Irudimenarekin jolasean

OLYMPUS DIGITAL CAMERAAitona-amonen jolasen tailerra egin berri dute Ezkioko Igartubeiti baserrian. Aurrekoen jolasteko erak erakutsi dizkiete pantailen aroko haurrei.

Zertara jolastuko ziren zehazki azaldu aurretik, Igartubeiti Ezkioko Baserri-Museora joandako haurrei euren aitona-amonak zein jolas motatan aritzen ziren ba ote zekiten galdetu zieten. Umeontzat horren ohikoak ez izanda ere, unibertsalak diren jolasen bat edo beste aipatu zuten. Aitona-amonek esku artean nola inguruan zituzten materialak erabiliko zituztela sumatu zuten eta materialez harago, umeek ederki asko asmatu zuten zein zen euren aurrekoek jolasteko erabiltzen zuten lehengaia: irudimena.

Puxtarrietan jolasteko, esate baterako, arkumeen hezur txikiarekin aritzen zirela azaldu zieten Igartubeitiko tailerrean, zeukatenetik hartzen zutela, alegia; hala ingurukotik nola elikatzen ziren horretatik ere.

Eta XVI. mendean?

Igartubeitiko tailer zehatz horretan 4 urtetik 10 urtera bitarteko 18 haurrek parte hartu zuten. Egungo umeek jolasten dituzten jolasak alde batera utzi, eta jolas tradizionaletan aritu ziren. Tartean, lasterketa jolasak ere egin zituzten: uztaiak, gurditxo lasterketa, zaku lasterketa… Guraso batek baino gehiagok ondo asko ezagutzen zituen jolasetan aritu ziren eta haurrek egunerokoan erabili gabe, «presente dituzten jolasak» direla azaldu du Igartubeitiko Iban Maizek.

Tailerraren beste atal batean oraindik eta atzerago egin zuten haurrek denboran. Igartubeiti baserriaren izaerari estu lotuta, XVI. mendeko haurrek zertan jolastuko ziren irudikatzea eskatu zieten umeei eta haurren ahoetatik gehien atera zen hitza irudimena izan zen. Iragana nork bere erara marraztuko zuen, baina guztiak bat etorri ziren garai urrun haietako haurren jolasetan irudimena nagusituko zela esaterakoan. Irudimena eta, akaso, harriak erabiliko zituztela jolasteko, bestelakoan, eurek ari ziren bezalatsu jolastuko zutela erantzun zuten Igartubeitikoek proposatutako ariketan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>