Joxepa Madariaga eta Inaxio Usarralde

Joxepa Madariaga

Aupa, Inaxio!, beltz natorkik, triste, etsipenez, penaz.

Garoñak segi dezala energia nuklearra sortzen, itxi gabe. Langileek eta langileen familiek bizitzeko behar ditek, hortik jaten ditek, ez dituk gerta daitezkeen istripuen beldur, langabeziari ziotek beldurra.  Sorian, Espainian, Euskal Herritik hurbil, laster ditek 20.000 buruko behi-ukuilua martxan. Lanpostuak sortuko dizkik. Euskal Herrian behar dugun esne guztia, ondo kontrolatutako ganaduak emana, han sortuko duk. Enpresa txikiagoak, familia girokoak, esne sanoa ekoizten ahalegintzen direnak bukatzera zoazak. Horixe txikiaren eta goxoaren «destino petrala». AHT eta autobideak eraiki beldurrik gabe, han eta hemen, Espainian, Gaztelako zelaietan bezala Euskal Herrian, mendi eta malkarretan. Bizkor, arin, airoso eta ziur egin behar dizkiagu bidaiak, oraintxe hemen eta oraintxe han egon behar diagu, bidean denborarik galdu gabe. Tentsio oso altuko joan-etorriko linea bikoitza buru gainean. Eguzkiaren gozotasunaren ordez, erradiazio magnetikoak garunak dantzan jarrita, ederki ibiliko gaituk, elektriko, lehenaz gain. Ezin biziko gaituk leize-zuloetako arbasoak bezala, ez wifi, ez telefono, ez ordenagailu… Errauskailua. Sortzen dugun zaborra erre eta desagerrarazten dik. Erosoa duk, dena irentsi eta suntsitu. Pasako digun faktura, euroekin eta osasunarekin ordaindu beharrekoa, ezereza duk, egingo digun mesedearen ondoan. Kontra dauden mediku, zientzialari eta teknikariak alarmista hutsak dituk. Aralar. Pista gehiago behar dizkiagu, artzainek eta ganaduzaleek lana baldintza duinetan egin eta, guztiok, besteak beste, kategoriako gazta jan ahal izan dezagun.

Proiektu handiak, makro-proiektuak, txikizioa, kutsadura, abiadura, klima aldaketa eta gaixotasunak. Ongizatea helburu. Ondorengoei kaka uztea ez zaiguk axola.Madariaga-Usarralde Hauxe duk bakoitza geure zilborrari begira bizitzea: ni, ni eta ni.

Inaxio Usarralde

Tira, Joxepa, ez arrazoirik ez dagoelako, baina ikatza baino beltzagoa margotu digun panorama! Ez zekinat behar adina irin izango den inguruan pittin bat argitzeko… Beno, zer nahi dun esatea? Zenbaitzuen aurrerabidearen zentzua oso ezbaian jartzekoa dela uste dinat. Eta, aizan, ez ditun denak aipatu! Oraingo martxan segituz gero, 2050ean arrain baino plastiko gehiago izango dun itsasoan, zientzialariek diotenez. No, aizan! Minuturo, kamioi bat zaborrez betetzeko adina hondakin botatzen dinagu putzu handira. Dena ezin ba erraustu, emakumea… Zer egingo dinagu begi aurrean sobera geratzen zaigun guztiarekin: bistatik kendu, itsasora! Eta horrela zoakinagu… Arraina jaten ari garelakoan plastikoa jaten gabiltzan.

Baina, ilunpean argi egiteko asmoz, aste honetan bertan ikasgai ederra eskaini zigun Josu Iztueta bizizaleak Gerriko Txokoan. Gerratik ihesi Europara sartu nahian dabiltzan errefuxiatuen egoera hizpide hartuta, Iztuetak esan zigunan beraiek odol-huste handi baten erdian tirita txiki bat jartzen izan direla, neguko arropa Serbiara eramanez. Ezer ez baino gehiago dun, hala ere. Eta hori apal baina alaitasunez egiten bada, ez zegon errebeldia handiagorik. Azken adibidea: Bilboko Iberdrola dorrearen gonapean bertan «Entzun ezazu Iberdrola, Garoña ez!» kontzertu klandestinoa eman diten. Dantzatzen duen herria ez baita inoiz,  ez aspertuko, ez hilko!

Iruzkinak (1)

  1. Emilio(e)k dio:

    Segi horrela Joxepa, Aralar bueltako Donald Trump ezkertiar faltsuak seinalatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>