«Abenturazale amorratua zen, kirolari aparta izan zen txiki-txikitatik»

 

Josu Maroto, Jonen anaia

Josu Maroto, Jonen anaia

«Jon abenturazale amorratua zen; kirolaria txiki-txikitatik. Nik baino lau urte gutxiago eduki arren, haurrak ginela lehengusu guztiak eta ni atzean uzten gintuen kirol guztietan, aparta zen zinez.

»Futbolean, pilotan eta abarretan aritu zen, eta halako batean, haiek guztiak alde batera utzi eta mendian nahiz eskaladan hasi zen buru-belarri.

»Andeetan egin zuen bere lehenengo espedizioa. Huascaran (6.768 m) Peruko gailurra zapaldu zuen Xabier Ormazabalekin batera. Gero Komunismo (7.496 metro) Tayikistango mendira joan ziren, hara Alex Txikonekin batera. Perutik behatzak izoztuta ekarri zituen eta Zaragozako Ospitalean abuztu oso bat pasa genuen bera osatu bitartean.

Maroto

»Ezusteko gehiago ere izan genituen, Tarbes (Frantzia) inguruko mendietara bere bila joan behar izan ginen. Paradoxikoa da hainbeste arrisku hartu ondoren, endekapenezko gaitz baten ondorioz joan izana…

»Gaixo egonda ere, hamaika proiektu zituen buruan. Mont Blanc (Frantzia-Italia, 4.810 metro) igo nahi zuen, alderdi politiko bat sortu eta single party bat egin; hura egin zuen! Sarean badago bideo bat non bere lagunek, jada gaixo zegoela, Riglosera (Hueska) eskalatzera eraman zuteneko irudiak ikus daitezkeen.

»Bidaiari amorratua ere izan zen. Afrikak liluratu egin zuen. Beharbada bera ere beltzarana zelako oso…

»Ez zen ikasle aparta izan, baina heziketa bereziko irakaslea izan zen ogibidez gaixotasunak utzi zion arte».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>