Otxandiotik Iruñerako bidea egingo du 20. Korrikak ‘BatZuk’ lelopean. Goierrira apirilaren 8an iritsiko da.
Euskararen aldeko ekintzarik handi eta parte-hartzaileenak, Korrikak, 20. edizioa du aurten. 1980an sortua, 37 urte dira Korrika jaio zela AEKko eta AEKtik kanpoko hainbat lagunen ekimenez. Korrika hark Euskal Herria euskalduntzea zuen helburu, eta nahi berari eusten dio, euskara ez baita oraindik egoera normalizatuan bizi. Hori dela eta, orain ia lau hamarkada Korrikaren lekukoa eskuz esku jarri zuten haiek izango dira Korrikaren omenduak.
Otxandion (Bizkaia) abiatuko da 20. edizioa eta Nafarroako hiriburuan, Iruñean, bukatuko da apirilaren 9an. BatZuk izango da aurtengo leloa. Asier Amondo Korrikaren arduradunak honela laburbiltzen du goiburuaren esanahia: «Hizkuntza, kultura, mundu ‘BAT’ sendotzeko bidean, ‘ZUK’ ere bat egin dezakezu, zuretik, zure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun».
Goierrin apirilaren 8ko goizaldean, 01:51n, sartuko da Korrika Urretxutik barrena eta 04:50ean irten Legorretatik. Tarte labur batean Tolosaldean izango da, eta 06:30en jiran, Zaldibiara iritsiko da eta 11:00k arte Goierrin izango da atzera, Udanako gainean Debagoieneko herritarrei lekukoa emateko.
Eta ekitaldiro egiten duen legez, 20. Korrikak ere badu kanta: Zirkorrika. Doinu balkanikoak gogora dakartzan abestia da, bizia eta alaia. Xabier Zabalak konposatu du musika eta hitzak Uxue Alberdi bertsolariarenak dira. Izaro, Petti, Miren Narbaiza (Napoka Iria), Jurgi Ekiza (Willis Drummond) eta Oihana Fernandez (Afu) dira abeslariak, eta musika, berriz, Jarauta 69 txarangak eta Oreka TX-k jarri diote.
Hasierako garai haiek
Lehenengo Korrika, 1980an, Oñatin hasi eta Bilbon bukatu zen, Zuek ere esan bai euskarari lelopean. Bigarrena Iruñetik Donostiara egin zen 1982an; hirugarrena 1983an Baionatik Bilbora; eta laugarrena Atharratzetik Iruñera 1985ean. Lau edizio horien pasaera Goierriko Euskal Eskolaren bueltako jendarteak koordinatu zuen Goierri beheko kasuan, eta 1987koa izan zen Goiztiri AEK euskaltegi sortu berriak koordinatu zuen lehena. Hendaiatik Bilbora egin zen 5. Korrika, Euskara, zeurea goiburupean.
Rosa Arregi, Josune Mujika eta Karmele Santoyo Goiztiri AEKko lehen irakasle taldekoek gogoratu dituzte garai hartako ibilerak. «Gu sortu ginenean guk hartu genuen gure gain Korrikaren koordinazioa. Han ez zegoen ez liberaturik, eta ez ezer. Eromena izaten zen, irakasle lanaz gain Korrikari zegozkion lan guztiak guk egin behar izaten genituen: eskolak eman, bilerak, diru bilketa…», adierazi du Arregik.
«Anabasa» da Santoyori lehen kolpean atera zaion hitza: «Lehen Gipuzkoako batzorderik ere ez zegoen! Orain Euskal Herri mailako arduradun bat dago, herrialde bakoitzak ere badu, eta gero eskualde bakoitzak bere koordinatzailea dauka. Lehen ez zegoen horrelakorik». Mujikak hitz gutxitan laburbildu orduko giroa: «Hura militantzia zen».
Hiru batzorde nagusi
Beasainen, Ordizian eta Lazkaon Korrika batzordeak bazeudela gogoratu du hirurek. «Herrietako jendea batzorde horietara joaten zen. Gaur egun 18 batzorde daude, eta koordinatzaileak gidatzen ditu. Herri askotan jende berak jarraitzen du batzordeetan». Horietan, besteak beste, Korrika Kulturalerako ekintzak antolatzen dira. Hilaren 29an, esaterako, Goierriko Bertso Korrika egingo da Ordizian Iban Urdangarin, Nerea Elustondo eta Aratz Igartzabalekin, eta hilaren 31n ere ekitaldi sorta polita dago. Agenda osoa Goiztiri AEKren blogean kontsulta daiteke.
Urteak pasatu dira, baina beharrak, kezkak eta nahiak sorrera garaikoen tankerakoak dira. «Korrikak beharrezko izaten jarraitzen du, eta iruditzen zait herriak aktibatu egiten direla», esan du Santoyok. «Kontzientzia hori piztu beharra dagoela uste dut, hori galtzen ari baikara, eta Korrikak begiak irekiarazteko balio badu… Jakin arren, euskara gutxiago erabiltzen da, eta jende gazteak gero eta gehiago egiten du gazteleraz», gaineratu du Mujikak. Eta ekarpen ekonomikoa ere «tamalez nahitaezkoa» dela nabarmendu dute hileroko gastuei aurre egin nahi badiete.
Goiztiri AEK euskaltegia, 30 urte euskal hiztunak sortzen
Korrikak zenbaki borobilen edizioa du aurtengoa, baita Goierriko Goiztiri AEK euskaltegiak ere, 2016-17 ikasturtean 30 urte bete baititu. Beasainen, Lazkaon eta Ordizian egin zituen lehen urratsak, eta bidean egoitza asko izan ditu: Beasainen, Gaztetxearen lokaletan, udaletxeko areto eta geletan, udal euskaltegiko lokaletan, Kale Nagusiko etxe batean, ikastolaren lokal batean…; eta Ordizian, Jakintza ikastolaren lokaletan, Santa Anan, Dorrea etxean…
Gaur-gaurkoz euskaltegi bana dauka Goiztiri AEK-k Ordizian eta Beasainen. Ordiziako egoitza berria 25. urteurrenean estreinatu zuten, eta Beasaingoa 2015. urtean. «Horrelako instalaziorik ez dugu sekula izan AEKn. Ordiziakoa urteurreneko opari polita izan zen», nabarmendu du Karmele Santoyok.
Hasierako filosofia eta helburu berberekin jarraitzen dute lanean: metodo komunikatiboa eta kultur ekintzak oinarri hartuta euskal hiztunak sortzea. Urteen joanean aldaketak nabariak izan dira hala ere. «Gizartea aldatu da, eta euskaltegia egokitzen ari da behar horietara». Batetik, ikasleen profilari erreparatu dio –kontzientziaz baino, euskara lanerako behar duten ikasleak–, eta bestetik, eskolak on-line hartu nahi duten ikasle kopuruari. Ordizian eta Beasainen ez ezik, Idiazabalen, Zaldibian, Ataunen eta Itsasondon dituzte taldeak aurtengo ikasturtean.