«Pilota etxean beti ikusi dudan kirola izan da»

Maddi_Mendizabal_pilotari_

Haurra zenetik bizi izan du pilota Maddi Mendizabalek (Zaldibia, 1993). Ez da harritzekoa hortaz, kirola oso gustuko duen gazte zaldibiar honentzat Laboral Kutxa Emakumeen Master Cup txapelketa berezia izatea. Euskal Ikasketetako gradua amaitua du, orain, apirilean irakasle masterra egiten hasteko. Bitartean, lantxo txikietan dihardu, «Ordiziako ikastolako jangelan edo palako eskolak ematen astean hirutan».

Noiztik datorkizu pilotarekiko afizioa?
Haurra nintzenetik ibili izan naiz frontoian, aitarekin edo anaiarekin. Etxean beti ikusi dudan kirola izan da, eta zaletasuna hortik datorkit.

Talderen batean aritzen zara?
Anoetako Su-Berri klubean nago orain, baina aurretik Zaldibiako pilota taldean eta Ataunen ere aritu nintzen.

Emakumeen Master Cup txapelketan parte hartuko duzu.
Urtarrilaren 22an hasi ziren lehendabiziko kanporaketak jokatzen. Nik etzi jokatuko dut Larrabetzun, Ainhoa Garmendiarekin bikotea osatuz. Urteak dira emakumea eta esku pilota aipatu ez direla. Iaz Bartzelonan izan zen txapelketak oihartzun handia izan zuen eta nik uste horrek bultzada eman diola. Udan ere hiriburuetan txapelketak jokatu dira, eta pixkanaka hedabideetan agertzen hasi gara.

Bikotekako txapelketa da. Nola ikusten dituzu zure aurkariak?
Alegiako Ainhoa Garmendiarekin jokatuko dut nik. Aurkari gehienak ezagunak ditugu, gure klubekoak batzuk. Badaude bikote pare bat faboritoagoak direnak.

Zein helbururekin hartuko duzu parte?
Txapelketan 75 pilotari arituko gara, eta kopuruari begiratuz gero poztekoa da. Txapelketa den heinean irabaztera aterako gara, baina ondo pasatzeko helburuarekin.

Nola ikusten duzu gaur egun emakumeen pilota?
Emakumeen pilota, eskuz, orain ari da pixkanaka berpizten. Bitartean palaz aritu gara batzuk. Tarteka eskuz ere bai, baina seriotasun handiegirik gabe. Gipuzkoan txapelketa nahikoa egiten dira, baina pala modalitatean batez ere. Eskuz orain arte ez da txapelketa ofizialik egin.

Zer egin beharko litzateke emakume edo neska gehiago animatu daitezen pilotan jokatzera?
Ez da erantzuteko galdera erraza. Eskola kirolean aritzen dira neska batzuk, baina Lehen Hezkuntza amaitzean mutilek gora egiten dute, batez ere indarrean. Ordura arte neska eta mutilak batera jokatzen dute, baina maila horretatik aurrera zailagoa da. Nire kasua ere horixe izan zen. 12 bat urterekin utzi nion eskuz jokatzeari, baina jarraitzeko gogoa nuenez, Ataunera joan nintzen, han nire egoera berdinean zeuden pilotariak baitzeuden. Eskuz ibili eta gero, palan hasi ginen.

Pilotan jokatzen jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, palan eta posible bada eskuz ere bai. Ea oihartzun honek jarraitzen duen eta neskek eskuz jokatzen jarraitzen dugun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>