Balkoietako erreginak

Udaberriko_loreakUdaberria heltzearekin balkoietako erreginak bihurtzen dira geranioak. Sukaldaritzarako landareak eta usaindunak ere lekua egiten ari dira.

Neguan zuhaitzak bezala, udaberria loreak landatzeko sasoia izaten da. Itsasoko Alegi auzoko Altzibar Lorazaintzako arduradun Pilar Maritxalarren esanetan, «garairik onena» Aste Santuaren ingurukoa izaten da, apirila eta maiatza bitartean. Goierriko etxeetan geranioak dira oraindik orain «balkoietako erreginak».

Maritxalarrek dioenez, «bertako girora ondo egokitzen dira, beroa ondo jasaten dute eta neguan izotz handiegirik egiten ez badu ez dira hiltzen. Apiriletik azarora ematen dute lorea, kolorea ematen diete balkoiei eta tamaina polita hartzen dute». Oso praktikoa delako askoren gustukoa izaten da geranioa. Geranio arrunta, geranio huntza eta gitanilla geranioa dira jartzen diren ohiko loreak.

Etxeko balkoietan landatzen diren loreen artean ohikoak dira baita surfiniak ere. Maritxalarreren arabera, «petunia hibrido bat da eta badira urte batzuk gogor sartu zela». Geranioekin alderatuta, surfiniek ur gehiago behar izaten dute. Gainerakoan, «begoniak, alegriak, petuniak eta tageteak ere udaberri garaiko loreak dira».

Sukalderako landareak

Azken urteetan indarrez sartu dira Maritxalarren iritziz sukaldaritzarako landareak eta usaindunak. Batez ere gazte jendearen artean joera handia dago balkoietan tomateak, perrexila edo oregano landareak jartzeko. «Modan daude baita ere izpilikua, erromeroa eta horrelakoak».

Baserrietan edo landatzeko eremu zabalagoa duten lekuetan zuhaixkak landatzea da ohikoena. «Zuhaixken loraldia motzagoa da, baina urtero ematen dute, eta behin landatuta denbora luzean irauten dute».

Maritxalarren iritziz, loreak mantentzea ez da horren zaila. Egokiena, «erosterako orduan dendan bertan behar dituen zaintzez galdetzea da». Loreak landatzeko lur egokiena substratua da, eta komeni da baita ere tarteka ongarria botatzea. Ongarrien artean mota askotakoak daude; «organikoak, ximaurra edo humus-a eta mineralak, pikortsuak edo likidoak».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>