzean» dakusa Patxi Saez Beloki soziolinguista beasaindarrak. Orain arteko bideak eman beharrekoa eman du. Aurrerantzean, «beharra» sortzea da euskara bizitzen jarraitzeko formula. Paradigma berria definitubeharra dago. Euskaltzaindiari lidergoa hartzeko eskatu dio, hurrengo urteetarako norabidea zehatz dezan, eta 2018an —erakundearen mendeurrenean, Euskara Baturaren 50. urteurrenean— kongresu batean «mugarria» jar dezan. Lan mundua irabazi beharra dagoela ere argi du.

«Aspalditik nuen euskararen inguruan kezka. Iaz minbizia atzeman zidaten. Nire burua bidegurutze batean ikusi nuen. Euskara ere bai. Buruan nituenak plazaratu nahi nituen».

«Lan mundua euskalduntzen ez badugu, ez dugu euskara sekula normalizatuko»
«Estrategia eta paradigma bat behar da. Lidergoa hartzeko egokiena Euskaltzaindia da»
Patxi Saez Beloki, soziolinguista

Lehenik, Elefantea ikusi artikulua idatzi zuen. «Eragiteko asmoz, kontzientzia pizteko». 50 erantzun jaso zituen. «Jendea gai honekin gosez eta egarriz dagoela jabetu nintzen». Berarekin izandako elkarrizketatik ateratakoak, segidan:

Euskara bidegurutzean dago. Lidergorik ez dauka. 2015eko irailaren 10ean Andres Urrutia euskaltzainburuari horixe esan zion. «Lidergoa hartzeko Euskaltzaindia ikusten dut egokiena. Lehen ere izan zen, gauzak abian jartzeko gidaritza eduki du historian zehar. Gero, etorriko da egokitzen zaiona, eta segituko du hasitako lana, beste arloekin gertatu den bezala».

Erronka estatusean dago.  Estatusean edo egoeran. Orain arte Euskaltzaindiak corpusa landu du. «Euskaltzaindiak onarpena du gizartean, euskaldun guztiok onartzen dugu. Autoritatea du gainera, oso-oso garrantzitsua dena. Urrutiari proposatu nion heltzeko gidaritzari. Bidea gizarte zibilarekin eta euskalgintzarekin batera egin behar da».

Paradigma berria. Estrategia bat behar da, paradigma bat behar da. «Denok jarraituko duguna». Gaur egun, Sanchez Carrión Txepetx-en Un futuro para nuestro pasado tesiko 3 urratsak jarraitzen dira: 1) erabilera; 2) ezagutza; 3) motibazioa. «Hirugarren urratsean gaude, motibazioan: kanpainak, borondatea bilatzea, nahia sustatzea da politika Eusko Jaurlaritzaren hurrengo urteetarako txostenean».

Hizkuntza moldatu. Hizkuntza tresna da, komunikaziorako. Hiztunen komunikazio beharretara egokitu dira inguruko beste hizkuntza guztiak, historian zehar. Hizkuntzak moldatu beharra dago. Hizkuntzaren garapena eta modernizazioa moldatu direlako etorri dira.

Hizkuntza gutxituen definizioa. Euskaltzaindiari eskatu zion. «Nire ustez, hizkuntza gutxitua da bere hiztunen komunikazio behar guztiei erantzuten ez diena. Funtzio batzuetarako beste hizkuntza bat erabiltzen duenean hiztunak, hark bereganatu dituelako funtzio batzuk. Noiz dago hizkuntza galbidean? Bere hiztunen komunikazio beharrei erantzuteko baliorik ez duenean».

Gurdiaren paradigma. Zer egin egoerari buelta emateko? Gurdiaren paradigma asmatu zuen. Hizkuntzari tira egiten diona beharra dela planteatu du. Hizkuntza baten beharra geroz eta handiagoa denean, erabilera (gurdiaren gurpilak) ere handitu egiten da, eta ezagutza (daraman karga) ere bai. «Ondorengo urteetarako beharra sortu behar da».

Euskara lan mundura. Euskaldunak Gatazkaren sindromea deitzen duena dauka: gaztelaniaz ari diren tokian —lantokian, adibidez— euskaraz hasi eta kontra egin nahi eza. «Ulertzen da arazoak euskararekin izango ditugula, txikitatik (hirira joandakoan…). Aldiz, gaztelaniarekin ez dela arazorik izango. Enpresan, adibidez, zuzendaritzatik babes bat etortzen denean euskara erabiltzeko esanez, ziurtasun bat edo legitimazio bat ematen dio hiztunari».

Zein da bidea? Jokabidea aldatzea. «Euskaldunak euskaraz egiten jar ditzagun. Euskara bigarren hizkuntza dutenen kasuan, ikusten badu hizkuntz jokabidea euskaraz dela, joko horretan sartuko da; sistema ez bortxatzeagatik, gatazka ez sortzeagatik. Gatazkaren sindromea izango du, baina gaztelaniaz egiten duenak».

Jokalekuak sortu. Eskolan ikasten da euskara, baina egin gero ez. «Futbol eskolan bakarrik ibilita ezin da futbolean ikasi. Urte askoan, euskara ikasi dutenekin hori egin dugu: ez dute eskolatik kanpora jokalekurik izan euskaraz egiteko». Jokalekuak asmatu behar dira.

Inbertsio galdua. Gaur egun, euskaraz aritzeko interbentzio guztiak haur eta gazteengana bideratuta daude. Eskolara, unibertsitatera. Baina gero, lan mundura iristen direnean, han denak erdaraz funtzionatzen du. «Gizarteak pertsona horiek euskalduntzen egiten duen inbertsio guztia galtzen da».

Lan mundua da giltzarria.  Hor eragin behar da. Lan mundua da gizakiaren jarduera garrantzitsuena. «Bizitzaren lehen 25 urteetan ikasten dugun guztia lan munduari begira ikasten dugu. Gizakiaren oinarrizko beharra da elikatzea, jatekoa bilatzea. Garai batean, ehiza zen lana, egunaren ordu gehienak horretan pasatzen zituzten, jatekoa lortzen. Orain 15.000 urte ere lan munduaren inguruan zegoen antolatuta bizitza. Orain ere bai. Denbora gehiena lanean pasatzen dugu, esnarik gauden denboraren erdia baino gehiago».

Lan mundua euskaldundu. «Lan mundua euskalduntzen ez badugu, ez dugu euskara normalizatuko. Beharrezko egin dezagun euskara lan munduan, eta gizartean ere beharrezko egingo dugu. Ahulezia indartu dezagun; etsaiak oso ondo daki euskararen ahulezia lan munduan dagoela, eta horregatik diote ez duela balio lana bilatzeko, lanerako».

Corpusa/bizi indarra. Azken 30 urtean corpusari eman zaio garrantzia. «Ondo, beharrezkoa zen; euskara batua finkatzea… Baina hizkuntzari hiztunek ematen diote bizi-indarra. Gaur egun, orduan baino %70 lur (hiztun) gehiago dauka loreontzi hark. Baina ez dio bizi-indarrik ematen landareari (hizkuntzari), dakitenek ez dute euskara erabiltzen».

Inkestak babestuta. Abenduaren 3an iritzi artikulua 16 mediotan atera eta inkesta bat martxan jarri zuen Interneten: a) Euskaltzaindiak gidaritza hartzearekin ados %83 dago; b) 2018an Euskaltzaindiak kongresu bat egin eta estatusaren mugarria jartzearekin ados %85, ondoren nondik jo behar den azaltzeko.

Euskaltzaindiak hasi du bidea. Otsailaren 12an jardunaldia antolatu zuen, Saezen eskaerari erantzunez, iritziak jasotzeko. Informazio horrekin erabakiko du zer egin. «Baina Euskaltzaindiak bere bidea egitea erabaki duela aurreratu zidan Urrutiak; hori ez da sekula gertatu. Nik helburua lortu dut: kezka batetik eztabaida bat piztu, eta pausoak hasi. Dena batera etorri da».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>