Altxorrak Itsasoko erretaulan

Erretaulako genesiaren irudia. Hileko azken igandeetan bisitatu daiteke artelana, 12:00etan. / Pilare Mujika

Erretaulako genesiaren irudia. Hileko azken igandeetan bisitatu daiteke artelana, 12:00etan. / Pilare Mujika

Itsasoko San Bartolome elizako erretaula zaharberrituta dago jada eta irudietan aurkikuntza bitxiak bezain harrigarriak egiten ari dira. XVI. mendean erretaula bat egungo nobela grafikotzat har liteke, narrazioa oso bat.

Itsasoko San Bartolome elizako erretaula altxor bat da eta altxor bakarrean altxor ugari biltzen dira. Erretaulak, arte hizkuntzan esanda, bi programa uztartzen ditu. Bata eskulturena, non Jesusen biografia –hagiografia– kontatzen den Ama Birjina haurdun geratu, eta Jesus hil zuten arte. Beste programa piktorikoa da, eta Jesusen genealogia jasotzen du. Juan de Lizarazu eskultore eta arkiteko urretxuarraren lana da, eta pinturak Tomas de Oñate gasteiztarrarenak. 1560 urte inguruan datatu dute.

Erretaula bat narrazio bat bada, herritar gehienek irakurtzen eta idazten ez zekiten garaian haiek ulertzen zituzten sinboloak jasotzen zituelako da. Hortik nobela grafikoekin egin daitekeen konparazioa.

Egunetik egunera aurkikuntzak egiten ari dira erretaulak hartzen dituen miniaturetan eta detaileetan. Esate baterako, urrezko xaflen gainean azurita kolorea puntzoiez kenduta marrazkiak eginda daude, eta hori ez zen batere ohikoa gurean, XVI. mendean. Erretaularen arkitektura ere ez da ohikoa, Pilare Muxika itsasoarraren esanetan. «Inguru hauetan oraindik ez zen a la romana deritzon estiloan eraikitzen, baina marrazki hauetan estilo hori erabiltzen da xehetasun argiz eta estilo bikainez». Honek, besteak beste, Juan de Lizarazu egileak Italiako artistekin hartu emana zuela erakusten du. Muxikak Urretxun, 1500. urtean, jaiotako artistaren lanari azpimarra egin dio: «Bere lanak aitortza bat merezi du. Gutxi dakigu gureaz eta gutxi baliatzen dugu». Lizarazuk arkitektura lan asko ikuskatu zituen hasi Euskal Herritik eta Andaluziaraino.

Itsasoko elizako erretaulan margotutako paisaiak agertu dira, eta litekeena da Gipuzkoako lehen paisaia naturalistak izatea. Datu berriena da, halaber, erretaulan artoaren irudia zizelkatuta agertzen dela. «Aurkikuntza baieztatzen bada, artoa lehen aldiz irudikatzen den lekua izango da erretaula hau», adierazi du. Artoa Amerikatik ekarritakoa da eta harrigarria da horren goiz agertzea Itsasoko artelanean.

Erretaulak bestelako sinboloak ere irudikatzen ditu. Herrigintzan buru-belarri ari den herriak jasotako saria da, «gure ondarea bertakoona da, guztiok inplikatu baikara haren zaintzan», dio Muxikak, eliza garbitzen ari diren herritarrak aurrean dituela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>