Ardi esne sektorearen defentsan

Latxa Esnea kooperatibak berriki eman duen prentsaurrekoa.

Latxa Esnea kooperatibak berriki eman duen prentsaurrekoa.

Latxa Esnea Kooperatiba elkartea 2011n sortu zen sektorearen interesak defendatzeko helburuarekin. Gaur egun Euskal Herri osoko 35 bazkidek osatzen dute elkartea; horietatik bost goierritarrak dira.

Latxa Esnea Kooperatiba elkarteak agerraldia egin du berriki gizarteari bere lan ildoarenberri emateko. Mariano Imaz (Ataun, 1958) kooperatibako lehendakariak esan duenez, «elkarlanean oinarritutako kooperatiba sortu dugu, sektorearen interesak defendatzeko baliabide gisa». Prentsaurrekoaren bitartez, «esnea ekoizten denetik gazta egiten den arteko balio katearen lan osoa aitortu» nahi izan dute.

Dorrea eta Larra gaztandegiekin (Nafarroa) eta Buruaga Arditegiarekin (Araba) sinatu dituzten lan kontratuen berri ere eman dute agerraldian. «Hasieratik gure apustua latxa ardiarekin lan egitea izan da», esan du Imazek. Eta ez hori bakarrik, baita «Idiazabal eta Erronkari jatorri izendapenen mantalean» lan egitea ere bai. «Hori da gure jokalekua, eta bertara hurbiltzen direnekin lan egingo dugu», gaineratu du.

Kooperatibaren eredua

Horiexek dira, Latxa Esnea kooperatibak zehaztutako ereduaren oinarriak. Baina ez bakarrak. Artzainen, esne saltzaileen eta gazta egileen lana duintze aldera, «esnea saltzerako orduan saltzailearen eta erosleen artean oinarrizko prezio bat ziurtatzea» ere kooperatibaren marra gorrien barruan sartzen da. Gainera, garrantzitsua da bazkideentzat baita ere, «aurrez ekoizle bakoitzak zenbat esne litro salduko duen zehaztea, baita saldutako esne hori Idiazabal edo Erronkari gazta egiteko erabiliko dela ziurtatzea ere», gaineratu du Imazek.

Ibilbide horren guztiaren nolabaiteko kontrola bermatzeko «jatorri izendapenaren baldintzak zorrotz» betetzen dituzte, baita Europak nahiz Hego Euskal Herriko gobernuek jarritako kontrolak ere. «Horiek dira gure garanteak, eta eskaintzen dugun kalitatearen bermea ematen digutenak».

Amildegia edo irtenbidea

Baina kalitatea eskaintzea ez da gaur egun nahikoa, merkatua «oso zaila» baitago. «Merkatuan lehiakor izateko pre-zioak bota dituzte esne ekoizle askok eta askok», zehaztu du Imazek. Gaztela-Manchako eredua bezala izendatu du, kooperatibakoak ez diren artzain asko «%30 gutxiago» kobratzen ari direla esan du, adibidez. Baina etorkizunak ez luke hortik jo behar Imazen iritziz: «Hortxe legoke gure sektorearen amildegia».

Aterabidea, aldiz, non da-goen garbi dauka. Kalitatean sakontzeaz gain, lanbidea eta produktua bera duindu behar dira, oinarrizko prezioak ezarrita. «Globalizazioa olatu handi bat da. Baina olatu horien gainean surfa egiten jakin behar dugu; eroslea motibatu».

Izan ere, erosleek produktu bakoitzaren atzean dagoen historia ezagutzea ezinbestekoa da. Bertako gazta erosteak tokiko ekonomiei mesede egiteaz gain, landa eremuen, horren aberatsak ez diren zonaldeen eta guztiok gozatzen dugun natura ingurunearen biziraupenari ere mesede egiten baitio.  Latxa Esnea kooperatiban hain zuzen, «produktu guztiek merkatuan balio bat izan dezaten, eta artzainek lanbide duin bat izan dezaten lan egiten dugu».

Kontrako jarrerak

Gaur egun, Hego Euskal Herriko 35 bazkidek osatzen dute Latxa Esnea kooperatiba. Horietatik bost goierritarrak dira. Guztira, «800.000 litro esne» saltzen dizkio urteko kooperatibak industriari, aurrez aipatutako baldintzetan. Guztiaren %19,73 suposatzen du Goierriko esneak.

Datuak datu, prentsaurre-koak sektorean «eztabaida sortu» duela dio Imazek. Askok eta askok, «kontsumitzaileek, agente ezberdinek… azken urteetan egindako lanagatik zoriondu egin gaituzte», esan du. Baina izan da bestelako jarrera adierazi duenik ere kooperatibako lehendakariaren esanetan.  «Ez dugu ulertzen, sektorearen alde daudela esaten duten horietako batzuen jarrera», aazaldu du.

Gutxiengoa badira ere, jarrera horiek «mindu» egin dituztela nabarmendu du ataundarrak: «Gure ereduaren alde ez agertzeaz gain, kasu batzuetan muzin egin, eta beste batzuetan kontra ere agertu dira», amaitu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>