Olaranen aukerak

Jorge_Santamaria__Nagore_EGoierri Eskolako Alain Ansotegik, Jorge Santamariak eta Nagore Etxezarretak Beasaingo Olaran eraikinaren inguruan egindako bideragarritasun plana lantzeko proiektuak Goiekiren saria jaso du. Tablet bana jaso dute opari.

Goierri Eskolako Administrazio eta Finantzatako Goi Mailako Zikloan kultura ekintzailea sustatzeko helburuarekin, ikasleak eta enpresak harremanetan jarri dituzte Goiekik, Lortekek eta Goierri Eskolak.  Behar zehatz baten inguruan bideragarritasun plan bat landu behar izan dute ikasleek. Goiekik antolatzen duen enpresa ekimen berrien lehiaketan Alain Ansotegi etxarriarrak, Jorge Santamaria ordiziarrak eta Nagore Etxezarreta beasaindarrak Beasaingo Olaran eraikinaren inguruan egindako proiektua saritu dute.  «Beasaingo Olaran eraikinari jarduera bat ematea izan da helburua, bideragarria izango zena», zehaztu dute irabazleek. Lanerako esku artean proiektu erreal bat zutenez, «motibagarria» egin zaie ikasketa amaierako proiektua, «ez dakigu nora joango den baina».

Hiru mila metro koadro dituen eraikin historikoa da Olaran enpresarena; hiru solairu eta teilatuan terraza ditu. Inbertsioa handia dela kontuan hartuta, proiektua faseka egitea proposatu dute.

Lehenik eta behin, eraikina bera birgaitzea beharrezkoa ikusten dute, eraikina ez erortzeko gutxieneko lanak egitea: «Eraikina ez dago egoera onean, baina urte batzuetan eraikina erabiltzeko gai izateko moduan jarri beharko litzateke. Gaur egun, erori egiten da. Lurra ere kutsatuta dago. Garbitu eta eraikina erabiltzeko baldintzetan jarri beharko litzateke eraikina bera mantentzeko». Inbertsiorik handiena lehenengo faseak eskatzen duela diote.

Museo txiki bat

Behin eraikina txukundutakoan,  bigarren fasean, lehenengo solairua erabiliko lukete beraien jardueretarako, «sarrera hortik dagoelako eta ondoen dagoen solairua bera delako». Hasteko, Beasaingo eta Goierriko herritarrak sentsibilizatzeko prozesua hasiko lukete Olaranen iragana, oraina eta geroa azaltzeko: «Olaran zer izan den Beasainentzat, zein jarduera izan zen bertan, lantegiaren historia… Omenaldi bezala, museo txiki bat egitea aurreikusten dugu. Eremu txiki bat jarri dugu horretarako, hitzaldi gela batekin», zehaztu dute. Era berean, etorkizunari begira, eraikinarekin zer egitea pentsatu den azalduko lukete gune horretan, herritarren ideiak eta ekarpenak jasotzeko baliatuz.

Ideia sortzaileak

Museoarekin batera, industria eremuan oinarritutako jarduerak proposatu dituzte Olaranerako. Buruan ideia ugari izan badituzte ere, azkenean industria eremuari eman diote lehentasuna «autosufiziente izateko», batez ere gazte ekintzaileei eta formazioari begira azpiegitura sortuz. Merkatua aztertu eta enpresa desberdinekin hizketan aritu dira gazteak. «Marketin aldetik, adibidez, enpresa txikiak eta ertainak ez daude oso garatuta», argitudute.

Ildo horretan, hirugarren fasean,Start up eta Working space kontzeptuak ekarri nahi dituzte Olaranera. Start up-a lanerako sistema bat da: «Erakunde bultzatzaile edo sortzaile bat da, bidean dauden enpresei beraien proiektuak garatu eta burutzen diena». Merkatua berritzen duten ideiak bultzatu eta prozesu zailenak ere bideragarria burutzen saiatzen dira; «erabilpen eta arlo desberdinetan oinarriturik, berrikuntza, teknologia garapena, web diseinua eta garapenean bideratutako enpresak uztartzen ditu orokorrean». Europako hainbat herrialde aurreratuetan bezala, Madrilen eta Bartzelonan ere dagoeneko abian jarritako eredu berritzaileak dira. «Eibarren eta Bilbon badaude antzeko bi eraikin».

Working space, berriz, lanerako gune irekia da, bulego material, ekipamendu informatiko eta abarrez hornitua. «Norberak edukiko luke aukera ordenagailua eta mahai bat alokatzeko, lantoki txiki bat izango balitz bezala». Bertan elkarlanetik eta ideiak partekatzetik, hainbat proiektu ere sor daitezkeela uste dute.

Bizigunea

Bestetik, lanera etortzen direnei begira, edo Goierriko enpresetara etortzen direnentzat, Bizigunea sortzea ere aurreikusten dute; 16 logela, eta sukalde, egongela, dutxa eta komun partekatuak ere egingo lituzkete, alokairu baten truke. Bost  bilera gela sortzeko lekua aurreikusi dute, horiek alokairuan jartzekoak. Lanerako eta sorkuntzarako gune horretan, formazioak ere garrantzia berezia izango luke, herritarrei zein profesionalei begira.

Dena den, Alonsotegik, Santamariak eta Etxezarretak ez dute baztertu Olaran kulturari zabaltzea. «Bigarren solairua kulturarako bideratzea polita izango litzateke. Horretarako, eremu zabal irekia aurreikusi dugu, erabilera desberdinetarako».  Beste amets bat ere badute: terrazan, taberna-liburutegia jartzea.

Inbertsio handia

Inbertsio handia eskatzen duen proiektua da Olarangoa, baina Goierri Eskolako ikasleek egindako proiektua bideragarria dela erakutsi dute, «inbertsioarekin laguntza izanez gero». Ikasleen ustez, «inbertsioak aurrera eramateko modu desberdinak egongo lirateke, Beasaingo Udalak berak bakarrik ezin baitu bere gain hartu. Baina enpresentzako jarduera bat izanda, enpresei ekarpena eskatzea aukera bat da».

Goiekirekin  eta Beasaingo Udalarekin elkarbanatu dituzte ideiak eta asmoak, eta Ansotegi, Santamaria eta Etxezarretak aitortu dutenez, «poztuko» lirateke beraiek egindako proiektuak argia ikusiko balu. «Pena ematen du eraikina horrela ikustea».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>