«Doluan, tokatu zaigun paper berrira egokitu beharra dugu»

Patxi_Izagirre

Patxi Izagirre (Zumarraga, 1970) psikologoa doluan espezializatu zen. Donostiako Antigua auzoan du kontsulta.

Nolatan psikologo?
Bokaziozkoa dela uste dut. Betidanik belarriak ahoa baino gehiago erabili ditut. Lagunen artean ere, entzulea nintzen. Beraien arazoak kontatzen zizkidaten. Zergatik dudan erraztasun hori? Beharbada konfiantza ematen dut. Nire ustez, keinuek eta hizkuntza ez berbalak garrantzi handia dute komunikazioan. Gure keinuek aurrean dugunak bere bihotza irekitzea lor dezakete. Nire keinuak horretarako egokiak dira nonbait.

Zergatik iruditzen zaizkizu hain interesgarriak gizakia eta bere portaera?
Lanbide honek kontakizun original batean sartzeko aukera ematen du. Pelikula batean sartzea bezala da. Kontakizun bat jarraitzen dugu, adi, aldatu gabe. Giza abentura bat da. Pertsona bakoitzak istorio bat du. Sintomei baino garrantzi handiagoa ematen diot kontakizun horri.

Lanbide aberasgarria al da?
Bai. Dakidan guztia nire pazienteengandik ikasi dut, nire lubaki txiki honetatik. Pazienteak ez ditugu goitik begiratzen. Harremana horizontala da eta asko hartzen dugu gure pazienteengandik.

Zuen lanbidea asko aldatu al da azken urteetan?
20 urte daramatzat lanean. Nire ustez, egun jendea gehiago hurbiltzen da laguntza eskatzera. Baina oraindik asko falta da. Oraindik jende askok beranduegi jotzen du gugana. Dena den, jende asko prebentzioa garrantzitsua dela konturatu da. Gero eta gehiago etortzen dira atasko mentalak gainditzera. Laguntza psikologikoa eskatzea oso estigmatizatua dago, baina gainditzen ari gara. Gizartea lehen baino sentsibilizatuagoa dago.

Nola ikusten duzu egungo gizartea?
Lehen baino gaixotasun gehiago diagnostikatzen dira. Horrek ez du esan nahi gehiago daudenik. Beharbada, egun lehen baino estres kasu gehiago ikusten ditugu. Denbora falta nabari dugu eta ez dugu erritmo egokian bizitzea lortzen. Gure agendak oso beteta daude eta krisi txiki bat dugun arte ez gara gelditzen. Abiadurak eragin handia du osasun mentalean. Hiru gauza egiteko denbora dugu eta lau egin nahi ditugu.

Patxi_Izagirre-2«Lanbide honek kontakizun original batean sartzeko aukera ematen du»

«Laguntza psikologikoa eskatzea oso estigmatizatua dago»

«Dolu garaian pertsona argitara ateratzen da eta hori oso interesgarria da»

«Dolua igarotzen ari denaren ingurukoek ez dute erritmoa markatu behar»

Gure egoera emozionalaz gehiago kezkatu beharko al ginateke?
Ezinean gabiltza eta ez diegu behar duen arreta eskaintzen gure emozioei. Hala, olioa, autokoa bezala, zikindu egiten da. Noizean behin olioa eta filtroak aldatu behar dira. Ez gara gure orekaz gogoratzen zerbait gertatzen zaigun arte. Buruko osasuna oso larri daudenek bakarrik zaindu behar dutela uste dugu. Dentistarengana askoz ere errazago joaten gara.

Zergatik espezializatu zinen doluan?
Nire ibilbideak eraman ninduen doluaren arloan lan egitera. Gai potoloa da, baina humanoa, oso sakona. Eroso sentitzen naiz. Izan ere, pertsonaia sortu eta pertsona ezkutatzeko ohitura dugu. Baina dolu garaian pertsona argitara ateratzen da eta hori oso interesgarria iruditzen zait. Dolu garaian ez dago makillajerik. Gainera, arazo larri baten aurrean itxaropena sortzea oso interesgarria iruditzen zait.

Dolu mota asko al daude?
Dolua galerarekin lotuta dago eta galera mota asko daude: maite dugun pertsona gal dezakegu, gure gorputzaren atal bat gal dezakegu, ziklo bital bat gal dezakegu… Horrelako egoera baten aurrean, gertatu dena onartzeko denbora bat behar da. Antzerki obran tokatu zaigun paper berrira egokitu beharra dugu, lehengo egoerara bueltatzen saiatu beharrean. Prozesu zaila da eta norberaren nortasunak doluak nora eramango gaituen jakiteko pistak ematen ditu.

Zein da jarrera egokia? Zer egin behar du galera bat sufritu duen pertsonak?
Batzuk, nahiz eta bista galdu, goizero kafea hartzera joaten dira. Ez dituzte beraien ohiturak aldatzen. Ezin dute lehen egin zezaketen guztia egin, baina ahal duten guztia egiten saiatzen dira. Bestalde, ingurukoek presa gehiegi dutenean, bakardadea sortzen da. Ingurukoek lagundu egin behar dute, ez erritmoa markatu. Eta aurrera egitea lortzen ez baduzu, trabatuta gelditzen bazara, laguntza profesionala eskatu behar da.

Ingurukoek zer egin dezakete?
Doluaren prozesuan oso garrantzitsua da komunitate baten parte izatea. Askotan «deitu iezadazu» esateko ohitura dugu, baina ez dugu bihotzez esaten. Ez da benetako disponibilitatea eskaintzen. Dolua igarotzen ari direnek ingurukoentzat karga bat direla sentitzen dute eta denbora eskaini behar zaie. Lasaitasuna. Gurekin presarik gabe egoteko aukera. Doluaren aldeko taldeak sortzen ari dira. Dolua ezin da estresarekin egin, modu naturalean egin behar den prozesu bat da. Babarrunak bezala, lapikoan egin behar da, ez presio-eltzean.

Nolako harreman dugu heriotzarekin?
Heriotzarekin dugun harremana bizitzarekin duguna bezalakoa da. Bizitzan pertsona kontuan hartzen badugu, heriotzan ere hartuko dugu. Heriotza esnatzaile izan daiteke, baina horretarako ez da tabu bat izan behar. Zenbat eta bizitza kontzienteagoa eraman, orduan eta heriotzarekiko jarrera kontzienteagoa. Heriotzak tabu bat izateari utzi diola uste dut. Duela 20 urte baino gehiago lantzen da pelikuletan, liburuetan, ikastetxeetan, komunikabideetan… Garapen bat ematen ari da.

Zer esan behar zaie etxeko haurrei senitarteko bat hiltzen denean?
Familiako norbait hiltzen denean, haurrekin lan inklusiboa egin behar da. Ez da gaia kanpora atera behar. Haurrek ere erritualetan parte hartzeko eskubidea dute. Familiaren parte sentitu behar dira. Erritualetan parte hartzen uzten ez badiegu, errudun senti daitezke edo nahastu egin daitezke. Etxean, jarraibide didaktikoak jarraitu beharrean, behar naturalei erantzun behar diegu. Pretentsiorik gabe hezi behar ditugu. Gure egia eta gure iritzia irakatsi. Horri hezkuntza-transmisioa esaten zaio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>