«Batek oso harro egon behar du egiten ari denaz»

Jose_Mari_Zeberio_Begirist-2

Nekazaritzak Euskal Herrian bizi izan zuen bilakaeraz, gaurko egunean bizi duen egoeraz eta etorkizunari begira dituen erronkei buruz aho bizarrik gabe hitz egiten du Jose Mari Zeberio Begiristain Munduko Landaguneko lehendakariak (Ataun, 1949). Baserritarren formazioan eta baserritarren elkartegintzan aritu da lanean ia bizitza osoan, eta alderdi askotatik ezagutu izan ditu sektorearen argiak eta ilunak.

Munduko Landagunea –World Rural Forum–1999an sortu zenuten Derion (Bizkaia) egindako batzar batean. Zu zara foro horren lehendakaria. Nolatan?
Gauza hauek ez dira ez erabat zuri eta ez erabat beltz. Kezka zen globalizazioa, eta globalizazioak eduki zezakeen eragina. Horren aurrean, egin genuen batzar bat Gasteizen orain hemeretzi urte, 1998an, eta hor atera zen globalizazioak eragin handia izango zuela eta adi egon beharra zegoela. Orduan, kanpoko ordezkari batzuek –Hego Amerika, Afrika, India…–, esan zuten horrek ezin zuela horrela gelditu, eta zerbait egin behar genuela. Foroa izena jarri genion tokian tokiko jendearekin lan egingo genuelako, rurala gure lan esparrua landa eremua izango zelako, eta gero mundiala munduari irekia izango zelako.

Non kokatzen da Euskal Herria mundu globalizatu honetan? Gurerako baliagarria izan daitekeen eredurik ba al dago?
Txikiak handia benzi dezake asmoz eta jakitez, hori da Eusko Ikaskuntzaren leloa. Gu konturatu gara txikiak ideiak argi baldin badauzka, borondatea baldin badauka eta kemena baldin badauka asko egin dezakeela. Gu NBEra –Nazio Batuen Erakundea– joan ginenean New Yorkera, galdetzen ziguten ea zer lobby geneukan. Guk esan genien lobby-rik ezetz, guk proiektu bat geneukala, munduarentzako positiboa dela, eta zintzoki azaldu genien.

Familia Nekazaritzaren arloa ari zarete lantzen batez ere.
Tokian tokiko familia nekazariak hartu genuen lan esparrutzat, hori delako sustatu behar dena, hori da garatu behar dena. Hori egiten egon gara, eta bisibilizatzeko, nazioarte mailan jarri genuen martxan kanpaina bat Familia Nekazaritzaren urte bat egon zedin, eta lortu genuen 2011n NBEk hori onartzea 2014rako. Orain hamarkada baten atzetik gabiltza, gauza hauek eginaren eginez aldatzen baitira, eta uste dut aurten lortuko dugula Familia Nekazaritzaren hamarkada bat onartzea NBEk.

Baserritarren eguna da astelehenean. Zer du ospakizunetik? Zer du aldarrikapenetik?
Nik uste dut bi gauzak. Sektore bat aintzakotzat hartzea da hori, eta aitormen bat egitea. Baserritarrek San Isidro eguna harrotasunez bizi dute. Nik uste dut urtean zehar egiten duten ospakizunik gogokoena dela. Baserritarrak egunen batean bazkari bat egiten baldin badu, edo jai egiten badu, hori San Isidro eguna da. Egun horrek adierazten du baserritarren existentzia, baserritarren nortasuna.

Ospatzeko ohiturarik bai?
Nik etxean hori beti izan dut. Gure etxean arreba bat gelditu zen baserrian, eta beti egin izan dugu zerbait San Isidroren inguruan, gogoetaren bat nekazaritzari buruz, oroimenari buruz…

Orain urtebete ‘Nekazaritzak ba al du etorkizunik?’ hitzaldia egin zenuen Ataunen. Zer erantzun du galdera horrek?
Ez du erantzun bakarra, eta ez da betierekoa ere. Hau da, gaur balio duen erantzunak bihar igual ez du balio. Eta ez dauka erantzun bakarra, baserritar askok ez baitute etorkizunik eduki; lurrik ez zutelako, ondorengoek jarraitu ez dutelako aldaketa etorri zenean… Eta aldaketa noiz etorri zen? Biziraupenetik, subsistentziatik ateratzen hasi zenean, eta beste aukera batzuk eskaini zituenean gizarteak –hemen bereziki industria–; orduan jende askok sortu zitzaizkion aukerekin eta berak zeuzkan eragozpen guztiekin utzi zuen orain 50 urte.

Jarraitu zuenik ere izan zen orduan.
Beste batzuk egin zuten aukera halabeharrez, edo ohiturari jarraituz, nekazaritzan jarraitzeko. Esan daiteke 40 edo 50 urtean bizimodua atera dutela, sufrituta. Baserritarrik ez da aberastu, baina bizi egin dira eta familia aurrera atera dute, eta hori Euskal Herrian asko gertatu da. Baina horiei ere berain zikloa bukatu egin zaie, eta askok eta askok ikusi dute gero eta bizi baldintza kaskarragoak zituztela, gero diru iturri kaskarragoak zituztela, asko sakrifikatu direla eta beraien seme-alabei ez diote opa izan bizimodu hori. Eta hor etorri da erosio bat; baserritarra joan da zahartzen eta ordezkorik gabe gelditzen.

Eta hala ere, eusten dionik bada oraindik.
Badago hirugarren talde bat, txikiagoa, egokitu egin dena eta etorkizunerako apustua eginda daukana. Oraindik baserrian jarraitzen dutenak dira horiek, edota artzaintza ikasteko apustua egin dutenak, edo baratzegintzan ari direnak. Guk baserria daukagu oso lotua esne behiari, baserritar tipikoari, baina baserrian beste atal asko daude: baratzegintzan ari direnak, sagardogintzan ari direnak edo txakolingintzan ari direnak edo beste atalen batean ari direnak. Ideia hau oso inportantea da: batek oso harro egon behar du egiten ari diren hartaz, bizimodua ateratzeaz aparte.

Eta nola lortzen da harrotasun hori sentitzea?
Oso kuriosoa da artzaintzarena. Gaurko egunean artzain izatea prestigio handiko produktu bat egitea da, gazta; horrek nolabait ere harrotasun puntu bat eman dio artzainari. Horrek gazteak erakarri egiten ditu. Gazte batek ez du joan nahi baztertua kontsideratzen den atal batetara, erabat desprestijiatua dagoen atal batetara. Ez du joan nahi, eta ez du joan behar gainera.

Gazte bat lehen sektorean txertatzea segurtasunik ematen ez duen sektore batean murgiltzea dela irakurria dizut. Bokazioan al dago gakoa?
Ziurtasun eza aipatu nuen bai, eta gazte bat lehen sektorean murgiltzeko bokazioa ere behar da, baina gertatzen dena da lehen esandakoa: nekazaritzan hasten denak ez du beste batzuengan jartzen etorkizuna, edo beste batzuengan jartzen bere ziurtasuna, baizik eta nor bere buruarengan. Nekazariari ziurtasuna norbere ahaleginak, norbere lanak eta norbere ekimenak eman behar dio. Horrek eskatzen du plus bat, eta Euskal Herrian badago plus hori, sektore askotan. Eta gaurko egunean, berritzeko jarrera hori, ezin da izan liderren kontu bat soilik, ezin du izan buruena, kolektibo osoarena baizik.

«[Nekazaritzaren etorkizunaz] Gaur balio duen erantzunak bihar igual ez du balio»
«Berritzeko jarrera izatea ezin da izan liderren kontu bat soilik, kolektibo osoarena baizik»
«Nekazariari ziurtasuna norbere ahaleginak, lanak eta ekimenak eman behar dio»
«Merkatuak pagatzen ez duena konpentsatzeko izaten dira diru-laguntzak»
«Azokek gutxi batzuentzako besterik ez dute balioko etorkizunean»

Eta zer osasun dute kooperatibek?
Kooperatibek daukaten erronkarik nagusiena da bazkideek daukaten sendotasuna. Kooperatiba gehienak sano daude, kapitalizatuta daude, baina erronka berezi batzuei aurre egiteko ez dakit. Askotan, arratoiaren burua izatea nahiago dugu lehoiaren isatsa izatea baino. Nik ikusten diedan arazorik handiena da, kooperatibaren bazkideak ez badira sendoak, baserritarrak ez badira sendoak, kooperatibak ere ahuldu egiten direla. Orduan, baserritarrak kooperatibaren beharra dauka, eta kooperatibak baserritarrena. Eta gizarteak baserritarra behar du, eta alderantziz ere bai. Konbinazio horren orekan dago, nire ustez, etorkizuna.

Euskal Autonomia Erkidegoan biztanleria aktiboaren %1 soilik aritzen da nekazaritzan…
Eta hori ez da aldatuko. Guk egin beharko duguna da aukerak sortzea, nekazaritzaren aldeko apustua egiten dutenek bizimodu bat eta etorkizun itxurazko bat eduki dezaten.

Esan nahi nukeena da merkatua izan badagoela EAEn proportzioei erreparatuta.
Baina zer gertatzen da? Jendea egokitu egin behar da, eta jendearen kontzientzian ere egin behar da eragin. Urtean zehar egiten ditugu izugarrizko bidegabekeriak lau sos aurreratzeagatik, eta bien bitartean, aldatzen dugu telefonoz noiznahi… Denda batean edo saltoki handi batean zentimoari begiratzen diogu, eta gero handik atera, eta ondoko tabernan, erronda batean ez dakit zenbat diru gastatzen dugun. Hori da daukagun kultura, nire ustez oso kultura kaltegarria guretzat eta gure gizartearentzat.

Eta nola lor daiteke nekazaritza eredu horri eustea eta iraunkorra egitea?
Lehenengo, egokitzapen eta berrikuntza hauek denak egin behar dira babestu, eta babesteko egin behar da hori egin nahi duenari formazioa eman, behar diren baliabideak eman… Hori da niretzako lehenengo baldintza. Artzaintzan, esaterako, aurrena Artzain Eskolara joaten dira oinarrizko ezagupide batzuk hartzera. Gero bigarren, nekazaritzak duen ezaugarrietako bat da gizarteari eskaintzen dizkiola merkatuak pagatzen ez dizkion gauza asko: ingurugiroaren zaintza, lurraldearen oreka… Hori ez dijoa esne litroaren edo haragi kiloaren prezioan. Hori gizarteak, erakundeen bitartez, babestu egin behar du.

Diru-laguntzei buruz ari zara.
Diru-laguntzak ez dira bizirauten laguntzeko, baizik eta merkatuak pagatzen ez dituen gauzak konpentsatzeko dira. Baserritarra diru-laguntzen mende ez da bizi, jasotzen duen diru-laguntza gizarteari ematen dionaren zati bat da. Eta hirugarrena da, nekazaria gizartetik ez aislatzeko azpiegiturak eta zerbitzuak sortu behar zaizkio. Nik beti pentsatu izan dut, bai orain eta baita orain 20 urte ere, nekazaritzaren eta landa eremuaren etsairik handiena ratioak direla. Zergatik aplikatu behar diozu herri txiki bati herri handiago baten modelo berdina? Hori asumitu egin behar dugu gizarte guztiak.

Eta nola irudikatzen dituzu Euskal Herriko azokak bi-hiru hamarkada barru?
Busti egingo naiz horretan. Nik uste dut azokek gutxi batzuentzako besterik ez dutela balioko etorkizunean. Azoka horietako saltzaile asko bitartekariak dira, askotan ez dira ekoizleak. Azoka eredu horrek ez du aurrera egingo. Horrek izango du puntualki, eta gutxi batzuentzako, diru bide bat, baina jende gutxik planteatuko du bere etorkizuna azoka jakin batean saltzeko. Urteko produkzioaren %10 edo %20 salduko du azoka horietan. Zertarako balio dezakete? Bada, neurri txiki batean, baserritarren ekarpena gizarteratzeko eta produktu freskoa saltzeko. Hori da niri iritzia. Beste batzuk beste iritzi bat baldin badaukate, eta sendotu nahi badituzte azokak ondo deritzot.

«Ukaezineko zerbait da ataundarra naizela»

Ataungo Aiako Aigualdetxiki –Aiaugaldetxiki– baserrian jaioa, hiru urte zituela joan zen familia bizitzera Andoaingo Sorabilla auzora. «Zeberiotar aitona-amonak joan ziren, eta haiekin denok joan ginen. Ataungo Aian Zeberiotarretatik ia ez zitzaigun ezer gelditu». Ataunekiko lotura amaren aldeko familiatik mantendu du. Beiztin (Begiristain) baserrikoa zuen ama.

Injenieritza teknikoa industriala ikasi zuen Donostian, eta geroago Ekonomia Bilbon, lagun batek baserritarrei laguntzeko zerbait ikastea inoiz pentsatu ote zuen galdetuta. 1991. urtera arte baserritarren formazioan eta elkartegintzan jardun zuen, harik eta Hizkuntza Politikako sailbuordetzan aritzea proposatu zioten arte –lau urtez zuzendari izan zen eta urtebetez sailburuorde–. 1996tik 2002ra Nekazaritza sailean aritu zen, eta azkeneko hamabi urteetan Munduko Landagunean. Gaur egun jubilatuta dago.

Gasteizen bizi da, baina ataundar izatea harrotasunez bizi du: «Ukaezineko zerbait da ataundarra naizela».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>