Vazquez anaia-arrebak kastako igerilariak

Erika, Agustina eta Ezekiel Vazquez Miccielli anaia-arrebak.

Erika, Agustina eta Ezekiel Vazquez Miccielli anaia-arrebak.

Hirutik hiru. Hiru anaia-arreba dira Vazquez Miccielitarrak. Hiruak Beasaingo Igartza igeriketa taldeko igerilariak dira eta hiruek lortu dute Euskadiko igeriketa txapelketan parte hartzeko gutxieneko markak egitea. Euskadiko txapelketara joatea bera izan da saria beraientzat. Ezekielek, ordea, sari handiago bat, brontzezko domina 20 ehunenekora gelditu zaio, bular estiloko 200 metroan. Denboraldia aurreikusi baino hobeto joan zaie hiruei. «Denbora onak lortu ditugu. Inoiz ez genuen usteko honaino iritsiko ginenik», zehaztu dute hiru senideek.

Agustinarentzat (Uruguai, 1997) urte berezia izan da. Pasa den irailean unibertsitatean Zuzenbide ikasketak hasi zituen eta igeriketa utzi egin zuen. Berehala konturatu zen, ordea, kirola egitea zeinen garrantzitsua zen. «Urtarrilean hasi nintzen berriz entrenatzen eta oso gustura nago emaitzekin». Gasteizko Euskadiko txapelketan, bizkar estiloan, 50 metroan lehiatu zen, helduen mailan. «Espainiako eta Europako minimak dituztenak ere izan dira.  Oso maila altua», gaineratu du.

Ezekiel (Beasain, 2002) eta Erika (Beasain, 2003) alebin mailan lehiatu dira aurten, eta datorren denboraldian infantiletan ariko dira. Santurtzin (Bizkaia) jokatutako Euskadiko txapelketan, Ezekiel bular estiloan aritu zen, 100 eta 200 metroan. «Ondoen moldatzen naizen estiloa bular estiloa da, baina asko gustatzen zaizkit bizkar estiloa eta tximeleta». Erikak hiru probatan hartu zuen parte: 100 eta 200 estiloetan, eta 100 bizkar estiloan. Ahizpari bezala, bizkar estiloa gustatzen zaio gehien Erikari ere.

Igartza igeriketa taldeko kideak dira. Etxeko txikienak, Erikak irekitako bideari jarraitu diote zaharragoek ere.  Taldean giro ona daukate eta horrek ere arintzen ditu entrenamenduetako orduak. «Kirola egiteaz gain, oso ondo pasatzen dugu. Oso giro ona daukagu».

Sakrifikazio handia

Izan ere, ia egunero entrenatzen dute: «Dedikazio handia eskatzen du igeriketak, eta motibazioa eta gogoa edukitzea garrantzitsua da. Bakarrik entrenatu behar dugu gainera, ez da taldeko kirol bat», diote Vazqueztarrek. Dena den, argi dute: «Sakrifizio handia da, baina emaitza onak motibatu egiten gaituzte».

Teknika lantzea ere garrantzitsua da. Irteera bera, adibidez. «Teknika ikasi behar da lehenengo. Irteera garrantzitsua da; irteera gaizki eginez gero, denbora asko galtzen da», dio Ezekielek. Agustinari Euskadiko Txapelketan pasatu zitzaiona da horren lekuko.  «50 metro bizkar lehiaketan, igerilekua 50 metrokoa zen, irteeran 6,5 segundo egon behar nintzen ur azpian eta 7,2 segundoan egon nintzen. Denbora galdu nuen», zehaztu du Agustinak. Juantxo Amundarain dute entrenatzailea eta datorren denboraldian,?Xantale Amundarain ere izango dute irakasle. Entrenatzaileen lana eskertzeaz gain, gurasoek hartutako konpromisoa eskertu nahi dute Vazqueztarrek. Eta nola ez, baita taldekideena ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>