Baserriak barrutik bizitzeko

Gema Arrugaeta

Gema Arrugaeta

2014an antolatu zuen lehenengoz ENBA sindikatuak Ongi Etorri Baserrira! egitasmoa. Helburu garbi bat zuen, baserrietako errealitatea jendartera zabaltzea. Ordutik urtero errepikatu da ekimen hori, eta aurten Gipuzkoako eta Bizkaiko 29 baserri barrutik ezagutzeko aukera izango da uztailaren 7an eta 8an. Goierrin barrena bi ibilbide antolatu dituzte aurtengo ekinaldian.

Gipuzkoako ENBA sindikatuko koordinatzaile Xabier Iraolak esan duenez, «behar garbi batetik» sortu zen Ongi Etorri Baserrira! egitasmoa egiteko ideia orain hiru urte. Dioenez, baserritar askoren kexua izan da urtetan jendeak orokorrean ez duela egiten duten lana balioan jartzen, ez dituztela euren produktuak benetan baloratzen. Bestalde dio, jendeak orokorrean begi onez ikusten duela baserri mota jakin bat, «ustiapen gutxi duenarena, folklorikoagoa, orokorrean baserritik bizi ez diren horiena».

‘Fermes Ouvertes’

Baina bada beste baserri mota bat ere, «baserritik bizi diren baserritarrena, orokorrean ustiapen maila handiago dutenena». Eta baserri mota horren irudia, hain justu, ez dago horren ondo ikusita Iraolaren iritziz; «usainak dituena, edo animaliak esplotatzen dituztela uste dutenena». Irudi hori «bidegabekoa» dela diote sindikatutik, eta hain zuzen aldarrikapen hori ezagutzera emateko asmoz sortu zen Ongi Etorri Baserrira! egitasmoa.

Valoniako (Belgika) Fermes Ouvertes (Baserri irekiak) izeneko ekimena hartu zuten oinarri modura. «Bertako nekazaritza departamentuak antolatzen du. Egun bakarrean eskualde jakin bateko 80 baserrietan ate irekien jardunaldi bat egiten dute, eta jendeari baserrietara joateko aukera ematen zaio». Hori da hain zuzen Ongi Etorri Baserrira! egitasmoaren muina.

Aurten uztailaren 7an eta 8an izango da Gipuzkoako eta Bizkaiko 29 baserri bisitatzeko aukera. Dagoeneko irekita dago izena emateko epea, eta ekainaren 30ean amaituko da. Ongietorribaserrira.eus web gunean eman daiteke izena, eta hor eskuratu daiteke beharrezko informazio guztia.

Zubiak eraikitzea

Goierrin Joseba Insaustiren Aralarko Esnaurreta borda ezagutzeko aukera egongo da, eta  Ataungo Agerreaundin garai batean belarra kable bitartez nola jaisten zuten ikusi ahal izango da. Zeraingo Olabide baserrira bisita ere antolatu dute, eta ondoren Oiharte sagardotegian sagardoa nola egiten duten ikas daiteke.

Orokorrean familiei zuzendutako ekimena da, baina nahi duen guztiarentzat dago irekita. Helburu nagusia baserriaren  eta hiritarren arteko zubiak eraikitzea izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>