«Era duinean eta eskubide ororen jabe lan, ikasi eta bizi nahi dugu»

Urdangarin-Mikel-7

Mikel Urdangarin (Beasain, 1994) Ernai gazte antolakundeko bozeramaileetako bat da. Gazteen egoeraz, arazoez eta erronkez hausnarketa egin du beasaindarrak.

Inurritegia eztabaida bukatu berria du Ernaik. Zein izan da eztabaidaren eduki nagusia?
Urtarriletik apirilera garatu da eztabaida eta besteak beste, honako eztabaidagai nagusiak izan ditugu: gazteon arazo eta suminduratik abiatuta, nola piztu ditzakegu borroka ezberdinak? Nola gauzatu ditzakegu gazteon arazoei soluziobidea emango dioten proiektu alternatiboak? Nola hauspotu dezakegu gazte eremutik estatu propioaren aldeko bidea? Azkenik, eremu horietan ahalik eta ekarpenik txukunena egin ahal izateko, nola antolatuko gara Ernaiko kideok? Galdera horiei ahalik eta erarik eraginkorrenean erantzuten ahalegindu gara herriz herri egin ditugun batzarretan. Erronka argia da: gaurdanik gure nahi eta beharrei erantzungo dien estatu eta herri eredua eraikitzea.

Zein dira gaur egungo gazteen nahiak, ametsak eta erronkak?
Era duinean eta eskubide ororen jabe lan, ikasi eta bizitzea. «Ikasi eta enplegu nahiz bizi duin bat» izango genuela hitzeman baziguten ere, iruzur egin digute. Ondorioz, agindutakoaren kontrara, aldi baterako zabor kontratuak, langabezia edota atzerrira alde egin beharra da ordainetan eskaintzen diguten bakarra. Horrez gain, etxebizitza edota hezkuntza bezalako eskubideak negozio bide bilakatu dituzte, denoi dagozkigun eskubideak geroz eta gutxiagoren pribilegio bihurtuz. Hori gutxi ez nonbait, gure eskubideak defendatzeko eskubidea ere ukatu nahi digute. Hori da gazteoi eskaintzen zaigun «paradisua». Bizi baino iraun beharra. Horren aurrean, guk iraun baino bizi egin nahi dugu, ez besterik.

Gaur egungo gazteek politikaz eta gai sozialez interesik ez dutela esaten dute askok.
Askotan aipatzen da gazteok ez diogula gai politiko eta sozialei jaramonik egiten. Gure ustez, ordea, politikarekiko kezka eta bereziki, haserrea, inoiz baino presenteago dago gazteongan. Horren adierazle, martxoko ikasle greban 17.000 ikaslek hartu zuten parte. Ez zaigu arrazoirik falta. Izan ere, gazteoi prekarietatea, zabor kontratuak, enplegurik ezean ikasketak luzatzen aritu beharra, debalde egin beharreko lan praktikak, LOMCE, Heziberri edota EU2015 (“3+2) bezalako hezkuntza erreformak, etxebizitza eskubidea utopia bilakatu izana, ikasketak eta lana uztartu beharra edota kaleratzeak baino ez zaizkigu eskaintzen. Azken batean, sekulako sakrifizioak egin beharra gutxiengo pribilegiatu bat inoiz baino gehiago aberasten ari den bitartean. Iruzur honen aurrean, logikoa da sumindu eta haserretzea.

Zeintzuk dira, zuen ustez, gazteen egoera horren arrazoiak?
Batzuek diotenaren kontra, gazteon eta herritarron egoera kaskartu izana ez da fenomeno meteorologiko baten ordaina, ez eta arazo tekniko bat ere. Hau krisi deitutako iruzurraren aitzakian elite baten mesedetan (eta ondorioz, herritarron kaltetan) ezarritako politika jakin batzuen ondorioa da. Elite horrek agindu eta estatu espainolak bertako zenbait agintariren konplizitatez inposatutako politika horiek ugari izan dira: lan erreformak, murrizketak, AHTa bezalako proiektu faraonikoetan sekulako milioi jasak xahutu izana, hezkuntza eta osasungintzaren pribatizazio progresiboa… Horren ondorioa argia da: gutxiengo bat geroz eta aberatsagoa, herritarrok geroz eta pobreagoak. Gaztea, emakumea edota atzerritarra izanez gero, zer esanik ez. Bide horretan sakontzeko asmoa dute gainera, estatu espainola 8.000 milioiko murrizketak eta lan nahiz pentsio erreforma berriak egitekoa baita. Agerikoa denez, partidari buelta eman ezean ez da «brote berderik» izango.

Euskal oasiaz hitz egiten da.
Oasia, ordea, norentzat? Agintean daudenen laguntxoentzat. Repsoleko administrazio kontseiluko kide gisa iaz 3 milioi euro irabazi zituen Josu Jon Imazentzat, adibidez. Edo zergarik ordaintzen ez duten iruzurgileentzat. Edo krisi deitutako iruzurraz geroztik %8a aberastu den elite ekonomiko eta enpresarialarentzat.

Urdangarin-Mikel-5«Politikarekiko kezka eta bereziki, haserrea, inoiz baino presenteago dago gazteongan»

«Estatu propio nahiz duina eraikitzeko estatu bezala pentsatu eta jardun behar dugu»

«Euskal Herriko gazteon langabezia tasa Europako bataz bestekoaren bikoitza da»

«Azken hamarkadatan Joxe Azurmendik egindako eta egiten ari den lana azpimarratuko nuke»

Fase politiko honetan zein da Ernairen funtzioa eta helburua?
Agerikoa da estatu antidemokratiko, ustel eta desastre hauekiko dependienteak izatearen kostea zein den: formakuntza europarra, estatu espainol mailako bizi baldintza prekarioak. Datu pare bat gehitzearren, hego Euskal Herriko gazteon langabezia tasa (%41a) Europako bataz bestekoaren bikoitza da. Urtero 6.000tik gora dira atzerrira alde egiten duten gazteak. Nahikoa da! Ezin dugu segundo bat gehiagoz gure oraina eta etorkizuna Rajoy eta gainontzeko arduragabeen esku utzi.

Eta horren aurrean zer?
Horren aurrean, egin beharrekoa argia da: estatu hauekiko dependienteak izateari utzi eta herritarron nahiz gazteon zerbitzura arituko den estatu propio bat eraiki. Hori da gure interesak babestu eta era duinean lan, ikasi eta bizitzeko zentzuzko aukera bakarra. Ez du dena bere kabuz konponduko, baina herri libre, justu, demokratiko eta parekide baten bidean urratsak egiteko ezinbesteko tresna izango da. Ez da perfektua izango, baina egungo estatuak baino justuagoa, demokratikoagoa eta parekideagoa izango da. Ez da zaila.

Nola egiten da hori?
Estatu propio nahiz duina eraikitzeko estatu bezala pentsatu eta jardun behar dugu gaurdanik. Zentzu horretan, euskal herritarron nahi, behar eta interesak erdigunean jarriz gaurdanik era burujabean jarduteko garaia da, Madrilgo Mordaza, LOMCE, lan erreforma eta bestelako inposaketei aurre eginez, herritarron zerbitzura hemen erabakiz eta erabakiak errespetaraziz. Bide hori egin ahal izateko, alderdietatik haragoko tsunami herritar bat josi eta aktibatzea da gakoa. Behetik gora, anbizioz, geroz eta herritar gehiago konbentzituz. Goierritik bertatik has gaitezke. Iaz, esaterako, 15.109 goierritarrok esan genion baietz euskal estatu burujabeari. 15.109 goierritarrok eta bidean bertan konbentzituko ditugunak bide horri ekingo bagenio? Hori da erronka. Kataluniarrak eta eskoziarrak frogatzen ari diren bezala, aukera erreala da. Baldintzak aprobetxatzen baditugu, urte gutxiren buruan lortuko dugu.
Hala egingo badugu, gazteok protagonista eta motorra izan beharko gara ezinbestean. Aurreko zikloa ixten ari den honetan, gazteoi dagokigu herri honen orainaldiko nahiz etorkizuneko historia marraztu eta eraikitzea.

Aste Santuan Gazte Akelarrea egingo duzue Zornotzatik Igorrera. Martxa eta topagunea uztartuko dituzue. Zer izango da?
Eztabaidatu, ikasi, sugarren bueltan dantzatu, gazte ezberdinak ezagutu, parranda egin eta gazteon aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko aukera paregabea izango da. Bonoak salgai daude Goierriko ohiko lekuetan eta eskualdetik autobusa ere antolatuko da. Aste Santurako plan bikaina da.

Filosofia ikasketak egindakoa zara. Zein filosofo dituzu erreferentzia?
Autore bat baino gehiago aipatuko nituzke. Urrutira joan gabe, azken urteotan eztabaida oso emankorrak ari dira garatzen Euskal Herrian eta hainbat euskal pentsalari oso ekarpen interesgarriak egiten ari dira: Mario Zubiaga, Jule Goikoetxea, Unai Apaolaza, Andoni Olariaga… Goierrin bertan ere ugari ditugu, zorionez. Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre, adibidez. Zentzu horretan, azken hamarkadatan Joxe Azurmendi zegamarrak egindako eta egiten ari den lan oparoa azpimarratu nahiko nuke. Euskaratik eta euskaraz, gure oinarrizko hainbat korapilo ikuspegi aske eta askatzaile batetik landu ditu. Erantzun borobilak emanez baino galdera egokiak planteatuz eta pentsaraziz. Bada garaia herri gisa dagokion aitortza egin diezaiogun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>