Azken domina, azkenean

Amaiur-batailoia

Amaiur batailoiko gudariak, 1936ko abenduaren 11n, Arabako guda-lerroan.

1936ko gerran hildako eta Gernikan lurperatutako 72 gudari gipuzkoar omenduko ditu aldundiak. Tartean zazpi goierritar daude. Lurperatzaileari esker geratu ziren haien hezurrak eta izen-abizenak Gernikan.

Pakita Alustiza legazpiarraren bost osaba ibili ziren 1936ko gerran, gudari. Haietako bi ezagutzera ez zen iritsi, hil egin zizkiotelako, bera jaiotzerako. Familiako puzlean zati bat falta zuen, hildako bi osaba gudari haiek —Juan eta Damian Agirre Alustiza anaiak— non lurperatu zituzten ere ez zekielako. Orain dela gutxi lortu du jakitea: Gernikako hilerrian hilobiratu zituzten, 1936-1937ko gerran.

«Familian gerrari buruz asko ez da kontatu. Bi osaba gerran hil zirela bakarrik. Bost anaia joan ziren gerrara, eta bi hil ziren. Zaharrena [Juan] eta gazteena [Damian] ziren», kontatu dio Goiberri-ri Pakita Alustizak. «Ideiarik ez geneukan non zeuden lurperatuta. Non hil ziren bai, bat Durangon eta bestea Legution. Orain jakin dugu Gernikan zeudela».

Larunbatean (12:00) omenaldia egingo die Gipuzkoako Foru Aldundiak 1936ko gerran hil eta Gernikako hilerrian lurperatu zituzten 72 gudari gipuzkoarri. «Joango gara zapatuan Gernikara. Orain han daudela behintzat badakigu. Tristea da haien historia, baina orain gogoratzea pozgarria ere bai. Jendeak lan egin du haien historia ateratzeko, eta hori polita da», iritzi dio Alustizak.

Zerrendatu ahal izan diren 71 gudarien artean zazpi goierritar daude: Gabiriako hiru, Legazpiko bi, eta Urretxuko eta Zumarragako bana. Batailoi abertzaleetako gudariak ziren denak, EAJri atxikitako guda-sailetakoak. Izan ere, zerikusi handia daukate borrokatutako batailoiak eta Gernikan lurperatu izanak. Behin Eusko Jaurlaritza eratu ondoren (1936ko urrian), hark hartu zuen Euskal Armadaren agintea. Batailoika antolatu zituen ordura arteko alderdien eta sindikatuen miliziak.

Gernikan lau batailoi

Gipuzkoatik alde egindako gudari ugari zebilen Bizkaian, 1936ko negutik aurrera. Gernikan sortu zituzten Loiola, Itxarkundia eta Amaiur batailoiak, nahiz eta azken horrek gero Mundaka hartu zuen kuartel nagusitzat. 1937an, Saseta batailoia ere Gernikan osatu zen.
Gerran hildako batailoi horietako gudariak Gernikako hilerrian lurperatu zituzten. Denera 82 gorpuzki zerrendatu ahal izan dira, horietatik 72 Gipuzkoako 28 herritakoak. Eta gehienak lau batailoi horietakoak.

Gudari-unitate horiek EAJren babespekoak zirenez, alderdi horren Euzkadi Buru Batzarrak hilobi batzuk erosi zituen Gernikako hilerrian, frentean hilko zirenak hobiratzeko.

Gasteiz hartzeko ahaleginean, Legutio-Otxandioko ofentsiba gogorrean Amaiur, Itxarkundia eta Loiola borrokatu ziren. Amaiur Asturiaresa ere eraman zuten, Candido Saseta gudalburuaren brigadaren zati. Azkenik, 1937ko martxotik aurrera, frankisten Bizkaiko erasoaldiei aurre egiten aritu ziren.

Maquetación 1Apiril bukaeran erori zen Gernika frankisten esku, 26an italiarrek eta alemaniarrek bonbaz suntsitu eta berehala.

Gernikako hilerriko erregistro liburuko datuak argigarriak dira. Gerra piztu aurretik hilean gehienez 5 herritar lurperatzen baldin bazituzten, 1936ko abenduan 44 gorpu sartu zituzten; haietatik 36 gudariak. Azarotik 1937ko apirilaren 23ra arte 73 gudari hobiratu zituzten han.

«Gudari hauek 80 urtean egon dira aitortzarik jaso gabe. Kasu askotan, beraien familiek ere ez zekiten bertan zeudela. Larunbateko ekitaldian erakunde-aitortza egingo zaie, eta plaka bat jarriko da euren izenekin, haien historia ahatz ez dadin», aurreratu du Gipuzkoako aldundiak.

Hezurrak batetik bestera

Inork gutxik zekien, 1995 ingurura arte, Gernikako hobi komun batean zeuden hezurrak gudarienak zirenik. Gernikazarra elkartea hasi zen haien historia azaleratzen.

1958an, Espainiako Gobernu frankistak gorpuak atera eta Erorien Haranera eramateko agindu zuenean, Gernikako lurperatzaileak atera bai, baina ez zituen entregatu. Hilerriko beste lur batean lurperatu zituen, panteoi baten atzean. Eta guztien izen-abizenak jasotzeaz arduratu zen. Hari esker gorde da gudarien oroitza eta patua.

1987an, panteoi batean sartu zituen hezur guztiak udalak, bonbardaketan hildakoekin batera. 1995ean, azkenik, oraingo mausoleoa eraiki zien.

Gernikan lurperatutako goierritarrak

  • Alustiza Agirre, Damian. Legazpiarra. Otxandion hil zuten, 1936-12-1ean. 19 urte zituen. Bost anaia ibili ziren gerran, eta bi hil zituzten (Damian eta Juan). Abertzalea zen, dantzaria eta pilotaria. Gerra aurretik ‘El Dia’ egunkaria saltzen zuen, kalean.
  • Alustiza Agirre, Juan. Legazpiarra. Durangon hil zuten, 1937-3-31ko bonbardaketan. 28 urte. Damian anaia lau hilabete lehenago hil zioten. Txoferra lanbidez, lan horretan aritu zen gerran, Loturak eta Transmisioak sailean.
  • Anduaga Unamuno, Miguel. Legazpikoa. Oñatin jaioa, 18 urterekin Brinkolako Errementari baserrira joan zen, lanera. Miliziano ibili zen, hasieratik (Aztiria, Ormakio, Korostiagan). UHPren batailoian sartu zen. Gernikaren bonbardaketan, zauritu bat esku-ohean zeramala, bonba batek hil zuen (1937-4-26). 20 urte zituen. Ez da ageri hilerriko zerrendan.
  • Fernandez de Lekuona Cortes, Jose Maria. Zumarragarra. Loiola batailoiko gudaria, 1936-9-24an kapitain izendatu zuten, herriko eskuindarrak ekartzeagatik. Candido Sasetaren laguntzaile izan zen. Legutio-Otxandioko frontean hil zuten 1936-11-30ean. 29 urte.
  • Intxausti Arozena, Joxe Mari. Gabiriarra, Igeribarrazpikoa baserrikoa. Gerra piztu zenean Legazpin bizi zen. Loiola batailoiko gudaria. 25 urte zituen. Otxandion hil zuten, 1936-12-1ean. Damian Alustiza gudari legazpiarraren besoetan hil zen; egun berean hil zuten Damian bera. Intxaustiren iloba Resu Arozena ere gerran zebilen; familiakoek tren-makinista baten bidez jakin zuten bietakoren bat hil zela, baina ez zehazki zein.
  • Irastortza Intxausti, Juan. Gabiriarra, Urkiztegi baserrikoa. Amaiur batailoiko gudaria zen. Otxandion hil zuten, 1937-4-4an, eta Gernikako hilerrian lurperatu bi egun geroago.
  • Uria Iparragirre, Tomas. Gabiriarra, Araneaundi baserrikoa. Amaiur batailoiko gudaria. Asturiasen hil zuten, Nalon ibaia zeharkatzen ari zela, 1937-2-22an. Gernikan lurperatu zuten, bi egun geroago.
  • Zabaleta Lizarralde, Regino. Urretxuarra.Urolako futbolaria, altziarutegiko bulegaria. Loiola batailoiko gudari zen. Legutioko ofentsiban hil zuten, 1936-11-30ean. 23 urte zeuzkan.

Iturriak: ‘Legazpi 1936’, ‘II. Errepublika Urretxun eta Zumarragan’ eta ‘Gerra Zibila eta frankismoa Zumarragan’ liburuak, eta lanketa propioa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>