«Momentu txarrei buelta ematean dator Ehunmilak karrerak duen xarma»

Jon_Aizpuru-3

Duela zortzi urte Jon Aizpuru (Beasain, 1988) txunditu zuen Ehunmilak lasterketak. Ordura arte, errepidean korrika ibiltzen bazen ere, 2013an Goierriko Bi Handiak (88 km) traila egitea erabaki zuen; 40. postuan bukatu zuen. 2015ean, berriz,  Ehunmilak ultra trail (168 km) erronkari heldu zion, 30 orduz azpitik bukatzeko helburuarekin; 11. postuan bukatu zuen 26 ordu eta erdiko denbora eginez. 2016an, podiumeko hirugarren postua lortu zuen EHMn. Gaur, 18:00etan, Beasaingo plazan izango da, hirugarren Ehunmilak hasi eta bukatzeko prest.

Zergatik egin zitzaizun erakargarri Ehunmilak?
Lehen urtean atentzioa eman zidan lasterketak. Ikusten nuen bertan parte hartzen zutenak makina batzuk zirela, bai EHM edo G2H egiten zutenak. Goierrin boom bat egon zen eta orduan mendi lasterketetan hasi nintzen. Nahiko ibilbide xelebrea daukat, beti distantzia luzeak egin ditut eta. 2013an hasi nintzen mendi lasterketetan parte hartzen eta nire lehenengo mendi lasterketako helburua G2H izan zen. G2H prestatzeko bi karrera egin nituen.

2015ean, berriz, Ehunmilak aukeratu zenuen.
2014an Beasain utzi eta Australiara joan nintzen, ingelesa ikastera; 9 hilabetez egon nintzen. Aurreztu nuen diruarekin bidaiatzeko aukera izan nuen eta hiru lasterketa egin nituen: Malasian bi, bat asfaltoan eta bestea mendian; Hong Kongen beste bat 70 kilometrokoa. Beasainera itzuli eta 2015ean, nire lehenengo Ehunmilak egin nituen, inongo prestakuntza berezirik gabe. Helburua bukatzea zen; 30 orduz azpitik egiteko gaitasunik ea ba ote nuen ikusi nahi nuen; 11. iritsi nintzen, 26 ordu eta erdian egin nuen.

Jarritako erronka aise bete zenuen, beraz.
2015ekoa bitxia izan zen: helburu bat jarri nuen, 30 ordutan egitea. Baina partzial guztiak 30 orduren azpitik zihoazenez, motibazioa goraka joan zen. Atzetik aurrera joan nintzen. Lehenengo hamarretan sartzea ere lortu nuen momentu batean. Prestakuntza ez oso metodiko batekin oso aurrean joan nintzen.

2016an podiuma lortu zenuen.
2016an serioago hartu nuen, prestatzaile fisiko batekin hasi nintzen. 2015ean ikusi nuen EHMn zerbait gehiago egin nahi banuen, norbaiten laguntza behar nuela. Oso lasterketa gutxi egin nituen, baina nahiko indartsu iritsi omen nintzen lasterketara eta hirugarren iritsi nintzen.

Bilakaera azkarra izan duzu.
Oso epe motzean bilakaera oso arraroa izan dut, azkenean, ez naizelako lasterketa motzetan hasi, luzeetan hasi naiz zuzenean, eta ohorezko postu horiek lortu ditut. Hala ere hirugarren postu hori, anedokta hutsa  besterik ez da niretzako. Beste pertsona bat sartu balitz aurrean, podiumetik eta argazkietatik kanpo geratuko nintzateke. Gauza horiei beraien garrantzia eman behar zaie, baina ez da orain makina bat naizela. Jende asko harrituta gelditzen da nire planifikazioarekin: hiru karreretan bakarrik parte hartu dut aurten; 25 kilometroko bi lasterketa eta 50 kilometroko bat.

Jon_Aizpuru-2«Entrenamendua aldatuta, orain ikusiko dugu egokia izan den ala ez»

«Postuaz ez dut hitz egingo, iazko denbora hobetzea gustatuko litzaidake»

«Jende askok uste du ni makina bat naizela, baina iruditzen zait gainbaloratua daudela, kirola eta emaitza bat lortu dutenak»

«EHM nire etxe aurretik pasatzen den lasterketa bat, mendi lasterketak ezagutzeko aukera eman didana»

 

Aurten hirugarren Ehunmilak duzu.
Aurten bi planteamendu geneuzkan: beste lasterketa bat egitea, edo lasterketa berdina egitea. Lasterketa berdina egitea erabaki genuen, baina entrenamendua guztiz aldatu dugu. Entrenamenduak aldatuta, orain ikusiko dugu entrenamendu egokia izan den ala ez; hori ikusteko dago.

Zein izango duzu helburua?
Postuaz ez dut hitz egingo; lehengo urteko denbora hobetzea gustatuko litzaidake. Posible den? Momentu honetan ez dakit, inkognita bat da. Zalantza asko dauzkat aurtengo lasterketarako. Gogo handia daukat, baina zalantzak ere handiak dira. Uste dut iaz denbora hobeago bat egiteko aukera banuela, baina ez nuen behar bezala jan eta edan. Azkenean horrek eragina edukitzen du.

Lasterketa luzeen bidea aukeratu duzu. Zein baldintza izan behar ditu korrikalariak?
Lehenengo, entrenatzeko denbora behar da. Pertsona bakoitzak entrenamendu pertsonalak eramaten ditu: batzuk tirada luzeak egiten dituzte, beste batzuk egun gehiagotan entrenatzen dute. Baina bai ala bai, denbora behar da. Ezagutza pixka bat ere bai, saltsan egon beharra daukazu: irakurri, bideoak ikusi… jendeak zein akats egiten dituen, zer jan, zer edan… Eta  osagai nagusia da, benetan sinestea hor egon nahi duzula. Adibidez, EHMra joaten baldin banaiz iaz hirugarrena egin nuelako bakarrik, txakalaldi momentu batean erretiratu egingo naiz. Konbentzituta egon behar duzu, lasterketa horretan egon nahi duzula, lasterketa hori oso gogorra dela, oso gaizki pasatu behar duzula momentu batzuetan, baina momentu txar horiei buelta ematean dator Ehunmilak karrerak duen xarma.

Txakalaldi horiei nola ematen zaie buelta? Momentu askotan bakarrik joaten zarete…
Bueno, taldeak egiten dira, batez ere gaua pasatzeko; jendeak bilatzen du gauean taldeka lana egitea. Azkenean ez da berdina frontal bat edo bi frontal, edo bi begi edo lau begi. Baina lasterketa hain luzea denez, Etzegarateraino lasterketa ez da hasten, lehiari buruz ari bagara. Burua, beraz, landuta eduki behar duzu, sufritu egin behar duzula. Nola kudeatzen den? Ditugun parajeez gozatzen, gerturatzen den jende horien animoak baloratzen, jana eta edana gozatzen, eta zure buruari esanez, hor egon nahi duzula.

Zeri diozu beldurrik handiena?
Hasteko, eguraldiari. Eta bestetik, ikustea nire burua ez dagoela lehengo urteko maila berdinean. Horrek beldurra ematen dit.

Iaz hirugarren postua lortuta, presioa sentituko duzu?
Jende askok uste du ni makina bat naizela, baina iruditzen zait gainbaloratua daudela, kirola eta emaitza bat lortu dutenak. Nik behin bakarrik lortu dut podiuma. Presioa jendeak ez dit eragiten; nigan daukat presioa. Nola kudeatu, adibidez, Azpeitian ordubete atzerago baldin banoa. Erabaki bat hartu nuen, entrenatzeko metodologia aldatu dut, nire erabakia izan da. Beldurra diot, ikustea ez nagoela horren ondo. Gustatuko litzaidake, hori horrela baldin bada, gai izatea buelta emateko eta lasterketa bukatzeko.

Ehunmilak irabazteko, ibilbidea ezagutu egin behar dela esaten dute antolatzaileek.
Bai, eta nik berretsi egiten dut hori. Aizkorriren ondoren, Andraitz datorrela, aldapa behera gogorra gero, Zeraineraino iristea zenbat kostatzen den… Lierni berriz igo, Española… hori jakiteak laguntzen du.

Raidlight izena daraman elastikoa jantziko duzu aurten.
Bai, bera da nire babeslea. Facebooken jarri zuten iragarkia, bere kasa ibiltzen diren korrikalariak babestu nahi zituela esanez. Curriculuma bidali nien eta aukeratu egin ninduten. Oso pozik nago. Ekipajea guztia eman didate, ez didate ezer ere eskatzen.

Zer da Ehunmilak zuretzat?
Nire etxe aurretik pasatzen den lasterketa bat, mendi lasterketak ezagutzeko aukera eman didana, kirola egitera bultzatzen nauen lasterketa bat, jendea ezagutzeko aukera eman didana, eta nire gorputzaren muga batzuk ezagutzeko aukera ematen didana; benetan landuz gero, emaitzak lortzen direla ikusteko. Daukan polita da, oso epe motzean emaitzak ikus daitezkeela: sei hilabeteko entrenamendua eta 48ko lana. Saria hor dago.

Askorentzat, astakeria bat da.
Astakeria bat da. Fisikoki hustuta uzten zaitu; artikulazio aldetik ere bai. Baina nire ustez, aberasgarria den zerbait ere bada, ekonomikoki ona delako: turismoa sustatzen da, kirol dendak hor daude, kirol medikuak hor daude, prestatzaileak hor daude, komunikabideak, tabernak…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>