Urko Ruiz de Apodaka: «Ezinezkorik ez dagoela da gure taldearen oinarrietako bat»

Urko_Ruiz_de_Apodaka(1)

Duela hiru urtetik martxan dago Ordizian Giza Eskubideak Herrira izeneko proiektua. Batez ere, herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko helburuarekin jarri zuten martxan egitasmo hori. Proiektuaren ardatz nagusia giza eskubideen inguruan herritarrak sentsibiliza-tzea da, eta topaguneak zein komunikazio bideak sortzea. Hori ez ezik, ekimen horrek herrietan dauden aniztasunak azaleratzeko ere balio du.

Horregatik, Ordizia Hiri hezitzailea foroak Ordiziarrock-Ordiziako Trobadore Alaiak taldearen lana aitortu zuen azaroaren 30ean, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Egunean. Taldeak inklusioaren alde egiten dituen ahaleginak, bere kultur proiektuak erabat irisgarriak eta inklusiboak izateko ahalegina, persona guztiek modu aktiboan eta aukera berberekin parte ahal izateko egiten duten lana baloratu nahi izan zuten aitortza horrekin

Urko Ruiz de Apodaka (Ordizia, 1982) Ordiziako Trobadore Alaiak taldeko kidea da, eta aitortza nola jaso zuen kontatu du lerrootan.

Nola jaso zenuten albistea?

Sorpresa handia izan zen, eta poz handia sentitu genuen aldi berean. Horrez gain, Ordiziako Trobadore Alaiak lantaldeari lasaitasun handia eman zigun horrelako aitortza bat jasotzeak; orain arte egindako lan guztia babesten duen aitortza delako.

Askotan, gauza pila bat egiten edota antolatzen dugu, eta benetan, ez dakigu oso ondo jendeak baloratzen duen ala ez. Aitortza horrek garbi utzi digu bide onetik ari garela eta herritarrek kontutan hartzen dituztela gure ekintzak. Ekintzen baloreak aintzat hartu dituztela adierazten baitigu honek eta oso pozgarria da.

Eta zuk pertsonalki, nola jaso zenuen albistea?

Pertsonalki, oso gustura jaso dudan zerbait da. Ordu asko eta asko eskaintzen dizkiot elkarteari, ilusio handiz, borondatez, nik nahi dudalako, inorrek ez bainau behartzen, baina aitortu behar dut denbora asko ematen diodala. Eta aitortza horrek, inbertitutako ilusio eta ordu guztiak balioan jartzen ditu. Oso pozik nago.

Bestelako aitortza edota saririk  jaso al duzue sekula?

Egia esan lehenengo aldia da. Dena den, guretzako sari handiena, proiektu batean sartzen garen bakoitzean, proiektua bera aurrera ateratzea eta jendeak erantzuten duela ikustea da. Baina horrelakoak ere oso ondo hartzen dira.

Hiri hezitzaileen foroan parte hartzen al duzue?

Ezagutzen genuen foroa, bileraren batean ere parte hartu izan dugu, baina egia da ez garela parte aktibo bat. Horregatik, gure lana baloratu izana are handiagoa izan da.

Ordiziako Trobadore Alaiak noiz eta nola sortu zen?

Elkartea 1999. urtean sortu zen. Ordiziako eta Goierriko musikari edota musika taldeak elkartzeko modu bat zen. Horrela, elkarrekin, taldeek zituzten beharrei aurre egiteko modua ere bazen; entsegu lokalak lortzea. Talde bakoitzaren proiektua aurrera atera ahal izateko guztiz beharrezkoak ziren lokalak eta 2013an errealitate bihurtu zen gure eskaera. Askorentzat ezagun den Altamirako kuboan gaude harrezkero.

Lokalak lortu bagenituen ere, herriarekin eta herriarentzat lanean jarraitzen dugu, egiten duguna asko gustatzen zaigulako eta aisialdi aukera osatu nahi dugulako.

Zein da taldearen filosofia?

Berdintasuna, inklusioa, aniztasuna, herri dinamika handitzea, kultura eskaintza handitzea, ekintza berritzaileen aldeko apustua egitea eta talde eragileen arteko elkarlana praktikan jartzen ahalegintzen gara. Hori guztiaz gain, taldearen oinarrietako bat, eta oso garrantzitsua, ezinezkorik ez dagoela da.

Inklusioaren gaiarekin lotuta, Ordiziarrock jaialdian, pauso bat harago joan nahi izan genuen orain dela urte batzuk, 2011n, eta lortu genuen; entzumen arazoak dituzten pertsonentzat bukle magnetikoa lehenengo aldiz ipini genuen gizartearen espektro gehiagotara iritsi nahian, eta ahal dela demostratu dugu.
Buklea Malagako lagun batzuek uzten digute eta haiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu.

«Honek guztiak ilusio handia egiten dit
eta jarraitzeko indarra ematen dit»

«Berdintasuna, inklusioa eta aniztasuna
dira gure filosofiaren parte»

«Zergatik ez dute erakunde publikoek
bukle magnetikoa erabiltzen?»

Gabonetan, Pirritx Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldian ere jarri zenuten buklea.

Bai, hala da. Porrotxekin harremanetan jarri ginen eta bukle magnetikoak eskaintzen duenaz hitz egin genion. Teknika hori ezagutzen ez zuela esan zigun berak, eta oso interesgarria iruditu zitzaionez, emanaldiaren egunean jartzea eskatu zigun eta hala egin genuen.

Aplikatzeko teknika erraza omen da gainera.

Bai, ez da oso konplikatua. Kontzertua eman behar den tokian  beharrezko tresnekin gune bat egokitzea baino ez da. Horregatik, erakunde publikoei, edozein ekimen edota ekitaldi aurrera ateratzeko garaian, horrelako teknikak kontutan hartu ditzatela eskatu nahi diegu, haiek ere, gu bezala, gizartearen esparru zabalagoetara heltzeko.

Tabernak irisgarritasuna hobetzeko aldaketak eta obrak egitera derrigortzen dituzte. Zergatik ez dituzte orduan erakunde publikoek, bukle magnetikoa bezalako teknikak erabiltzen?Uste dut, horrelakoak erabiltzera derrigortuta egon beharko liratekeela.

Elkartera bueltatuz, zenbat jendek osatzen duzue lantaldea eta nola jarduten duzue?

Ordiziako musikari guztiek osatzen dugu taldea. Dena den,  urtean zehar 10-15 bat lagun aritzen gara lanean. Bilerak antolatzen ditugu, eta bertan botatzen ditugu burura etortzen zaizkigun ideia berriak. Urteroko ekintzak ere bilera horietan antolatzen ditugu.

Zu zeu oso pertsona inplikatua zara. Nondik ateratzen duzu energia?

Energia ez dakit nondik ateratzen dudan, egia esan. Dakidana da, honek guztiak ilusio handia sortzen didala eta hori da jarraitzeko indarra ematen didana. Gainera, imaginazio handia dut eta ideiak sortu eta sortu ari zait burua uneoro.

Urtean zehar ekitaldi ugari antolatzen duzue, eta baita beste eragile batzuk antolatutakoetan parte hartu ere. Nabarmendu horietako batzuk.

Ordiziarrock jaialdia da antolatzen dugun ekitaldi potenteena. Aurtengoa 15. edizioa izango da eta gogor egingo dugu lan beste behin ere. Horrez gain, txikiagoak diren beste hainbat kontzertu ere antolatzen ditugu urtean zehar; bai Gaztetxean, bai D’Elikatuz zentroan, auzoetako jaietan eta herrian antolatzen diren beste ekitaldi batzuetan ere.

Gainera, herriko beste talde eragileekin dugun harremana oso ona da, eta haiekin kolaboratzen saiatzen gara ahal dugun guztietan; Emaneurre taldeak antolatutako ekimen edota herriko kirol taldeen hainbat jardunalditan ere izaten gara.

Bestalde datorren urtera begira nobedaderik ere badugu.

Zerbait aurreratzerik bai?

Ordiziarrock ekintzen barruan, gauza oso berritzailea eta anbiziotsua dugu esku artean; After Sun Jai deituko duguna hain zuzen ere. Musika jaialdi bat izango da eta eguzki energiarekin bakarrik funtzionatuko duen jaialdia izatea nahi dugu. Energia indarrez beteko diren bateria batzuk erabiliz, posible izatea espero dugu. Momentuz, probak egiten ari gara eta laster jakingo dugu ea gure ero ideia dirudien hau aurrera ateratzerik izango dugun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>