Zubigileak maite

Joseba ImazModu original eta oso esanguratsua topatu zuten joan den igandean Urretxu-Zumarragako Kilometroak inauguratzeko. Deigarria iruditu zitzaidan. Halakoetan ohikoa izaten baita, gonbidatutako ordezkari eta mandatariak jendaurrean direla, ikurrinaren txuri-gorri-berde koloreko zinta bat urratzea guraize handi batzuekin. Horixe da ekitaldi bat irekitzeko eta azpiegitura berri bat estreinatzeko protokolo klasikoa eta basikoa. Pasa den igandeko ikastolen festan, baina, ez zen halakorik izan. Lokarria zatitu beharrean, zinta koloretsu baten bi muturrak batuz ekin zioten festari zumarragar eta urretxuarrek. Gisa horretan irudikatu zuten aurtengo edizioaren lema, Zubiak batuz.

Irudi polita iruditu zitzaidan. Elkarren arteko kritikak eta eztabaidak nabarmentzeko joera nagusi den garai hauetan, ezinbestekoak direlako zubiak eta zubigileak. Behar-beharrezkoak gizartea saretzeko eta kohesionatzeko gaitasuna duten pertsonak. Eremu guztietan. Behar dugu halako argamasa bat, kolektibo, pentsaera, izaera, sentsibilitate anitzak batzeko gaitasuna duena. Elkarbizitza sano eta oparoan bizitzeko, behar ditugu topaguneak, zoru komunak, herritar guztiak eroso sentitzeko moduko lan, aisialdi eta kultura espazioak.

Orain dela egun batzuk telebista ikusten ari nintzela, Mikel Aiestaran kazetari beasaindarra ikusi nuen Jerusalemen. Kasu honetan bera zen elkarrizketatua, Israelgo eta Palestinako herriek beretzat aldarrikatzen duten hiri santuari buruzko erreportaje interesgarri batean. Aiestaranek zioen elkarri bizkarra emanda bizi den gizartea zela Jerusalemekoa. Elkar errekonozitzen ez diren taldez osatutako hiria. Elkarri beldurra dioten kolektiboen bizigunea, bizikidetzarako oso-oso plaza estua. Ez noa egoera horren arrazoi eta erantzuleen inguruko analisirik egitea, baina adibide mingarria da, kohesio faltaren ondorioak irudikatu nahi baditugu.

Europan, eta Mendebaldean oro har, zubiak eraikitzeko baino, hauek suntsitzeko joera duten indarrak harropuztuta dabiltza azkenaldian. Mateo Salvini eta Marine Le Pen lider ultraeskuindarrak buru, Kontinente Zaharra salbatzeko errezeta aurkeztu berri dute. Osagarri nagusia: migratzaileen joan-etorria mugatzeko neurri gogorragoak. Eta badakigu horrek zer esan nahi duen aliantza italiar-frantziarrarentzat, Italian dagoeneko aplikatzen ari direlako: kanpotarrekiko mesfidantza eta gorrotoa. Ezberdinarekiko mespretxua.

Gerturago etorrita, Espainiako partean ere dagoeneko Salvini eta Le Penek badute anaia txikirik. Azkenak Madrileko Vistalegre zezen-plazan hartu du alternatiba. Santiago Abascal du izena eta arabarra da. Autonomiak desagerrarazi, abortua debekatu, migratzaileen inbasioa salatu eta alderdi independentistak ilegalizatu. Hori izan da Amurrioko miura-ren proposamen ankerra.

Halako ideiak entzunda, garbi dago batzuek nahiago dutela elkarri bizkarra emanda bizi den gizarte bat. Jendartean badira horrelako proposamenak babesten dituztenak, askotan jabetu ere egin gabe gainera. Horrelako diskurtsoak zabaldu ez daitezen, zubien beharra inoiz baino nabarmenagoa da, beraz.

Gurera etorriz, bada itxaropentsu izateko zantzurik. Baditugulako zubigileak ingurumarian. Gainontzekook inoiz ibaiaren alde biak lotuko dituen pausoak emateko baldintzak eta egoerak sortzeko gaitasuna duten elkarte, erakunde eta pertsonak. Horren adibide nabarmenena, agian, elkarbizitzan azken urteotan ematen ari diren aurrerapausoak. Biolentziak gogor kolpatutako gizarte batean –gorrotoa eguneroko errealitatea izan da gurean ere–, gertatu denari aurrez aurre begiratu eta mina jasan duenari babesa eta errekonozimendua eskaintzea ezinbestekoa da. Diferentziak ezabatu gabe denon artean aurrera egiteko, horretarako ere zubigileak behar dira.

Hari mutur gehiago lotzeko beste adibide eder bat, hala espero dut, Euskaraldia izango da. Elkarlana muin-muinean duen egitasmoa da eta, batetik, euskaldunoi aukera emango digu gure hizkuntza modu positiboan, osoagoan eta jarraikorragoan erabiltzeko saiakera egiteko. Baina, bestetik eta batez ere, euskararen errealitatea beste eremu eta pertsona batzuei gerturatzeko balio dezake. Euskara jakin bai, baina erabiltzeko nahi adina erraztasun ez duten horiek protagonismo berezia izango dute. Bi errealitate horiek, euskal hiztun aktibo eta pasibo horien arteko zubiak eraikitzeak, eguneroko bizitzan jabetu gabe pasatzen zaizkigun ñabardura eta errealitate ezberdinak ezagutzeko parada eskainiko duelakoan nago. Gizartea zubi horren gainean joan-etorrian etengabe ibil dadin lortzea bakarrik falta zaigu, orain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>