Izar amarekin biziko dela jakitean poz txiki bat piztu zitzaigun barrenean. Zentzuzkoa da, bidezkoa, logikoa, beharrezkoa. Izan ere, nola eduki dezakete amarengandik urrun aitak tratu txarrak emandako haurtxo bat? Baina kiribilduta izan dugu bihotza erabakiaren berri jakin arte; beti bezala, gugandik urrun dagoen norbaitek bere kasa hartutako erabakiaren berri eman arte.
Nork ematen ditu hain garrantzitsuak diren epaiak? Itxuraz erabakiaren eragina jasan behar duten pertsonei buruzko ezer gutxi dakitenek, pertsona horien ataka larria zein den ezagutzen ez dutenek eta horien tokian jartzeko inolako asmorik ez dutenek.
Zer gertatu da, bestela, EITBren Euskalduna naiz, eta zu? saioaren jira-biran? Umorea zimendu hartuta euskaldunok espainiarrak nola ikusten ditugun definitu izanak hautsak harrotu ditu Ebroz behealdera. Saioko hizlari guztiek eman zuten euren iritzia, baina eztena eskuan hartuta, bereziki Miren Gaztañagarengana jo dute, inguru haietan ekoitzitako film batean parte hartzen duen aktorea delako, akaso. «Guri buruz gaizki esaka, baina gurekin lanean, ezta?», esan nahiko baliote bezala, haurrek nola.
Espainiarrek euren buruaz trufatzeko behin eta berriz esan dituztenak (El Club de la Comedia saioko bakarrizketetan ez al dituzte EITBko saioan botatakoak baino hamaika bider larriagoak aldarrikatu?) beste begi batzuekin ikusten dira euskaldun baten ahotik ateratzen badira. Uxoa Anduaga soziologoak dioenez, Euskal Herria da «anomaloa», eta hari buruzko umorea egitea onartu egiten da. Espainiari buruz gauza bera eginez gero, berriz, botereak jarritako marra gorria zeharkatzen da, eta horrenbestez, alarma guztiak pizten dira.
Botereak, judizialak, legegintzakoak zein masarenak, du azken hitza, eta hark emandako epaiek berebiziko eragina dute. Gaztañagak zein EITBk barkamena eskatu dute, gauza txarren bat egin balute bezala. Batak jokoan izango du, agian, gure mugetatik kanpo ekoizten diren lanetan parte hartzeko aukera. Eta guztiona eta publikoa den EITBk bere irudia garbitu, eta lehiakideen aurrean ondo geratu nahiko du, beharbada. Baina oraingoan ere, amen egin diete kanpoko botereek ezarritako irizpide zein usteei.
Horregatik, euskal gizartea amildegi baten gaineko zubi gisa irudikatzen dut. Egurrezko zubia, kaskar samarra, egongaitza. Pauso bat ematen dugun aldiro, egur puskak txikitu, eta amildegian behera beren buruaz beste egiten dutela. Zubia zeharkatzen ari garenok kinka larrian egongo gara, baina hori ez da okerrena. Okerrena da, eta askotan ikusten ez duguna, zubia igaroezina izango dela aurrerantzean; galduak izango dituela gure pauso zehaztugabeei oinarria emango dieten oholtxo zartatuak. Eta kito! C’est fini. Ezingo dugu sekula santan berriro bide bera egin. Agortuta izango ditugu aukera guztiak.
Ez nuke nahi nire atzetik datozenek zubi birrindu batekin topo egitea. Ez nuke nahi euren adierazpen eta jardute eskubideak urratuta, edo aukera guztiak agortuta izatea. Eurek ere erabakitzea nahi nuke, pentsatzen dutena lau haizetara zabaltzeko askatasuna izatea, nahiz eta jakin batean kale eta bestean bale izango dela.