Buruaren pisuak zanpatuta

Antxiñe MendizabalAtlas izeneko lepondoko ornoa zuzentzen ari zait kiropraktikoa. Bizkarrezurreko lehenengo orno zerbikala da eta buruaren pisua sostengatzen du, 5-6 kg inguru. Atlasa ondo orekatua badago, pisua egoki banatzen da gorputzaren bi alderditan. Aldiz, behar bezala lerrokatuta ez badago, garunaren eta gorputzaren arteko komunikazioa ez da ona eta, era batean edo bestean, gorputz osoaren funtzionamenduan eragiten du. Atlasa ongi lerrokatuta izatea ezinbestekoa omen da gure osasunerako.

Ezagutu orduko eman  zidan arreta aipaturiko hezurraren izenak: Atlas, Greziako mitologian aipatzen den titan errukarri haren izen bera, Olinpoko jainkoen buruzagi Zeusek zeruaren pisua bere bizkar gai-nean eramatera behin betiko zigortu zuena.

Gizakiok Atlas bezain burumakur gabiltza askotan, sorbaldetan pisu handi bat eramango bagenu bezala, gure buruaren pisua, alegia. Ez da harritzekoa buruak ematen dizkigun lanak kontuan hartuta. Zigorra dirudite askotan.

Gero eta sinetsiago nago (geure) buruari garrantzi handiegia ematen diogula, kasu gehiegi egiten diogula; eta gorputzari, berriz, gutxiegi. Aza-lean geratu ohi gara, gorputzak berak barrenetik ematen digun informazioari entzungor, ilargian baino gehiago, geure buruetan sartuta gaudelako. Eta orduan beti etortzen zait burura Chi Kung irakasle batek esandakoa: «Buruarekin pentsatzeari utzi eta gorputz osoarekin pentsatzen ikasi behar dugu». Einstein handiak ere antzeko zerbait esan zuen bere garaian: «Gure iharren sentipenekin pentsatu behar dugu». Izan ere, asko dira erakusten saiatzen ari direnak gure garunak eta bere egitura emozionalak erabakitzen dituela gorputzaren forma eta osasuna eta, era berean, gure antolaketa fisikoak eragiten duela gure pentsamenduan eta emozioetan.

Halere, esandakoari jaramonik egin gabe, burua gure izatearen zentroa balitz bezala bizi gara. Eta periferia baino ez da. Beraz, ez genioke lepagainekoari horrenbesteko garrantzirik eman behar, ez gintuzke osorik baldintzatu eta gidatu behar. Izan ere, gorputzak
errealitateaz ematen digun pertzepzioa garunarena baino egiazkoagoa da gehienetan.

Horrenbestez, gorputzaren grabitate-zentroa gerrialdeko 5 ornoaren aurrealdean edota hezur sakroaren 2 ornoaren bueltan dagoela jakitea komeni zaigu. Halaber, Ekialdeko zientzien arabera, zilborretik bi hatz behera dago gorputzaren energia-zentrorik erabakigarriena, bizi-energiarik indartsuena. Norbere zilborrari begira egoteak, beraz, ez du ematen sinestarazi nahi izan diguten bezain arbuiagarria.

Ikaragarrizko iraultza izan zen lurra unibertsoaren zentroa ez zela onartzea. Duela gutxi, berriz, lurraren antz handia daukaten zazpi planeta berri aurkitu dituzte. Eredu geozentrikoa gainditzea baino gehiago kostako da gizakiaren zentroa burua ez dela eta gorputz osoa unibertso mugagabe bat dela onartzea. Bien bitartean zuen Atlasak lerrokatzea proposatzen dizuet, Greziako titan gizagaixo hark bezala, buruaren pisuaren azpian zanpatuta buka ez dezazuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>