Bizia! Bizirik!

Andoni SalameroIkasturte berriari ekitera goaz, asmo, helburu, nahimen berriak izanik gogoan, agian, barrena puztuxeago edo hustuxeago, oporrotan izan ditugun bizipenen arabera, baina esanak esan, argi dago utzitako gure jardunbideari heldu beharrean gaudela, oraintxe bertan aurrera jarraitzea dela kontua.

Gure ekitean, harrigarri da ingurua behatuz, ordenaren eta eginbide zuzenen aitzakian, zein kontrolatuak gauden guztiok ikustea. Bitxia da komunikabideek, botereak, sistema guztiek zein bananduk nahi gaituzten, beldurraren sarean galduta, eta haren hari nahastuetan trabatuta, eta horrela doakigu, alegia, irratiak, telebistak, Internetak diona gure elkarrizketetan marraskatzen dugu, haien zabaltzaile zintzo bihurtuz. Nork esango zuen sistemaren aurka gabiltzanetan  orden zapaltzailearen morroi bihurtuko ginenik, balio txikiko txotxongilotxo arin.

Beldurrean haziz, heziz, ezinka jardunez, kontu berdinak han-hemenka entzunez, esanez, zabalduz gabiltza. Badaki sistema honen hariok zuzentzen dituztenak  oso-oso garrantzitsuak garela, garrantzitsuegiak, eta geu otzan biziraunez menpekotasunik makur eta gaitzenean murgildu nahi gaituztela.

Ba, ez, geu ez gara lana aitzaki hartuz, lanaren banderaren izenean  dinamika estresagarri eta negargarrian ito beharreko animaliak, ez, ezta gure eskubideak kontuan ez hartuz, guztia onartuz zapaldu beharreko gizakiak, inondik inora. Gu, garena izanez, biziaren egoera bakoitzean, taxuz une bakoitzari behar bezala erantzunez maite dugun gure talentuaz sortuz sentitzen, bizitzen, maitatzen eta izanarazten dugun gizaseme eta gizalabak gara, eta sortu eta izaten duguna zabalduz, egoera bakoitzean, gure komunitateetan irudikatutako ametsak proiektu zehatzetan itxuratzen ditugun sortzaileak.

Gizakiak bere talentua aurkitu behar du, berau erabiliz bere maisutasuna edonon erakusteko, hain zuzen konfiantza, ziurtasuna eta bere indargunea erabiltzeko modu bakarra delako. Ikas dezagun behingoz, adiskideok, abilezia asko ikasiz ez dela bide egiten, izan ere, abileziak, une baterako erabilgarri izango zaizkigunak, ahaz daitezkeelako, landatzen den lorea bezala, zaindu ezean, zimelduko dena, baina talentua, ez, berezko den ezer delako, naturaltasunez egin ohi duguna, landu ezean, hurrengoan erraz berhar eta berhas genezakena.

Bizidun gara, bizi-emaile eta sortzaile, gure herrietan jende asko barruz hila ikusten dut, asperturik, gogoezik, noraezean. Ez da kontua haiengandik honakook esatea: «Ez dute ezer egiten», «Alferrontziak dira», «Haien egoera aldatzeko ez dira mugitzen». Gizakia oso abila da kritika errazean erortzen, eta gizaki ozpindu eta minduak sortzen ari bagara bakoitzak, herri, eskola, familiak izate horrexetik ozpintzen eta mintzen ari delako bada, badugu hori onartzerik?

Bizirik iraun baino, bizia eragin dezakeen bide berriak proposatzen eta gauzatzen hasi behar dugu. Bide bat ekintzaile dohatsuak sortzen hastea izan daiteke, norbera den herria irauliz, norberarengan sortzeko dagoen gaitasuna aurkituz, talentuaren hazia ernetuz. Gizakiak nahi ditugu, benetazkoak, Egiaren seme-alaba izanik pozik eta baliogarri sentitutako eginbeharretan murgildutakoak. Norberarengan dago giltza eta atea, alegia, talentuan, ondo, erraz, gogobiziz egiten dugun horretan.

Zumarragako Eitza auzoan, irailaren 15ean hasiz, bertako festa batzordeak antolatuta, talentuen inguruko ikastaro bat bideratuko dugu, zortzi saio, hamabostero, lau hilabetetan. Barrua bizirik eta elkarlanean ekiteko gogoan bazaude, ildo berri hau urratzeko aukera duzu. Elkarrengandik ikasteko egokiera bikaina dugu. Zatoz! Hantxe elkar ikusiko dugulakoan, agur bero bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>