Bolari kastakoak

Jokin_eta_Joakin_Izagirre

Joakin eta Jokin Izagirre segurar aita-semeek urteak daramatzate bola jokoan. Azken urteetan bolateak bizi izan duen bilakaeraren eredu dira. Segurako taldean elkarrekin aritu dira aurten ere; Gipuzkoako txapela janztea lortu dute.

Segurako Joakin eta Jokin Izagirreren bizitzaren zati garrantzitsua da bola jokoa edo bolatea. Joakin aita –88 urte ditu– bola txapelketako beteranoena izan da aurten; 53 urteko Jokin semeak, berriz, txapelketarik gehienak irabazi ditu aurten. Gipuzkoako bola eta toka federazioko zuzendaritzako kidea ere bada Izagirretar gaztea. Katea ez da eten Izagirretar bolarien kastan.

Jaiotetxean bertan, Aldata Erdi baserriko bolalekuan hasi zen Joakin bolatako lehenengo tiraldiak botatzen. «Orduan ez zegoen ez telebisiorik, ez futbolik orain bezala. Pilota eta bolak ziren gure jolasak. Jai arratsaldeetan kuadrilla juntatzen ginen bolatan».

Baserri askotan «nola halako» bolalekuak izaten zirela dio: «Bolatoki bat egiteko lursail bat behar zen. Oraingo bolatokirik ez zen izango, baina lurrean ohol bat jarri eta bukaeran birla batzuk jarrita nahikoa izaten zen. Aitak ere bazuen afizioa, eta etxean egindako bolak eta birlak izaten genituen». Koxka tabernan «atzean utzitako bola bat» aitak etxera eramatea, luxua izan zela gogoratzen du Joakinek.

Seguran bertan ere, bolatoki bat baino gehiago zegoen; gaur egungo anbulatorioa zegoen tokian eta  elizako portikoan. «Meza zegoen garaian ez ibiltzeko agindua geneukan».

Zaletasun handia zegoen,  eta jendetza elkartzen zen bolatokiaren alde banatan. «Bola bota eta askotan ez zen ikusten nola ailegatzen zen eta zenbat birla erortzen ziren». Apustua ere izaten zen tartean Joakinek gogoratu duenez. «Dirua jokatzen zen; txakur handia edo erreala botatzen zen eta irabazten zuenak jasotzen zuen. Apustuak egiten ziren, hark baietz bost bota, besteak sei baietz….. Gaur egun hori galduta dago». Dena den, Jokinek nabarmendu duenez, «neurri batean» oraindik ere mantentzen da joko kutsu hori: «Bolariok diru bat jartzen dugu eta saritan banatu egiten da».

Semearen jarraipena

Jokin semea ere elizako portikopeko bolatokian ibilitakoa da, oso gaztetan hasi baitzen aitaren zaletasunarekin. «Oso umetatik hasi nintzen, elizapeko bolatokian. Iluntzetan joaten nintzen», gogoratu du.  Aitaren esanetan, Jokin oso gaztetan hasi zen bolatean nabarmentzen; «ia 13 urterekin hasi zen sariak ateratzen. Erakutsi beharrik ez zuen izan, oso erraz ikasi zuen. Berezkoak ere asko egiten du».

Harrezkeroztik euri asko egin du eta tiraldi ugari egin dituzte Joakinek eta Jokinek.  Aurten, aita-semeek, taldekako txapelketa irabazi dute Segurako taldearekin. «Azkeneko urteetan beti egon gara talde ona, lehenengo eta bigarren ibiltzen gara gehienean. Belaunaldi aldaketa ere ematen ari da eta pozik gaude», diote Izagirretarrek. Jokinek ere «urte ona» izan du aurtengoa: taldekakoa irabazteaz gain, Martxeliño Agirrerekin bikotekakoa irabazi du; banaka, berriz, Lehendakari Txapelketa, Gipuzkoako Kopa eta Bolari Onena. Urtarriletik maiatzera bitarteko asteburuetan jokatzen dira lehiaketa horiek eta dagoeneko bukatu dute aurtengo saioa.

Txapelez gain, errekor baten jabe ere bada Jokin: «Tirada ofiziala zortzi bolakoa izaten da eta duela urte batzuk 8 tiralditan 54 birla bota nituen; sei zazpiko eta bi seiko. Zazpiko bat jotakoan gustura gelditzen gara eta egun hartan nik sei bota nituen. Artean, egurrezko bolak zeuden».

Egurretik plastikora

Azken urteetan bolatokian aldaketa handiak izan dira materialari dagokionean. «Bolatokia lehen egurrezkoa zen, bai ohola, bai bola eta bai birlak. Gaur egun, oholak egurrezkoa izatean jarraitzen du, baina bola eta birlak estandarizatu egin dira, plastikozkoak dira. Bola eta birla guztiak berdinak dira. Gaur egun materiala denontzako berdinagoa da».

Bolari dagokionean, beste aldaketa bat ere izan da azken urteetan: bi neurritako bolak aukeran izatea. «Emakumea bola jokora gerturatzen hasi zenean, bi bola jartzen hasi ziren aukeran. Biak neurri berdinekoak dira, baina pisu desberdina daukate, batek sei kilo inguru eta besteak 8 inguru. Nahi duenak, nahi duen bola aukeratzen du. Tiraldia bola batekin hasten bada, berdinarekin jarraitu behar da», nabarmendu dute. Izagirretarrek, bolarik pisutsuenarekin hobeto moldatzen dira oraingoz. Hori bai, bolatoki guztiak oraindik ere desberdinak dira, «bakoitzak bere erara jartzen baitu zorua. Mendia aldatzen da», zehaztu dute.

Bolaren eta birlen estandarizazioarekin, tiraldietan birla gehiago botatzen dira: «Gaur egun sei birlako tiraldia bilatzen da, hortik behera galtzea da. Lehen, bostekoak ziren onak». Dena den, oraindik ere inork ez du Jokin Izagirreren marka hautsi.

Gakoa, ikastea

Bolatearen osasunari buruz galdetuta «zuri-beltza» dela erantzun du Jokinek. «Lehen indar asko zeukan herrietan ahuldu egin da eta beste batzuetan, bolarik ez zegoen tokian edo aspaldi ibili gabekoetan, berpiztu egin da. Gabiria da horren adibidea. Zarautz ere bai. Zerain eta Legazpi asko jaitsi dira, eta lehen jende gehiena ibiltzen zen. Dena den, joera okerragoarekin egon da». Aurrera egiteko gakoetako bat, bola jokoa ezagutzea dela uste du Jokinek: «Lehen bolatan jende askok zekien botatzen. Bolatoki asko zeuden neurrian, jendea mugitzen zen. Gaur egun, pasako zaigu, gutxi batzuk badakigula baina askok ez dakiela, eta zailagoa da bolatokira joatea».

Helburu horrekin lotuta, azkeneko bost urteetan, eskola kirolaren barruan sartu dute bola  jokoa. «Seguran eta Zegaman ematen ditu eskolak Xepeiño Agirrek. Haurrek behintzat badakite bolatokia non dagoen eta bola zer den.  Bolatea dagoela ikusiko dute eta ikasi daitekeela».  Bestalde, ostegunero, Baratze pilotaleku ondoko bolatokian elkartzen dira segurarrak entrenatzeko.

Azken urteetan emakumezkoak ere hurbildu dira bola jokora; federazioko lehendakaria ere emakumezkoa da, Zeraingo Garbiñe Alustiza. «Hernaniko Rosak urteak daramatza eta Zerainen hasi ziren aurreneko emakumeak, eta gero Gabirian. Villabonan ere badabiltza». Jokinek azpimarratu nahi duenez, sei emakumezko txapelketetan aritzen dira: «Gizonezkoen pare ibiltzen dira, eta tiraldi batzuk irabazi ere egin dituzte».

Alabekin hasteko prest

Izagirretarren kastak jarraipena izan dezake oraindik, Jokinen esanetan, alabekin entrenatzen hasi beharrean dago eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>