Iraia Oiarzabal eta Nagore Belastegi

Iraia Oiarzabal

Laranja koloreko zakua bizkarrean ibiltzen da beti. Batzuetan alai, beste batzuetan goibelago, haurtzaroaren azal leunari ere tristeziak eragiten dizkion zimurrak ezkutatu ezinik. Zazpi urte ditu neskatoak eta zorroan daraman zama handiegia hain adin txikirako. Gehiegi dira baita ere bizkarrean daramatzan kilometroak, espainiar errepideetatik barrena egiten dituenak ama eta aita ikusi ahal izateko. Uda zein negu, kristalaren bestaldean gurasoan begiak ikusteko eta, tarteka, gela batean haien eskuak estutu ahal izateko. Pozik ikusten ditu ama eta aita, jaio zenetik beregan daraman hutsune hori betetzeko aukera bakarra ditu bisitak eta eskutitzak. Ez du ulertzen ordea zergatik zigortzen dituzten, zergatik egon behar duten hain hurrun. Zergatik berak ezin dituen bere ikastolako lagunek egiten dituzten gauza berak egin. Zergatik eman behar duen asteburua errepide arrotzetan parkean edo eskola kiroletan eman ordez. Zergatik den bera «arraroa». Eta horrek mina eragiten dio, azaleratzen ez dakien amorrua. Ez daki bera bezala ehunka direla egoera hori ezagutu duten «motxiladun umeak». Aiton amonek esan berri diote abenduaren 9an bidaia berezi bat egingo dutela Parisera eta Eiffel dorrea ikusi ahal izango duela han, aitatxo eta amatxo bere ondora eramateko eskatu ostean. Pozarren jarri da, itxaropena piztu zaio halako batean, agian Parisen ikusiko duelako beteta bere eskaria. Oiarzabal-BelastegiBeharbada han dagoelako motxiletako zama astuna gainetik kentzen hasteko aukera.

Nagore Belastegi

Motxiladun ume bakarra ezagutu izan dut nik. Zorionez ni ez naiz halako bat izan, baina nire aita motxiladun ume horren aitari bisitak egitera joaten zen noizean behin. 23 urte pasatu zituen joan-etorritan eta gogoratzen naiz etxean normaltasunez eramaten genuen arren, urduritasun puntu bat izaten nuela. Banekien aita lagun bati bisita egitera joaten zela, eta hori polita zen, baina ez zitzaidan batere gustatzen egiten zuen bidaia. Ostira-lean, lana egin ostean, autobusean joaten zen Cadizera hasieran, Galiziara ondoren. Bisita labur baten ostean etxera bueltatzen zen, nekatuta. Bidaia bakoitzean Arrasateko emakume batekin egiten zuten topo, zaharra zen baina izugarrizko kemena zuen. Bere semea ikustera joaten zen Huelvara ahal zuen guztietan eta zorigaitzez hura aske ikusteko aukerarik ez zuen izan. Dispertsioak istorio ugari sortzen ditu, batzuk politagoak, beste batzuk gogorragoak, baina denak samurtasunez eta elkartasunez be-teak. Eta askotan haurrak dira protagonistak. Barre egiten dute, pozik daudelako edo gainontzekoak triste jarri nahi ez dituztelako. Gorputz txiki horietan imaginatu ezin dezakegun indarra gordetzen dute. Argia dute barrenean, argiaren hiria txiki uzteko gai dena. Argi hori ikusten ez duena itsu dago. Desiatzen dut, benetan, argiarekin egotea itsututa, eta Parisko manifestazioaren ostean erabakiak hartu behar dituen horrek gauzak ondo ikustea. Azken bidaia izan dadila.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>