Apustu eta joko artean

Jokoa-Txakolindegian_kartetan__B

Bilboko txakolindegi batean karta jokoan.

XVI. eta XVII. mendeko merkataritza da Jose Antonio Azpiazu (Legazpi, 1944) historialariaren eta antropologian doktorearen arloa. Urteak egin ditu denboraren tarte eta gai zehatz hori ikertzen. Egindako ikerketetan jokoen eta apustuen gaiaren sokarekin egin du topo, eta 40 urteren bueltan material asko bildu ondoren, Juegos y apuestas en la historia de  Euskal Herria (Txertoa) liburua kaleratu berri du. Abiapuntua, haatik, gertakizun zehatz baten aurkikuntza izan zela esan du: «XVI. mendean Anberes (Belgica) egungo Wall Street zen. Euskaldun bat tarteko, auzi baten arrastoa aurkitu nuen eta auziaren muina apustu bat zen».

Apustua, zehazki, Anberesetik Jerusalemera joatean zetzan; joan-etorria zazpi hilabetean egin behar zuten eta jokoan garairako «izugarria» zen urrezko txanpon piloa ipini zuten. «Irakurleei, beharbada, burura etorriko zaie Julio Verneren Munduari bira 80 egunetan eleberria. Vernek liburu hartan islatu zuen merkatari handiek, dirudunek, apusturako zuten zaletasuna. Asperdura astintzeko-edo apustuan ibiltzen ziren».

«Jose_Antonio_AzpiazuApustulari izaera gure DNAn dagoen zerbait da, izan onerako nola txarrerako»

«Dena ikertua dagoela ematen du, baina euskaldunon historia oraindik egiteko dago»

Jose Antonio Azpiazu, historialaria

Apustuan, baina, ez ziren bakarrik dirudunak aritzen, «apustuak oso maite zituzten herri arruntak eta kleroak ere». Gizonezkoak zein emakumezkoak aritzen zirela dio: «Garmendia Larrañagak aipatzen du, XVIII. mendean, Oiartzunen (Gipuzkoa), antza denez emakumezkoak gogotik jokoan ari zirela eta gizonezkoak, agintari zibilak zein abadeak, neurriak hartzeko elkartu zirela, emakumeak lotu nahian-edo. Izan ere, emakumezko haiek ez zituzten lau txanpon jokatzen, familia ondasunak ere jokoan jartzen zituzten».

Jokoaren presentzia Euskal Herrian «pisutsua» izan dela dio. «Emakumeen historiarekin bezala, historialariek ez dute denbora gehiegi eman jokoen nahiz apustuen ikerketa egiten. Seguruen itxura onekin bat egiten ez duen eremua delako eta  legezkotasunaren ertzean egon den esparrua delako».

Euskalduna apustularia

Areson, Nafarroan, ahari borroka, 1899an. Polikarpo Elosegi

Areson, Nafarroan, ahari borroka, 1899an. Polikarpo Elosegi

Urteetan bildutakoaz gain, agiritegietan arakatu du. «Valladolideko (Gaztela) Simancaseko agiritegian eta Chancillerian gure historia dago, Tolosako zein Oñatiko agiritegietan ere ibili naiz». Literatura eta bestelako entseguak ere zukutu ditu. Pio Barojaren obrari buruz mintzatu da bereziki: «Barojaren lan guztiak ditut eta haietako batean jasota utzi zuen zahar batek honakoa esan zionekoa: badirudi jokoa dela geratzen den erlijio bakarra». Halaber, Caro Baro-jak –Azpiazuren tesi zuzendaria izan zen– kontatutako pasadizo bat gogoan du: «Gizon bat ezagutu zuen jokatzen zuena eta, behin, etxeratzerakoan, fitxa gorriekin jokatu zuelako galdu zuela esan zuen. Caro Barojak zioenez, jokoa arrazoitik urrun dago eta jendea menderatzen du».

Auñamendi entziklopedian euskaldunak apustulari gisa ezagunak direla dioela azpimarratu du Azpiazuk, «gure DNAn dagoen zerbait da, izan onerako edo txarrerako».
Liburuan joko eta apustu ohikoenak zeintzuk ziren zerrendatu du Azpiazuk eta gertakizunekin osatu ditu azalpenak. Bola jokoak beti borrokan amaitzen zirela azaldu du: «Txirloak gaizki jarrita zeudela edo batak bestea belaunean jotzen zuela… Kontua da beti sortzen zela iskanbilaren bat». Idi proben aurreko egunetan jada inguruko jendea apustu egitera joaten zen. Itsaso munduan ere bazegoen zer jokatua, «traineruen inguruko apustuak ez dira atzokoak». Liburuan Donostia eta Ondarroa (Bizkaia) artean egindako apustu baten kontakizuna jaso du, XIX. mendean jazotakoa, «Ondarroako traineruak galdu, eta herria miseria gorrian geratu zen».

Joko lizunetarako gailuei buruzko atala dago Azpiazuren liburuan. «Tuteran gertatutako pasadizo bat jaso dut. Markesa batek errementari guztiei banan-banan eskatu zien gailu berezi bat egiteko, bere zerbitzariak inauterietan entretenituta egotea nahi omen zuen. Halako lanik egingo zuen errementaririk ez zuen aurkitu, izan ere bera markesa zen eta akaso agintariak ez ziren bere atzetik joango, baina ziur aski errementariaren atzetik bai».

Esoterismoa ere ukitu du. Kartak botatzen zituztenak emakumezkoak izan ohi ziren, «zenbaitzuk abilidade bereziak zituzten». Oro har, karta jokoen inguruko material ugari bildu duela azaldu du Azpiazuk: «Diru jokoak, jokatzeko etxe bereziak eta ezkutukoak… Dena ikertuta dagoela ematen du, baina dena ikertzeko dago. Euskaldunon historia oraindik egiteko dago». Hurrengo lana karta jokoen inguruan egingo duela aurreratu du.

Jokoen eta apustuen atzean dirua egon badago, baina badago beste osagai bat, ezinbestekoa dena: ohorea. «Diruak beste pisu du ohoreak. Oraindik ere garrantzi handia dauka. Irabazlea ohorearekin geratuko da eta galtzaileari hautsi egingo zaio, ez du onartuko halere inork iseka egitea. Euskaldunontzat bereziki inportantea da. Gurean tratuak elkarri eskua emanda ixten ziren eta bete ezean, ohorearen kontrako ekintza zen».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>