«Gozamena dezente handiagoa izan da sufrimendua baino»

IKER_IRRIBARRIA_PILOTARIA-3

Ostiral goiza. Patxadatsu dago Arama, N-1eko zarata etengabea kenduta. Eta patxadan azaldu da Iker Irribarria Olazabal (Arama, 1996), etxetik Loitza frontoirako 50 metroak lasai eginez. Urtebete osatuko du martxoaren 22an pilotari profesional. Nola kirolari, hala pertsona gisa, heldutasun harrigarria erakutsi du. Frontoietako argiek ez dute itsutu.

Urtebete egin duzu profesional. Zer iruditu zaizu mundu hori?

Berria. Gauza asko aldatzen dira, batez ere frontoiko tentsioa, ikustera joaten den jendea eta daukan oihartzuna. Urtea niretzat oso ona izan dela uste dut. Aurrena, ez nuen espero debutatzea. Gero, 2. Mailako finala jokatzea eta 4 t’erdian sartzea opari handia izan zen. Binakakoa, zer esanik ez. Maila emateko eta ikasteko urtea izan da.

Lehendabiziko urterako gehiago eskatzea zaila da, ala?

Bai. Arantza bat ere badugu: finala ezin irabazia eta 4 t’erdikoan aurrenekoan etxera joan beharra. Binakakoan, nahiz eta maila txukuna eman, 22ra ezin izan dugu nahi genuen beste ailegatu. Hor ikusten da goian dagoen maila; ez baduzu %100 jokatzen, ezinezkoa da irabaztea. Baina, beste alde batetik, ikaragarrizko urtea izan da. Gauza asko ikasi dut, aldi onak eta aldi txarrak pasatu ditut, eta pilotari bezala ere hazten joan behar dugu pixkanaka.

Debutari izateko, zeure buruarekiko oso eskatzaile eta lehiakor ikusten zaitut.

Azkenean, lehiakorrak ez baldin bagara izaten, ez gara aurrera joaten. Baina oraindik 19 urte dauzkagu, profesionaletara ailegatzen azkenak gara, eta oraindik kazkarreko asko hartu eta ikasi beharra daukagu.

Espero zenuena aurkitu duzu profesional esparruan?

Ez. Egia esan, pentsatzen nuen aldagelan giro kaxkarragoa egongo zela. Gazte dezente igo gara, gure artean lehen ere harreman oso ona genuen, eta lehen zeudenekin ere inongo arazorik ez dago. Denak pertsona onak dira. Giro hori ez nuen espero. Txapelketa baten aurrean, tentsioa egongo zela uste nuen. Nahiz eta badagoen, umorea ere ikaragarria da, eta gustua ematen du horrela.

Espero baino hobeto, orduan?

Bai, bai.

Zer gustatu zaizu gehiena? Pilotari bizimodua zer moduz?

Pilotari bizimodua ederra da. Futbolarekin ezin da alderatu, bi dimentsio diferentetako kirolak dira. Baina, bere txikitasunean, Euskal Herrian garrantzia handia dauka pilotak, eta alde horretatik bizimodu polita da. Bidaiatu gutxi egingo dugu: kilometroak hemen egiten ditugu; Errioxa aldean, asko jota. Euskal Herria ezagutu, eta giro on horretan gustura ibiltzen da.

Futbolarien famaren pare ez agian, baina pilotariek ere baduzue prestigioa, oihartzuna.

Bai. Noski, hemen bertako kirola izanda, bere inportantzia badauka. Ekonomikoki ez futbolak hainbeste, baina segitzen da. Oihartzuna badauka.

Ondo hartu duzu ospe hori?

Nik lehen bezalakoa izaten jarraituko dut. Bakoitza den bezalakoa da: ni saiatzen naiz egunerokoan lehen nintzen bezalakoa izaten. Momentu askotan zaila izaten da; jendeak askotan gelditzen zaitu kalean. Zurea egiten segi behar duzu, eta hankak lurrean eduki. Ez naiz famatua kontsideratzen, eta lehengo gauza igualak egiten ditut. Nire aldetik, hori nahiko ondo daramat.

Frontoian patxada transmititzen duzu. Eguneroko bizitzan ere hala dirudi.

Amak esaten dit patxada frontoian-eta bai, baina etxean pazientzia gutxi dudala [barreak]. Nik ikasten segi behar dut, bai ikasketetan, bai pilotan. Bertatik bizi baldin baliteke, askoz hobeto. Baina badakigu pilota dagoen tokian dagoela oso zaila dela. Gozatzen saiatuko gara. Nahi dudan gauza bat da pilota; gustatzen dena egitea eta gainera hortik bizimodua atera ahal izatea une batean, bere alde onak baditu.

Jakitun zara pilotaren promesa handietako bat zarela etorkizunerako, ezta?

Jendeak hala esaten du, eta egunkarietan irakurtzen duzu hiru gaudela momentuan oso onak atera garenak, edo etorkizun handia daukagunak. Baina etorkizuna, ez badugu egunean lan egiten, alferrik da. Orain bezala entrenatuz segi behar da, gauzak garbi edukiz, egunetik egunera. Ailegatzen baldin bada, askoz hobeto; eta ez bada, sentsazioa eduki behintzat dena eman duzula.

IKER_IRRIBARRIA_PILOTARIA-7

«Oraindik kazkarreko asko hartu beharrean gaude»

«Profesionaletan, aldagelan giro kaxkarragoa espero nuen. Umore ona dago»

«Promesa garela? Etorkizuna, ez baldin badugu egunean lan egiten, alferrik da»

Binakakoan izan zenuen lesiotik osatu zara erabat?

Bai. Eskua nahiko gaizki eduki nuen. Gero, lesioa joaten den azken tokia burua izaten da. Ez duzu zure maila ematen. Baina pasatu genuen, eta azken hiru partidetan eman dut.

11 hilabetean 51 partida jokatu dituzula dio Asperen webgunean. Eskuek ere antzeman behar.

55 bat jokatu ditut. Aurreneko urtea izateko, partida dezente dira. Eta, asko baino gehiago, zer mailatako partidak. Udaz geroztik nahiko maila altukoak jarri dizkidate. Horrelako jaialdietan irabaztea oso-oso zaila da. Batzuk irabazten dira, baina normalean galtzea tokatzen da. Txapelketan, aurreneko urtea izanda ere, ez dira oso zenbaki onak. Baina partida zailak izan dira hor.

Probatzeko falta zaizuna buruz buruko txapelketa da. Zerbait esan al dizute aurtengo?

Ez. Oraindik nahiko urruti gelditzen da [martxoaren 4an]. Gu prestatzen hasiko gara, eta etortzen baldin bada, saiatuko gara aprobetxatzen.

Zure burua nola ikusten duzu frontoi osoan, banaka?

Ez da erraza. Gehien gustatzen zaidan modalitatea buruz buru da. Baina gehiena sufritzen dena ere bada. Partida txukuna eginez gero irabazi bai, baina galtzeko ere erraza izaten da. Gaizki ere ez dut ikusten nire burua, aukerekin bai.

Orain arteko pilotari esperientzian, gozamen eta sufrimendu balantza norantz daukazu?

Gozamena dezente handiagoa izan da. Momentu txarrak ere pasatu ditugu, eta buelta ematen jakin dugu. Hori ere inportantea da. Hainbeste urtetan, gazte-gaztetatik egindako lanak eta ilusioak bere fruituak eman ditu. Orain lana beste era batera hartzen duzu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>