Sorkuntza dibertsio bihurtuta

Hiru_Txilipurditan

Ume, gazte eta helduentzako aisialdi eskaintza desberdin bat dago Ataunen; Hiru Txilipurditan elkarteak, zirko eta antzerki tailerrak eskaintzen baititu. Ainara Lasa (Lasarte-Oria, 1984) eta Sandra Cliville (Espluges de Llobregat, Kataluni, 1974) dira elkartearen sortzaileak. Ataunen bizi direla urte batzuk badira eta bertan ezagutu zuten elkar. Seme-alaba txikiak dituzte biek eta «haientzat aisialdi eredu osagarri eta hezitzailea eskaintzeko helburuarekin» ekin zioten proiektu honi.

Irailean ekin zioten Hiru Txilipurditan ekimenaren zirko eta antzerki tailerraren bosgarren ikasturteari. Ekimen herrikoitik abiatutako proiektua da. Asteazkenetan eta ostegunetan, herriko antzokian, haurrei eta gazteei aisialdirako eskaintza zabaltzea du helburuetako bat.  Sorkuntza, kultura eta arte eszenikoen arloak «modako» daudela bai, baina herrian ez zuela «arrankatzen» ikusita, hiru txilipurditan eszenaren erdira jauzi egin du.

Lasa eta Cliville gurasoek bultzatuta sortu zen orain dela bost urte Hiru Txilipurditan. Bi espresio edo arte modalitate horiek eskaintzen dituzte une honetan. «Zirkoarekin eta antzerkiarekin hasi dugu ikasturtea, horietan baditugulako espezialistak Ataunera etortzeko prest daudenak», azaldu du Lasak. Horrez gain, «urteotan oso harrera ona izan duten modalitateak dira», gehitu du. Une honetan, adin desberdinetako 60 bat gaztetxok parte hartzen dute. Urtetik urtera, «Ataunen bakarrik ez , Goierri osoan erreferente bihurtu da zirko eta antzerki eskola, eta bere tokia hartzen joan den ekimena» dela nabarmendu dute.

Belaunaldiak elkartuz

Sandra Cliville eta Ainara Lasa

Sandra Cliville eta Ainara Lasa

Adin askotako herritarrentzat zuzenduta daude eskolak; «bai haurrentzat, bai gazteentzat, eta baita helduentzat ere»,  nahiz eta azken horiekin taldea osatzea kostatu. 13 urtetik gorakoen taldean sartu dituzte parte hartu nahi duten helduak.

Hala, beste helburuetako bat hortik ondu nahi dute Hiru Txilipurditaneko kideek: belaunaldien arteko ataundarren arteko topagune izatea. «Garrantzitsua da hori, harremantzeko aukera bat delako».

Herriarekiko harremana

Hiru Txilipurditan elkartea sortzeko ideia jaio zen lehenengo unetik, «Ataungo Udalak bidea asko erraztu» ziela adierazten du Lasak. «Herri antzokia, ikastaroak emateko toki aproposa zela iruditu zitzaigun eta hantxe hasi ginen, udalak baimena eman eta egokitzapen lan batzuk egin ostean», gehitu du Lasak.

Gauzak horrela, Hiru Txilipurditan elkarteak, herriari mesedea nola bueltatu ere badu. «Herrian talde eragile bat gehiago gara eta gure ikastaroen eskaintza iraunkorraz gain, beste hainbat gauza ere eskaintzen dizkiogu herriari eta eskualdeari», argitu du.

Urtean zehar, hainbat ekintzetan parte hartzen dute; Gabonetan sorkuntzarekin zerikusia duten irteera irekiak antolatzen dituzte, herriko festa batzorde desberdinetan parte hartzen dute, herrian antolatutako kultur ekitaldietan parte hartzen dute edota Antzeztaun antzerki zikloaren barruan ere ikuskizuna prestatu ohi dute, besteak beste.

Lasa eta Clivilleren hitzetan, «herritarrek, lehenengo momentutik, konfidantza erakutsi diote Hiru Txilipurditan proiektuari eta eskertzeko modua eta egiten duguna erakusteko modua da, guk geuk herrian ekintzak antolatzea edota beste eragile batzuek sortutako ekimenetan parte hartzea».

Antzeztaun zikloa

Urrian zehar, Ataunen antzerkiarekin gozatzeko aukera eskaintzen du Antzeztaun zikloak. Ataungo Udalak antolatutako ekimena da eta Hiru Txilipurditan elkarteak ere parte hartuko du. Izan ere, urriaren 28an, azken hilabetean prestatutako ikuskizuna estreinatuko baitute, herritarren eta gerturatzen diren guztien aurrean.

Ikuskizun ibiltaria da jendaurrera eramango dutena eta «sorpresa ugari ekarriko ditu»,  Lasak dioenez. «Tribu baten istorioa kontatuko diegu ikusleei eta haiek ere tribuaren parte izango dira» aurreratu du. «Dena den, hori da momentuz kontatu daitekeen gauza bakarra», gehitu du, misterioa gordetzeko asmoarekin.

Hiru Txilipurditan elkarteak, urriko azkeneko larunbatean, 17:30ean estreinatuko du bere lana eta herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>