Inaxio Usarralde eta Joxepa Madariaga

Inaxio Usarralde

Zirrara ezin bareturik nagon oraindik BECiharamunean, Joxepa! Zein ederra aurtengo txapelketaren amaiera. Txapela buru ahaltsuan egongo dela jakinda, zenbat gozarazi diguten beste 42 buru ahaltsuek ere! Paregabea izan dun!

Baina, fokuak BEC-i eta gailurrari begira zuzenduta daudenean, oinarriari so egin nahi zionat nik gaur. Oinarri-oinarriko lan hori dun zaindu beharrekoa gero emaitzak etorriko badira. Eta ez dinat inork ahanzterik nahi, gurean Goierriko Bertso Eskola (GoiBE) dugula altxor hori. Aitortza eta miresmena astez aste bertso eskolari eusten ari zaretenoi. Bere gorabehera guztiekin, buru ahaltsua-goak ahulagoekin, azkarrak motelagoekin, lotsagabeak isilagoekin, hor jarraitzen din bizirik GoiBE-k. Jarraitu lanean gogotsu eta, zerbaitetan laguntzarik behar baduzue, badakizue atea non jo. Hori esanda, duela 35 urte lehen hazia erein eta honaino GoiBE-ri ordu luzeak eskaini dizkiotenak zeuzkanat gogoan. Eta horien artean, gaur, zilegi bekit Aitor Sarriegiri aitortza xume hau egitea. Aitor BEC-en ikusiko zinan hainbat jendek eta ez dun gauza makala lortu duena. Baina denek jakin beharrekoa dun GoiBE-n ikasle hasi zela, eta geroago irakasle, eragile, beti laguntzaile izan dugula. Hau da, lokatzetan hankak zikintzea zer den jakinda iritsi dela gailurrera, bide oparoa eginda. Orain txapelketak utzi dituela iragarri duenean, Usarralde-Madariagazilegi iruditu zaidan aitortza hau egitea. Eskerrik asko, Aitor! Jarrai dezagula plaza apalagoetan hirekin eta hitaz gozatzen.

Joxepa Madariaga

Laaasai, Inaxio, laaaaasai…  Egia duk ezin irentsi izan genuela BEC-eko egun guztiko bazka. Egun bakarrerako gehitxo izan huen, agian. Zein baino zein gozoago, xamurrago, aberatsago, beteago, zuzenago aritu hituen bertsotan; elikagaiz bete zizkigutean bertsolariek burmuina eta bihotza; emozioa bor-bor areto handi hartan eta zenbait etxetan. Dena dela, Euskal Herri handi honen zati txiki bat mugitu gaituk bertsolarien atzetik, bertsolarien inguruan. Goierriko Bertso Eskola aipatu duk. Animo!, bai, astez aste lanean ari zareten ikasle eta irakasleoi. Eta zorionak, Aitor!; gozatu ederrak eman dizkiguk.

Aipatu eta zoriondu nahi zaituztet, baita ere, gai-jartzaile eta aurkezleak, bertsolariei lanerako bideak ematen baitizkiezue, bideak eman edota bideak itxi, bide egokitik bideratu edota amildegira eraman… Gustatu zaizkidak saio guztietako gaiak, bai. Batzuk besteak baino gehiago, noski. Zaila duk gaien erabateko oreka lortzea. Beti egongo duk, ofiziotan, bat bestea baino errazagoa; baina, zozketaz egokitzen zaizkiek gaiak, ofizioak eta bertso-lagunak. Berdin epaimahaikoei ere, zorionak; ez duk lan samurra hauena, bertsolariena bezala, bat-batekoa baituk. Bertsoz bertso baloratu, saioa entzun eta nota jarri, bat-batean aritzen dituk! Kanpotik kritikatzea errazagoa duk, epaimahaikoen taldean sartu eta lan egitea baino.

Eta zer esan  entzuleez? BEC-en jende asko elkartu gintuan, egia duk, baina hango atzera-aurrera, gora eta behera, sartu-irten, mugitu eta dantzan ibili beharra!!! Harrigarria, jendearen ezin geldi egona. Zela komunera, zela tabernara edota atarira, kalera, joan-etorrian ibili huen jende asko. Eskerrak bizia eta ona izan zen saio guztia, tentsioz betea eta erne egotekoa. Bestela…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>